Xabier Olano: "Candyn bezala, enpleguari eustea eta sortutakoa kalitatezkoa izatea da gure erronka"

Gipuzkoako programa osatzeko lan-saioa egin zuen zapatu goizean Gipuzkoako EH Bilduk Bergaran. Maiatzeko hauteskundeetara aurkeztuko duten programa herritarrekin lantzeko prozesu parte-hartzailea hasi zuten urtarrilean. Hamar lan-saio monografiko egin dituzte, Gipuzkoako eskualde guztietan, eta gaur egindakoarekin eman diote amaiera prozesuari; hain zuzen, Gipuzkoan enplegu duina nola sortu aztertu dute Bergaran. Xabier Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia ere izan da saioan.

Hain zuzen, Xabier Olanok hartu zuen hitza lan-saioari ekin aurretik. Azaldu zuenez, Gipuzkoa da Hego Euskal Herrian langabezia tasa txikiena –%12,1– duen lurraldea. Haatik, esan zuen 46.000 langabe daudela eta lana dutenen artean “askok eta askok lan prekarioa” dutela.

Olanok uste du, krisiaren atzean “arrazoi zehatzak” daudela eta “izen-abizendun arduradunak". Bestalde, gaineratu zuen krisian dagoena “sistema bera” dela eta “izugarrizko desorekak” sortzen dituela. Horrekin guztiarekin, eredu berri bat beharrezkoa dela azpimarratu du.

Candy, eredu berriaren adibide

Esan zuenez, “EH Bilduk eman ditu lehen pausuak eredu hori eraikitzen” eta horren adibide, Bergarako Candy enpresa aipatu du: “Diputazioaren erronka izan da enpleguari eustea eta 75 lanpostu salbatzeko gogor ari gara lanean. Eta errealitatea da Candyren langileentzat alternatiba bat eskaini ahal izateko lokatzetan sartu behar izan garela eta oso muturreko baldintzetan ari garela lanean”. Hain zuen, lan horren emaitzak datozen egunetan ikusiko ditugula ere esan zuen.

Candyren aferan, bestalde, Jaurlaritzari ere egin zion erreferentzia: “EAJk eta Arantza Tapia Industria alorreko sailburuak ez dute ezer egin”, esan du.  

Giltzarria, tokiko garapena

Enpleguari eusteko eta sortutakoa kalitatezkoa izateko giltzarria tokiko garapena dela uste du Olanok: “Gipuzkoan enpresen %90 txiki edo ertainak dira, eta esan behar da hamarkada luzeetan ahaztuak egon direla”. Eta gehitu du: “Gogoratu dezagun, Aldundira iritsi ginenean, enpresa handi batzuk diru-laguntza guztiak eramaten zituzten. Diputazioak nazioarteratzeko eta berrikuntzarako ematen zituen diru laguntzen eskaeretan ezin zuten lehiatu enpresa handiekin. Horri denari buelta eman diogu lau urte hauetan eta hurrengo legealdirako bide berdinetik jarraituko dugu”.

Ekonomia garatzeko esparru naturala, eskualdeak

Bada, tokiko garapenaren filosofiari jarraituz, ekonomia garatzeko esparru naturala eskualdeak direla uste du Olanok eta Aldundiak bide horretan lan handia egin duela: “Garapen Agentziak jarri ditu ekonomiaren sustapenaren erdigunean eta eskualdeen arteko kooperazioan asko aurreratu da”. Eta gehitu du: “Tokiko garapenaren filosofiarekin eraldatuko dugu errotik gure ehun produktiboa eta horretarako, zuzenean industriak egun dituen erronkei heldu behar diegu, ez baitira gutxi". Horrekin guztiarekin, "arazoari serio heldu eta inplikaturiko eragile desberdinen arteko elkarlana bultzatzeko garaia" dela uste du, “gure ehun industriala egungo beharretara gaurkotzeko”.

Horrekin batera, EH Bilduk Kutxabank publiko eta soziala aldarrikatzen duela ere esan du, "beste gauza batzuen artean, industriari laguntzeko". Eta gaineratu du "Jaurlaritzarekin, eskualdetako garapen agentziekin eta beste instituzio eta eragile sozial eta sindikalekin batera, egiturazko industriari laguntzeko inbertsio funtsa bat sortzea premiazkoa" dela.

Energia, estrategikoa datozen urteetan

Energiaren gaia ere estrategikoa izango da datozen urteetan, EH Bilduren hautagaiaren arabera, “industriari lotuta, noski, baina baita ikerketaren eta enpleguaren alorrean ere, energia berriztagarrien bidea urratzen jarraituko baitugu”.

Olanok egindako aurkezpenaren ondoren hiru lan taldetan –tokiko garapena, industria eta energia– aritu dira lanean bertaratutakoak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.