Ostalaritza zerbitzuetan iturriko ura kontsumitzeko kanpaina jarri dute abian

Mirari Altube Arrese 2015ko api. 30a, 15:07

Etxeko ura: kalitatea bai, aztarnarik ez leloarekin ostalaritza zerbitzuetan iturriko uraren erabilera bultzatzeko kanpaina jarri dute abian Debagoieneko mankomunitateak eta Kutxa Ekoguneak. Datozen asteotan 500 pitxar banatuko dituzte 40 jatetxe eta tabernetan bezeroak iturriko ura kontsumitzera ohitu daitezen.

Hainbat lurralde eta hiritan ohikoa da ostalaritza zerbitzuetan iturriko ura eskaintzea. Euskal Herrian, ostera, ez dago ohiturarik eta hori zabaldu guran dabil Kutxa Ekogunea Etxeko ura: kalitatea bai, aztarnarik ez leloarekin. Orain dela bi urte jarri zuten abian kanpaina hori Donostialdean, orain dela hilabete Tolosaldean aurkeztu zuten eta orain Debagoienera iritsi da mankomunitatearen eskutik.

Hiru helburu ditu kanpainak, Debagoieneko mankomunitateko Ingurumen teknikari Kristina Iraolagoitiak jakinarazi duenez: "Batetik, jatetxetan erabiltzen diren plastikozko botilen erabilera murriztu eta ingurumen inpaktua gutxitzea; bestetik uraren kalitatea bistaratzea; eta hirugarrenik, herritarren artean kontsumo arduratsu eta kontzientea sustatzea".

Debagoienean 40 establezimendu

Iaz Oñatin jarri zuten abian kanpaina hori Udalak bultzatuta eta orain Debagoiena osora zabalduko dute. Dagoeneko 40 ostalaritza zerbitzuk eman dute baietza. Hona:

  • Antzuolan: Larrea taberna eta Aitz garbi.
  • Aretxabaletan: Aretz; Atseden Vinoteca; eta Anduaga.
  • Arrasaten: Aldape jatetxea; Buenuena jatetxea; Hotel Mondragon; Elma; Ongi etorri jatetxea; Hilarion; Meneta; Garaia jatetxea; Uarkape frontoia; eta Uxarte.
  • Bergaran: Etxagi; Tartufo; eta Txarrantxa.
  • Elgetan: Bolatoki; Eguzkitza; Iñaki; Maialde jatetxea; eta Haizea.
  • Eskoriatzan: Maulanda erretegia eta Txalaparta.
  • Gatzagan: Gure Ametsa eta Soran Etxea.
  • Oñatin: Aloña-Mendi; Arregi; Bikoitz; Etxeaundi; Goiko Benta ; Aldapa; Garoa; Arantzazu Gaur Fundazioa; MU-Enpresagintzako taberna; Sindika; Zelai-Zabal; Zurrust; eta Pake-Leku taberna.

500 ur pitxar banatuko dituzte establezimendu horien artean eta kanpainaren kartela izango dute guztiek, bezeroek lasai eska dezaten iturriko ura.

Izena emateko eperik ez dago eta kanpainarekin bat egin gura dutenek mankomunitatera dei egin dezakete edo Ekogunearen webgunearen bitartez jar daitezke harremanetan.

Kanpaina Gipuzkoan abian jarri zenetik 6.500 pitxer inguru banatu direla jakinarazi du Kutxa Ekoguneko kontsumo jasangarriaren arduradun Maitane Alvarezek, eta horrek hondakinen "murrizketa handia" ekarri duela gaineratu; 62.000 botila inguru aurreztu dira.

Ontziratu zaitez! proiektua bide onetik

Hondakinak murriztea helburuarekin 2011n Ontziratu zaitez! ekimena ere jarri zuen abian Ekoguneak tupperren erabilera bultzatzeko. Gipuzkoako 40 herritan dago abian ordutik, Debagoienean lautan: Antzuola, Arrasate, Bergara eta Elgeta. 70.000 ontzi edo tupper inguru banatu dituzte guztira eta poliki-poliki herritarren ohiturak aldatzen hasi direla jakinarazi dute Ekoguneko kideek eta datuak eman: Elgetan iaz, hilabetean, 1.000 bat erosketa egin zituzten tupper bidez; Antzuolan 600 inguru; eta Bergaran 9.000 erosketa hiru hilabete pasatxoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak