Josu Ibargutxi: "Bizirik diren frankismoko elementu gehienak boterean daude"

Ubane Madera 2015ko api. 18a, 09:00
Josu Ibargutxi.

Josu Ibargutxi eibartarra Goldatu elkarteko bozeramailea da. Frankismoaren diktadura garaian izandako euskal presoek eta errepresaliatuek inpunitatearen aurka diharduten borrokan buru-belarri sartuak dira.

Goldatu elkartea ere bada asteburuan Elgetan izango den Erresistenteen Egunaren deitzaile.

Gerrako gertakariei dagokienez, justizia beharra aldarrikatzen duzue. Zela gauzatuko litzateke justizia?

Modu zuzenena izango litzateke erantzukizunak dituztenak barruratzea eta, gutxienez, garantiazko epaile baten aurrean euren burua aurkeztea; ez dute euren burua aurkeztuko, jakina, baina epailearen aurrean agertu egin beharko lukete, behintzat. Hori ez da askotan gertatzen; Argentinan bai; han 300dik gora militar eta gobernu arduradun daude kartzeletan, eta epaiketak ez dira bukatu. Horrek estatu espainolean 1977ko Amnistiaren Legea ezabatzea dakar, bera baita egungo inpunitatearen zutabe. Justizia gauzatzeko beste modu bat da biktimen duintasuna aldarrikatzea. Eta hirugarren modua, kolpe militarraren aurka eta diktaduraren aurkako borrokalari guztien errekonozimendua aitortzea gizarteak, eta hurrengo belaunaldietan garbi-garbi agertzea kolpe eta diktadura haren benetako egia –ehunka milaka erailak, espetxeratuak, atzerriratuak, torturatuak...– zein izan zen, berriz ez errepikatzeko.

Erantzukizuna zeini dagokio?

Estatuari.

Espainolari?

Edo euskaldunari biharko egunean, berdin zait. Administrazioari, orokorrean. Botere publikoari. Eta ez dugu guk bakarrik esaten; Nazio Batuen Elkarteak ere esaten du estatuek dutela erantzukizun subsidiarioa aurreko memoria historiko guztia lantzeko eta plazaratzeko eta eginiko hondamendi eta kalte guztiak erreparatzeko.

Aldiz, momentuz, justizia bila Argentinara jo behar izan duzue, Servini epailearengana; handik fruituren bat etorriko dela uste duzue?

Bistan dagoena da oraingo estatu espainolaren gobernuarekin ez datorrela ezer. PPko gobernuak behin eta berriro esan digu ez dela estradiziorik eta ezta epaiketarik izango hemen. Horrenbestez, borrokan jarraituko dugu datozen gobernu berriek ea hori egiten duten.

Hala, bada, non da botereen arteko independentzia?

Ez dago. Sekula ez da egon; ez hemen, eta ezta Txinan ere. Hori utopia da, momentuz; ezagutzen ditugun sistema demokratiko guztietan funtsean ez dago botereen independentziarik, jakina independentzia judizialik ere ez. Argentinara jo dugu jurisdikzio internazionalaren bitartez, momentuz behintzat, posible delako frankismoaren inpunitatea plazaratzea.  Eta hori guretzat nahiko inportantea da. Internazionalki ere izan du bere oihartzuna. Martin Villa bat eta beste sei-zazpi ministro ohi inputatuak izateak bere eragina izan du, eta mediatikoki jendeari berriz gogorarazi egin dio Frankismoa ez dagoela bukatuta,. elementu gehienak, bizi direnak estatuaren aparatuan edo boterean daudelako. Beraz, Frankismoa bukatu, nola? Eta Frankismoa bukatu ez bada kolpe militarraren erantzukizunak ez dira bukatu, orain dela 80 urteko kolpe militarraren erantzukizunak. 80 urte Historian ez da ezer. Ginebrara ere jo dugu, Nazio Batuen Giza Eskubideen erakundera, eta martxoan Europako Parlamentuan egon ginen. Hari esan diogu ozen eta garbi beraiek ere badutela Frankismoaren erantzukizuna, orain dela 80 urte ez zutelako ezer egin Frankoren aurka. Batzuk, alemaniarrek eta italiarrek, zuzenean, militarki, egin zuten alde; eta besteek (estatu frantsesak, Britainia Handiak...) ere "no intervención" esaldiarekin funtsean Frankismoari lagundu zioten garaile izaten. Beraz, garbi esan behar diegu eurek ere badutela erantzukizuna Frankismoa argitzeko eta egia eta justizia azaltzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak