Berdin elkartea sortuko dute osasun zerbitzuetan euskararen presentzia bultzatzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko api. 30a, 12:49

Helburua da erabiltzaileen artean sareak eraikitzea, informazioa banatzea eta behar duenari babesa eskaintzea.

Euskarazko osasun zerbitzua bultzatzeko elkartu beharra dagoela sinistuta, Berdin izeneko elkartea sortzeko proposamena luzatu dute hainbat eragilek. Durangoko Plateruena kafe antzokian aurkeztu zuten ekimena, eta arlo askotako atxikimenduak lortu dituzte honezkero.

Aramaioko familia mediku Aitor Montesek argi dauka kalitatezko osasun arretaren gakoetako bat hori dela, erabiltzailearen hizkuntzan eskaintzea. Horregatik aurkitzen da Berdin izeneko elkartearen bultzatzaileen artean. Ezinbestekotzat jotzen ditu elkarlana eta elkar ezagutza. "Alde batetik erabiltzaileak zaudete ahuldade egoeran sendagile bati edo osasungintzako langile bati aurre egiteko. Eta beste muturrean osasun langileok gaude eta askotan ez dakigu zein den egoera beste herri batean. Denon artean elkarren arteko eragina bultzatuz eta elkarren arteko harremanak eta sareak sortuz ekimenak eta informazioa parteka dezakegu. Hori izango zen gure lan egiteko era", azaldu du Montesek.

Helburua da Berdin elkartean jatorri, ezaugarri eta ideia ezberdinetako jendea biltzea. Ekaineko lehen egunetan elkartuko dira kokalekua eta estatutuak adosteko. Oraingoz, askotako atxikimenduak lortu dituzte. Aurpegi ezagunak zein arlo ezberdinetako profesionalak… baina gaiari heltzeko beharrezkoa ikusten dute herritarrak elkartzea eta erabiltzaileen artean sareak eraikitzea.

Teknologia berriak

Teknologia berriak tresna eraginkorra izan daitezke helburu horretan. "Oso erraza da gaur egun teknologia berrien bidez informazioa partekatzea, edo baten baten kezka jasotzea... Erreserbatu dugu dagoeneko Internet domeinu bat webgune bat sortzeko. Bertan edozeinek lortuko du eskaera bat burutzeko informazioa. Askotan jendeak ez dakit zer eskatu, nola eskatu, nori eskatu eta noiz eskatu".

Berdin elkartean argi dute erabiltzaileari dagokiola lehentasunezko hizkuntza aukeratzea, eta administrazioari eskubide hori bermatzea dagokio. Eskaera egin nahiko lukeen erabiltzaile batek kexa ipini beharko luke Elebiden. Berdin elkartearen zereginetako bat izango da kexa hori non eta nola ipini jakinaraztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak