Kenpoa: defentsarako sortutako borroka artea

Arantzazu Ezkibel Galdos 2015ko mar. 18a, 09:34

Shaolin monjeek euren burua defendatzeko sortu zuten borroka artea da kenpoa. Txinan sortu zuten –kung-fu izenarekin–, baina, denborarekin, Asia guztira hedatu zen eta Japonen kenpo izena hartu zuen. Bigarren Mundu Gerra inguruan, Japonetik Hawaiira hedatu zen borroka artea, eta handik Ameriketara eta Europara.

Kenpo modernoa

Gaur egun hemen ezagutzen dena kenpo modernoa da. Nork bere burua defendatzeko artea izan arren, lehiaketak ere egiten dira.
Kenpoaren inguruan eskola asko sortu dira. Debagoienean, Eskoriatzako Rafa Carriet maisuak sortutako Kenpo Full Defense eskola dago. Orain dela 15 bat urte hasi zen eskola berriarekin, eta egun homologatutako eskola da. “Guk egiten genuen kenpoari, Carrietek berak dituen jakintzak gehitu dizkio”, azaldu du Iker Letona Arrasateko maisuak. Eskoriatzan, Arrasaten eta Oñatin eskola hori jarraitzen dute –baita, Galdakaon ere. Full Defense eskolaren filosofiaren oinarria proportzionaltasuna da: “Egoera baten aurrean proportzionalak izatea garrantzitsua da. Kalean norbaitek bultzatu egiten bazaitu, zure burua babestu behar duzu, baina ez duzu ospitalera bidali behar… erantzuna proportzionala izan behar da”, dio Letonak. Horrez gain, etengabeko bilakaera daukan borroka artea da: “Beste norbaitek zerbait ekarriz gero, gurera ekartzen dugu”, azaldu du Letonak.

Defentsa teknikak

Kenpoan gorputzeko atal guztiak erabiltzen dira defendatzerakoan: ukondoak, ukabilak, hankak... gainera, luxazioak egiten dira eta baita lurrera jaurtiketak ere. Defendatzerakoan, ondoko teknika jarraitzen dute: “Obatu egiten bazaituzte, kontrola egin, eta aurkariaren angelu onetik irteten saiatu behar duzu. Behin aurkaria kontrolatuta daukagunean, hura geratzen saiatu behar dugu. Besteak jarraitu egiten badu, ostikoak, palankak, ukondoak, belaunak… dena erabiltzen dugu. Lurrera ere joaten gara; eta, tresnak ere erabiltzen ditugu –makila, adibidez”, adierazi du Letonak.

Artea pertsonari egokitu

Bilakaera bilatzen den moduan, bilatzen dena da borroka artea norberari egokitzea eta ez norbera borrokari. “Defentsa pertsonalak bakoitzaren gaitasunak bilatzen ditu, eta horiek garatu”, azaldu du Letonak. Lehiatzerakoan erresistentzia hartzen da; horrez gain, malgutasuna, psikomotrizitatea, indarra... lantzen dira. Lehiaketetan, bat baten kontra egiteaz gain, katak ere egiten dira –borroka simulazioak.
Lehiatzerako orduan, gerrikoaren kolorea eta pisua hartzen dira kontuan: gerriko txuri, hori eta laranja; eta gerriko marroi eta beltza. Bestalde, pisua: 75 kilora arte, 75 eta 85 kilo bitartean; eta, 85 kilotik gora. Lehiatzeko, kimonoa, eskularruak, kaskoa eta botak behar dira. Segurtasuna beharrezkoa da.  ·

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak