Manifestazio ostean, hitza hartu du Paul Bilbaok eta Nafarroaz esan du aldaketa hizkuntz politikan ere behar dela: "Espainia eta Frantziako gobernuak ari dira jo eta su, baina egia da laguntzaileak ere badituztela. Nafarroako kasuan, gobernuko ordezkariak ez du ezer egin behar Nafarroako gobernuak berak hartu duelako jarrera inposatzaile hori eta egia da azken boladan entzuten dugula Nafarroan aldaketa etorriko dela, eta guk gaur esan nahi izan dugu Nafarroan benetako aldaketa egongo dela, baldin eta hizkuntza politikan egiturazko aldaketak badaude. Bestela, ezin da hitz egin aldaketaz Nafarroan”.
Eragileei batasunerako dei egin die
“Gaurko eskaera eragile politiko eta sindikalei zuzendua izan da eraso horiei guztiei batasunetik eta batasunez erantzun behar diegu. Alegia, nekatuta gaude alderdi bakoitza, instituzio bakoitza, bere aldetik joatearekin, badakigu hauteskundeen zurrunbiloan gaudela, baina iruditzen zaigu desberdintasunak alde batera utzi behar dituztela eta benetan batasunetik egin behar diegula aurre estatuen erasoei. Diagnosian nik uste dut denok egiten dugula bat, eragile politiko gehienek bat egiten dute, orduan zein arrazoi dago benetan batasunetik ez jarduteko? Gaur dei hori egin diegu eragile guztiei: mesedez, batasunetik erantzun diezaiogun”, hori ere azpimarratu nahi izan du.