Foru Aldundiaren esanetan, "argi" geratu da AP-1eko lanengatik ordaindutako 10 milioi "ez dagozkiola egindako lanei"

Leire Kortabarria 2015ko mai. 22a, 13:24

Arabako Foru Aldundiak atzo erantzun zion Gipuzkoakoak egindako eskaera bati, AP-1eko Arabako tarteko lanak eta horien ordainketak aztertzeko. Gipuzkoako ordezkariek gaur adierazi dutenez, "ondorioa argia da: Arabako tartean egindako lan guztiak 2009an ordaindu zituen Arabak". Beraz, Gipuzkoako Aldundiaren ustez, "nabarmena da 10 milioi horiek ez dagozkiola inolako lani". Mugikortasun diputatu Larraitz Ugartek prentsaurrekoa egin du gaur Foru Aldundiaren ikuspuntua jakinarazteko.

Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek esan duenez, Gipuzkoako Aldundiarentzat "oso larria" zen Arabako lurretan ustez egindako lanengatik 10 milioi euro ordaintzea, baina Arabako Aldundiaren erantzuna ikusita, "gertatutakoaren larritasun maila mugaraino iritsi da".

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegi kasua nondik datorren gogorarazi du: "Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzaren hasieran jakinarazi zuen AP-1eko Eskoriatza-Arlaban tartearen likidazioan geratutakoagatik kereila aurkeztuko duela Azpeitiko Epaitegian, 17,1 milioi euro bidegabe xahutu zirelakoan eta dokumentuak faltsutu zirelakoan. 17,1 milioi euro horietatik 10,1 Arabako tartean ustez egindako lanengatik ordaindu zizkien enpresei Bidegik. Ordainketa hori egitea 2011ko ekainaren 17an onartu zuen Bidegiko Administrazio Kontseiluak, Martin Garitano izendatu baino sei egun lehenago, 2009ko maiatzaren 8an Bidegik Arabati (Bidegiren parekoa Araban) esan zion arren bere tarteak zenbat balio zuen eta hark hori ordaindu, eta baita ere 2011ko urtarrilaren 24an Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik sinatu zuten arren 2009an ordaindutakoarekin Arabak bere zatiko lan guztiak ordainduta zituela (Arabak 36,3 milioi ordaindu zituen bere tarteagatik, baina azkenean enpresek 46,4 milioi euro jaso zituzten tarte horregatik, Bidegik 10,1 milioi gehiago ordaindu baitzizkien)".

Arabako Foru Aldundiaren idatzitik bi puntu nabarmendu ditu Larraitz Ugartek. Lehenik eta behin, hauxe dio: “Arabako Foru Aldundiari zegokion Arlabango tuneleko zatian egindako obra zibilaren neurketak eta balorazioak 2009ko apirilean egindako likidazioarekin bat datoz; likidazio hura Eskoriatza Iparra-Arlaban tarteko Obra Zuzendariak egin zuen, bi aldeek (Bidegi-Arabat) berraztertuta eta adostuta, Bidegiko Zuzendari Teknikoak 2009ko apirilaren 29an ziurtatua, eta Bidegiri Arabatek ordaindu ziona”.  Bestetik, baita ere: “2009ko apirilaren 29tik 2011ko ekainaren 17ra ez zen Arlabango tuneleko Arabako tartean inolako lanik egin, beraz, ezezagunak dira benetan Arabako tartean egindako obren neurketetan gerora izandako handitzeak eta aldaketak egiteko arrazoiak, zeinak, antza denez, Bidegik egindako obraren likidazio osoan sartu ziren 2011n, hau da, errepidea martxan jarri eta bi urtera”.

Ugarte:  "Garaiko arduradunek azalpenak eman behar dituzte"

Honakoa esan du Ugartek: “Arabak argi erakutsi du 2009an Arabako tartean egindako lan guztiak ordaindu zirela, eta erantzun horrekin nabarmena da 10 milioi horiek ez dagozkiola inolako lani, hau da, egin gabeko lanengatik ordaindu zirela 10 milioi, ezer egin gabe jaso zituztela enpresek 10 milioi horiek. Hau oso larria da, ikaragarria gure gizartearentzat, eta garaiko arduradunek azalpenak eman behar dituzte. Oso argi daude ardura politikoak, ardura politiko larriak: Markel Olanok, Eneko Goiak, Luis Mari Apraizek eta Felix Urkolak erantzunak eman behar dituzte”.

Hala, gogorarazi du, "Arabako Aldundiaren erantzuna kontuan hartuta, agiriek eta txostenek erakusten dutela Eskoriatza-Arlaban tartean 17,1 milioi euro (milaka milioi pezeta) egin gabeko lanengatik ordaindu zirela; 10,1 Arabako tarteari zegozkiola esan zuten eta beste 7 Gipuzkoa tarteari". “17,1 milioi horiek zergatik ordaindu ziren argitu behar dute garaiko arduradun politikoek, eta argipen horiek ezinbestekoak dira, gizarteak erantzunak behar ditu. Ustelkeriaren aurrean zero tolerantzia nahi dugu guk; gizartea ere hori eskatzen ari da, eta beraz ezin dute ostrukarena egiten jarraitu, gaia ikaragarri larria baita”, adierazi du Ugartek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak