Inazio Azkarragaurizar: "Ezinbestekoa da gaur egungo estatutuak legera egokitzea"

Goiatz Arana Begiristain 2015ko ots. 19a, 17:18

Mankomunitateko estatutuen aldaketaren harira atzo, eguaztena, EAJk ezker abertzaleari egindako kritiken ondotik, Mankomunitatearen erantzuna etorri da gaur. Bertatik adierazi dute egungo estatutuak "erabat zaharkituta" daudela, eta egin duten bakarra dela horiek legera egokitzea, "gardentasuna eta parte-hartzea bermatuz".

"Azken legealdi guztietan estatutuak aldatzeko hainbat ahalegin egin diren arren, ez da lortu aldatzeko adostasunik. Beraz, gaur egungo estatutuak guztiz zaharkituta daude, 1980. urtean onartu zirenetik hainbat lege aldaketa izan dira, eta estatutu hauetan ez dira jaso, nahiz eta bertan horretarako epe bat eman", adierazi du Mankomunitateko lehendakari Inazio Azkarragaurizarrek.

Eta badira legezko arrazoi gehiago 35 urtez indarrean daramaten Mankomunitateko estatutuok berehala aldatzera behartzen dituztenak, bere esanetan: "2013ko abenduaren 30ean argitaratu zen azken legeak sei hilabeteko epea ematen die mankomunitateei, legea indarrean sartzen denetik aurrera, bere estatutuak  egokitzeko, eta epe hau joan zen ekainean bukatu zen. Bestalde, Mankomunitateak urtero egiten duen kontu-ikuskaritzako txostenean aipatzen da estatutuak aldatzeko premia, eta Herri Kontuen Euskal epaitegiak ere adierazi digu betebehar hau". Ildo horretatik, Azkarragaurizarrek dio ezinbestekoa dela gaur egungo estatutuak legera egokitzea, eta argi dagoela, beraz, zein den mankomunitateko estatutuen aldaketa prozesua lehenbailehen burutzeko arrazoia.

Gardentasuna eta parte-hartzea

Halaber, horrek ez du esan nahi aldaketa prozesu hau gardentasunik eta parte-hartzerik gabe egiten ari direnik, bere hitzetan: "Legeak eta foru arauak berak mankomunitateen estatutuen aldaketarako jasotzen duen prozedura luzeak gardentasuna eta parte-hartzea bermatzea du helburu, eta mankomunitatea legean jasotako prozedura hori zorrotz betetzen ari da. Are gehiago, mankomunitateak estatutuak jendaurrean irailean jarri zituen, uztaila bukaeran jarri beharrean, parte-hartze hau benetan bermatzeko".

Azkenik, gaineratu du aldaketa honen helburua gaur egungo estatutuen lege egokitzapena besterik ez dela, eta ez dela legezkoa ez den aldaketa handirik jaso, gaur egun ematen diren zerbitzuak eta funtzionamendua baizik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak