"Apaiz ameslaria" jaio zela 100 urte beteko dira gaur

Gaur, apirilak 22, dira 100 urte On Jose Maria Arizmendiarrieta jaio zela. Mondragoeko esperientzia kooperatiboaren sustatzaile nagusia izan zen. On Jose Maria, hala deitzen zioten bere ikaslagunek. Ezagutu zutenek diote "apaiz ameslaria" zela, langile nekaezina, ilusio-sortzailea eta proiektu elkartu eta komunitate-proiektuen sortzailea. Haietako bat, Arizmendiarrietaren Lagunen Elkarteko kide den Joxe Ramon Elortza, izan da Debagoiena Zuzenean saioan. Hura gertutik ezagutzeko "aukera eta zortea" izan zuen hark, "kristau apaizaren eredua" izan zela dio. 

Humanismoaren balioen sustatzaile izan zen, berritzailea, arriskuak hartzen zituena, iraultzailea, apurtzailea eta bere pentsaera errealitatera egokitzeko gaitua zegoen. Helburu garbia zuen beti, "enpresa eraldatu gizartea eraldatzeko". 

Markinako (Bizkaia) parte den Barinagako San Pedro elizatean, Iturbe baserrian, jaio zen. 1940ko abenduaren 21ean kontsakratu zen. 1941eko urtarrilaren 1ean eman zuen bere lehenengo meza Barinagako San Pedro elizan. Handik Arrasatera etorri zen. Bizitza osoko destino lehen eta bakarra izan zen Arrasateko San Joan Bataiatzailearen parrokiako elizan apaiz lagunkidea izatea. 

Mendeurrena ospatzeko, gaur, apirilaren 22an, Arrasateko Goi Eskola Politeknikoko lorategian dagoen Arizmendiarrietaren eskultura lorez apainduko da eta campus guztietan bere irudiaren kartelak zintzilikatuko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.