Elikadura burujabetza, ekonomia solidarioa eta ekintzailetasuna, liburu bakarrean

Ideia bati bizia emanez izeneko liburua aurkeztu zuten atzo Kulturaten. Elikadura Burujabetzako esperientzia ekonomikoetan murgiltzen diren ekintzaileei, euren enpresa sortu eta era bideragarrian kudeatzeko gakoak eskaintzeko asmoz kaleratu du Emausek argitalpena. Uste dute, gainera, krisi garai hauetan, interes berezia piztuko duela. Emauseko Assumpta Ayerdi eta Brasildik etorritako Maíra Cavalcanti izan ziren inprentatik atera berria den liburua aurkezten.

"Elikaduraren sektorean egitasmo ekonomiko bat martxan jarri nahi dutenentzako aholkularitza edo kontsultarako eskuliburu bat da", esan du Ayerdik, baita enpresa bat sortzeko jarraitu beharreko pausuak eta legedia arauak biltzen dituela ere. Hori guztia, noski, "ez kapitalismoaren ikuspegitik, ekonomia solidarioaren eta feministaren ikuspegitik baizik", gaineratu du. Horretarako, besteak beste, enpresaren barne antolakuntzan erabakiak hartzeko moduak eta botere harremanak eraldatzea proposatzen dute.

Ayerdik azaldu duenez, sektore horietan ikusitako beharrak bultzatu zituen lanari ekitera, ikusi zutelako ekintzaileek ez zutela esperientziarik enpresa planak egiten, kudeaketa antolatzen eta antzeko kontuetan. Horregatik, enpresa berri horiek "bideragarri" izan daitezen laguntzeko, eta era berean, "gizarte eraldaketan laguntzeko" sortu dute liburua.

"Urtebeteko prozesu parte hartzailea" izan dela esan du Ayerdik, eta liburua idatzi aurretik, 31 elkarrizketa egin dituztela esperientziak biltzeko. Bidean, besteak beste, EHNE, Saiolan, Sustraiberri, Mugarik Gabe eta GEZKI elkarte eta erakundeen laguntza jaso dute. Horrez gain, Brasilgo beste bost esperientzia ere jaso dituzte.

Brasilgo esperientzien berri

Aurkezpena osatzeko, Cavalcantik Brasilgo hainbat esperientzia partekatu zituen bertaratu zirenekin, besteak beste, bertako gobernuaren politiken eta produktuen zertifikazio sistemaren nondik norakoak. Izan ere, Cavalcantik azaldu zuenez, Brasilen, legez finkatutako neurri bati esker, eskola eta zentro sozial guztietako jantokietan kontsumitzen den janariaren %30a bertakoa izan behar da.

"Horri esker, belaunaldi berriak produktu horiek kontsumitzera ohitu eta haien balioaz kontziente izan daitezen lortzen dugu", dio Cavalcantik, eta alor horretan gobernuek hautatzen dituzten politiken garrantzia azpimarratu du. Aurkezpenaren ostean egindako mahai inguruan Euskal Herriko egoerarekin alderatu zuten Cavalcantik azaldutakoa, eta salatu zuten hemen, jantokien eskaera zenbait lekutan badagoen arren, bertako ekoizleen koordinazioa ez dela behar bezalakoa, eskaera horri erantzuteko.

Horren harira, Cavalcantik logistikaren garrantzia azpimarratu zuen eta esan zuen, zenbait kasutan, bertako ekoizleek gisa horretako eskaera bati erantzuteko sare bat osatzean, aurrekontuaren %10a eskaintzen diotela logistikari, arlo hori "ezinbestekotzat" dutelako.

Produktuen zertifikazioa ere izan zuten hizpide, eta Cavaltanik azaldu zuen Brasilen bi zertifikazio eredu daudela onartuta, kanpoko agente batek egindako auditoria bidezkoa bata, eta komunitarioa eta parte hartzailea bestea. Bigarrenak sortu zuen interes gehien. Eredu horretan, ekoizten diren produktuak benetan organikoak diren ala ez egiaztatzeko, elkarren arteko ezagutza hartzen dute oinarri bi aldeek, Cavaltanik dioenez, duela hamar bat urtetatik zabalduta eta onartuta dagoen eredua da, gainera.

Liburua eskuragarri

Atzo Kulturatera gerturatzerik izan ez zutenek Emausen webgunean, argitalpenen atalean izango dute liburua eskuragarri, online bertsioan eta musu truk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.