Zebra-bideak errespetatzeko kanpaina abian da, Segurtasun Sailetik

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko eka. 16a, 17:45

Zaintza eta kontrol astearekin bat etorriz, Segurtasun Sailak kanpaina bat abiarazi du herritarrei gogorarazteko zirkulazio-arauak errespetatzea funtsezkoa dela, istripu kopurua gutxitzeko. Hala, lelo hauxe daukan kanpaina abiarazi dute: Errespeta itzazu zebra-bideak berriz. Harrapaketak saihesten dituzte. Batez ere adineko pertsonei zuzenduko zaie kanpaina eta nahi dutena da 2015-2020 urteetarako %40 txikitzea harrapatuta hildako eta larri zauritutako oinezkoen kopurua.

Hirigunean harrapaketak saihesteko zaintza eta kontrol astearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak kanpaina bat abiarazi du. Errespeta itzazu zebra-bideak berriz. Harrapaketak saihesten dituzte da leloa, eta herritarrei gogorarazi nahi diete zirkulazio-arauak errespetatzea funtsezkoa dela istripu kopurua gutxitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eta udaltzaingoek elkarrekin egiten dute lan harrapaketak saihesteko eta Bergarako udaltzain buruak gogorarazi du garrantzitsua dela bai oinezkoek eta baita gidariek ere zirkulazio-arauak errespetatzea.

Adineko pertsonei zuzendutako kanpaina

Kanpaina batez ere adineko pertsonei zuzenduko zaie. Helburua da oinezkoek eta ibilgailu, moto edo bizikleten gidariek zebra-bideak errespeta ditzatela, istripuak saiheste aldera, askotan, batez ere adinekoak tartean sartuta egoten direnean, hainbat istripu izaten direlako.

Hainbat datu

2001ean 31 lagun hil ziren Euskadin harrapatuta, 2013an, berriz, hamalau. Aurten, atzora arte, Euskadiko bideetan zortzi lagun hil dira harrapatuta eta horietako bost 64 urtetik gorakoak ziren.

Larri zauritutako pertsonei dagokienez, aurten, 31 lagun zauritu dira larri auto batek harrapatuta eta horietatik 19k dute 64 urtetik gora. 

2015-2020 urteetarako Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorreko Plan Estrategikoak % 40 txikitu nahi du harrapatuta hildako eta larri zauritutako oinezkoen kopurua.

Kontzientziazio saioak

Kontzientziazio saioak egin dituzte hainbat adinekoen zentrotan, esaterako, Bergarako San Joxepe elkartean, eta ia 64 urtetik gorako 500 lagunek hartu dute parte orain arte egindako 15 saioetan. Udazkenean berriz helduko diote programa horri, beste 15 saiorekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak