Kontua da azken hilabeteetan obraren egoera, lur mugimenduak eta konponbiderako aukerak aztertzen ibili direla Aldundiko eta asistentziako teknikariak.
Bada, Diputazioak jakinarazitakoaren arabera, teknikari horiek egindako azterketek erakutsi dute onartutako proiektua ez zela egokia eremu horretan errepidea eraikitzeko, eta proiektu egokiagoa egin behar dela ondorioztatu dute. Ez du egoki ikusi onartutako proiektua "aldatzen eta aldatzen" jarraitzea, "inolako bermerik gabe", eta beste proiektu bat egitea erabaki du.
Urte bukaeran hastea espero
Hori guztia dela eta, Diputazioak erabaki du obra horren kontratua etetea. Hala, enpresak zubibideak bukatuko ditu eta ondoren utzi egingo du obra. Bitartean, Aldundiak proiektu egokiagoa landuko du eta proiektu hori lehiaketara aterako du, lehiaketa hori irabazten duenak bete dezan. Erabaki horren ondorioz, kontratua eta lanak eten egingo dira laster –kontratua eteteko prozedura datorren astean hasiko du Aldundiak– eta, behin beste proiektua onartu eta esleitu ondoren, lanak urte bukaeran berriro hasiko direla espero dute; teknikariak jada lanean ari dira proiektu berri bat egiten, eta asmoa da 4-5 hilabetetan prest izatea.
Orain arte egindako lanengatik enpresa eraikitzaileari 33,5 milioi euro inguru ordainduko dizkio Aldundiak, hau da, indarrean dagoen aurrekontuaren (49,6 milioi) %67,5. Milioi horietatik kalteordaina 400.000 euro ingurukoa da, eta gainerakoa orain arte egindako lanengatik ordainduko zaio.
Erabaki zaila
"Erabakia ez da erraza izan, baina Aldundiak argi du gauzak ongi egin behar direla, segurtasuna dago-eta jokoan. Proiektu berriarekin segurtasun bermea askoz ere handiagoa izango da, eta, gainera, oraingo proiektuak zituen hainbat arazo konponduko ditu –Bergarako sarreran mugimendu guztiak bermatuko dituen biribilgune bat egingo dute, Bergarako Udalaren eskakizun historikoa izan dena–", azpimarratu dute Gipuzkoako Foru Aldunditik.
"Aldundiarentzat, inguruko herritarrei sor diezaieketen oztopoak kezka iturri dira, baina balantzan zegoena segurtasuna eta diru publikoaren kudeaketa zorrotza direnez, ba horien alde egin du". Izan ere, segurtasunaz gainera, diru publikoaren kontrol zorrotzaren gaia ere badago. Kontratu Publikoen Legeak ez du baimentzen onartutako proiektuaren eta gauzatutakoaren arteko aldea %10 baino gehiago izatea, eta, proiektuan egin beharreko aldaketek kopuru hori gainditzea eragingo luketenez, "horrelako gain-kostuak egin aurretik" kontratua etetea erabaki dute. "Ez da erabaki ohikoa gurean –ez da kasu bakarra, baina bai bakana–, baina Aldundiak argi zuen ez zela trikimailuak egiten hasiko lege oztopo hori gainditzeko", esan dute.
Bitartean, Aldundiak "ezinbestekoak diren zenbait lan" egingo ditu inguruan, batez ere ezponda (talud) batzuen euste lanak.
Urretxu-Antzuola, martxoan
Beasain-Durango korridorearen Urretxu eta Antzuola bitarteko GI-632 errepide zatia, berriz, martxo bukaeran inauguratuko dute. "Apirilerako zabalik izango da", jakinarazi dute Diputaziotik. "Irekiko da epe barruan; eta hori azpimarratzeko modukoa da; izan ere, Gipuzkoan azkeneko zortzi urtetan egindako errepidetako obra nagusiek batez beste 18 hilabeteko atzerapena izan dute". Beraz, apiriletik aurreraDeskargako tunelaren bidez gainditu ahal izango da Deskargako mendateko zati handi bat.
Hori bai, Deskargako obrek ez dute amaiera datarik. "Proiektua erredaktatu zuten ingeniariek ez zuten nahiko ikerketarik egin. Eta, gainera, Euskal Herrian gauzak beti egin izan dira mendiak apurtuta eta mendiak zatituta, eta nik uste dut hau dela froga bat nola ez diren egin behar gauzak: mendiak zatitu, izugarrizko talud altuak egin, horiek erori egiten dira… eta horrek obra asko zailtzen eta garestitzen du", adierazi dio GOIENAri Larraitz Ugartek, Mugikortasun diputatuak.
EAJk zalantzan jarri ditu emandako arrazoiak
Horri erantzunez, berriz, Aintzane Oiarbide jeltzaleak zalantzan jarri ditu diputatuaren arrazoi horiek: "Orografia korapilatsua omen dugu Gipuzkoan; besteek egindako errepideetarako ez du balio nolabait arrazoi horrek. Prezioan ere desfase eta gain-kostuak handiak izan daitezkeela onartu du, eta legealdi osoa pasa du esanaz Bilduk gain-kosturik gabe egingo zituela obra hauek. (…) Gain-kostu handiak izango dira eta ez dakigu noiz arte arriskuan ibili beharko dugun Deskargan", esan dio GOIENAri.