Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Debagoieneko EH Bilduk bat egin du Eskubide Sozialen Kartaren aldeko Bilboko manifestazioarekin

Goiatz Arana Begiristain 2015ko mar. 12a, 10:24

EH Bildutik adierazi dute justizia sozialak oztopo handiak dituela Euskal Herrian, baina koalizioarentzat oso erronka garrantzitsua dela eta, instituzioetan lan egiteaz gain, kalean mobilizatzea ere ezinbestekoa izango dela. Karta Sozialak balio berezia du, euren esanetan, "ikuspegi oso ezberdinak" batu dituelako –"gehiengo  sindikala eta soziala bai behintzat"–, eta gaineratu dute arlo politikoan oraindik ez direla gehiengoa Karta Soziala babesten dutenak, baina izango direla kalean mobilizatzeko gai izanez gero. Albiste barruan, Karta Soziala, justizia sozialerako tresna prentsa oharra, osorik.

"Dozenaka eragile sozialek eta milaka herritarrek parte hartu dute auzolanean Eskubide Sozialen Kartaren eraikuntzan. Bizi dugun krisi sistemikoa (ekonomikoa, politikoa, soziala, ingurumenekoa) gainditzeko alternatiba erreala eta egingarria osatu dute. Pertsona, eragile, alderdi politiko edota instituzio gisa enbidoa bota digute Kartaren egileek: eskubide sozial guztiak bermatzeko hamaika egiteko ditugula… guztiok.

Arrazoi dute, Euskal Herrian justizia soziala lortzetik oso urrun gaude oraindik. Demokrazia dago jokoan, pertsona guztiek eskubide guztiak bermatuta edukitzea Giza Eskubide bat delako. Oztopo handiak ditu justizia sozialak Euskal Herrian: banketxe eta multinazionalak; berauen zerbitzura lan egiten duten instituzioak; edo Adegi bezalako  patronalak eta Estatu Español eta Frantsesaren inposaketek. Munduko herritarrak botere ekonomikoen menpe bizi gara, eta gu euskaldunak, gainera Estatuek ere zapaltzen gaituzte, ezin ditugu arlo ekonomiko eta sozialean gure erabakiak hartu. Baina, beraiek baino askoz gehiago gara justizia sozialarekin irabazten ateratzen garen herritarrak, bakoitza berean eta denok batera ekiteko garaia da, botere ekonomiko eta Estatuen aurrean burujabetza eta eskubide sozialak lortu behar ditugu. Horregatik du balore berezia Karta Sozialak, ikuspegi oso ezberdinak batu dituelako: gehiengo  sindikala eta soziala bai behintzat.

Arlo politikoan oraindik ez gara gehiengoa Karta Soziala babesten dugunak, baina izango gara baldin eta kalean mobilizatzeko gai bagara. EHBildu bide lagun izango dute Herri Eragileek, kalean eta instituzioetan:

  • Instituzioetan: justizia soziala lortzeko politikak eginez. Kalitatezko zerbitzu publikoak eta babes soziala zaintzeko "murrizketak zero" politikari eutsi eta aurrekontuetan atentzio berezia jarriz; kalitatezko enplegua sortzeko politikak eginez eta Candyn bezala gure industriari eutsiz; instituzio guztietan klausula sozialen bidez kalitatezko enplegu publikoa bermatuz; lana eta aberastasuna banatzeko fiskalitate progresiboan sakonduz eta Gipuzkoako fortuna handientzako zergari eutsiz; emakume eta gizonen aukera berdintasunerako politika feministak eginez; Zero Zabor bideari eutsi eta ingurumena zainduz; energia berriztagarriak bultzatuz; Tokiko Garapen, baserritar eta produktuei bultzada emanez…
  • Kalean: justizia soziala lortzeko mobilizatuz. EHBildu Fronte Zabal gisa antolatzera doa. Hanka bat instituzioetan eta bestea kalean izateko. EHBildu mugimendu politikoa delako, ez alderdi klasikoa. Kalean lortzen ez duguna, instituzioetan lortzea ezinezkoa delako, kalean mobilizatu eta borroka egitea ezinbestekoa da eraldaketa sozialerako.

Horregatik egunero lanean jarraituko dugu eta larunbatean gu ere Bilbon izango gara, Euskal Bidea justizia sozialerako bidea ere badelako. Debagoieneko herritarrei autobusetan Bilbora joateko deia egiten dizuegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak