Debagoieneko EAJren lau konpromiso, ekonomia eta enplegua sustatzeko

Goiatz Arana Begiristain 2015ko api. 30a, 12:16

Debagoieneko Eusko Alderdi Jeltzaleak udalak eta mankomunitatea eragile aktibo bihurtzea proposatu du, ekonomia eta enplegua sustatzeko azken helburuarekin. Lau konpromiso hartu ditu horretarako: udal ordezkarien eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko elkarlana instituzionalizatzea; Garapen Agentziaren kostu estrukturalak autofinantzatzea; udal aurrekontuen %1,5 gutxienez zeregin horietara bideratzea; eta Debagoieneko udaletan ordezkaritza duten alderdi politiko guztien ordezkaritza bermatzea.

Debagoieneko herrietako alkategai jeltzaleek Oñatiko kultura etxean egin zuten agerraldia atzo, eguaztena. Ekonomia krisiak Debagoienean 2.600 lanpostu suntsitzea ekarri duela azaldu zuten, 3.800 langabe baino gehiago utziz. Horren aurrean, adierazi zuten udalek eta Mankomunitateak eta eragile ekonomiko, sozial eta enpresarialek, guztiek elkarrekin, ekonomia indarberritzeko asko egin dezaketela. Eta ildo horretatik, herri eta eskualdeak dinamizatzeko, udalak topaleku publiko-pribatu bihurtzeko gai izan behar direla gaineratu zuten.

Lehentasuna

Jeltzaleen esanetan, ekonomia eta enplegua sustatzea ez da eskuduntza kontu bat, lehentasunezko gaia baizik, eta lau konpromiso hartu dituzte: 

  • Udal ordezkarien eta eragile ekonomiko eta sozialen arteko elkarlana egituratu eta instituzionalizatzea, Garapen Agentziako erabakitze organoetan parte-hartzeko bidea emanez.
  • Garapen Agentziaren kostu estrukturalen autofinantzazioa, eragile ezberdinen %20ko parte-hartze ekonomikoarekin, gutxienez.
  • Udalek euren aurrekontuen %1,5 gutxienez zeregin horietara bideratzea, Garapen Agentziak nahiz udalek eurek sustatutako egitasmoen bitartez.
  • Debagoieneko udaletan ordezkatuta dauden alderdi politiko guztien ordezkaritza bermatzea.

Ekintzak

Eta guzti hori eraginkortasunez aurrera eramateko, hainbat ekintza zerrendatu zituzten:

  • Mankomunitatean parte-hartze aktiboa.
  • Foro sozioekonomikoak sortzea.
  • Egoera sozioekonomikoari buruzko diagnosiak egitea eta proiektu estrategikoak gauzatzea.
  • Enpresa-ehun lehiakorra sustatu eta zaintzea.
  • Turismoaren gaurkotzea eta sustatzea.
  • Lana aurkitzeko arazoak dituzten kolektiboekin etengabeko lankidetza. Udal bakoitzean lanik gabekoen kolektiboak identifikatu, tipologia aztertu eta, horren arabera, ekintza konkretuak proposatu.
  • Enpresen sorkuntza eta ekintzailetasuna bultzatu (kanpaina berezien bitartez, sari edota ikastaro berezien bitartez, laguntzak emanez...)
  • Enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta berrikuntzarako laguntzak.
  • Merkataritza jarduera dinamizatu, herrietako saltokiekin elkarlanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak