Estatuen zein Nafarroako gobernuaren aldetik azkenaldian hitzkuntza-politikari lotutako erabakien aurreko injerentziak salatzeko mobilizazioa da gaurkoa. Eta horrekin batera, neurriak hartzeagatik helegiteak jaso dituzten administrazioetako arduradunei babesa ere adierazi nahi diete. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deitutakoa da manifestazioa.
Manifestazioaren amaieran, Oñatiko alkate Mikel Biainek hartu du hitza, eta Udalak jasaten ari direna salatu ostean, gaineratu du euskarari lehentasuna emateagatik zigortu nahi dituztela: "Asko gara Urkixoren errekerimendu eta helegiteak jaso ditugun udalak. Kontratazioetan hizkuntza-irizpideak ezartzeagatik, euskara planak egiteagatik, aktak euskaraz egiteagatik... Funtsean, hala nahi duten pertsonek euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten. Eta oinarri-oinarrian euskarari lehentasuna emateagatik zigortu nahi gaituzte. Horrela, euskararen balio ofiziala ari dira zalantzan ipintzen, eta hori, oso larria da", azaldu du.
Mezu honekin amaitu du Biainek: "Oztopoen gainetik euskaraz biziko garela argi dut nik. Argi dugu udaletako ordezkariok. Argi dugu hemen bildu garen guztiok eta euskaraz bizi nahi dugun pertsona guztiok. Argi dugu ere bide horretan beharrezkoa izango dela guztion arteko elkarlana. Bakoitzak bere neurrian bere ekarpena eginez eta guztiok norabide berean boga eginez lortuko dugu. Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!"
Oñatiko alkate Mikel Biain, manifestazioaren ostean hitz batzuk esaten.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hitz egin du Biainen ostean, eta euskaldunak "zokoratu" egin nahi dituztela salatu du. Nafarroaz esan du aldaketa hizkuntz politikan ere behar dela eta euskaraz lanean ari diren Udalen lana txalotu du. Bestetik, batasuna ere eskatu du debekuak "antzu" uzteko eta adierazi du badela garaia "behingoz elkarrekin jarduteko".
Euskaraz bizi nahi dut abestiarekin amaitu da manifestazio ostean egin den ekitaldia.