Gripeak jauzi kualitatiboa egin du Euskadin, egun 100.000 biztanletatik 209k dute gripea. Gripe-birusen zirkulazioa handia delako gertatu da hori.
EAEko Mediku Jagoleen Sareak, urtaroko gripea zaintzeko urtero aktibatzen den sareak, egiaztatu du, berriz ere 0-4 eta 5-14 urte bitarteko adin-tarteko biztanleei eragin diela gehien. Eta adinekoen artean ere asko dira gripea jasaten ari direnak.
Lurraldeka, Gipuzkoak izan ditu kasurik gehien; 153 kasu, 100.000 biztanleko. Eta Debagoienean ere nabari da azken egunotan gripe kasuen gorakada. Horixe adierazi du Aramaioko mediku Aitor Montesek.
Hala ere, Montesek azaldu du urteko sasoi honetan normala dela gripea epidemia mailara iristea, eta ez dela larritzeko kontua, momentuz behintzat.
Gomendioak
Debagoieneko Ospitaleko larrialdietan ere, jende dezente dabil egunotan sintoma hauekin. Horren aurrean, hauek dira gomendioak: atseden hartzea eta likido eta antitermikoak kontsumitzea sukarra eteteko. Transmisio eta kutsatze indize handia duenez, prebentzio-neurri higienikoak hartzea ere garrantzitsua da: eztula edo doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea eta erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.
Tratamendurik onena, baina, prebentzioa da eta txertoa hartzearen garrantzia azpimarratu du medikuak. Azaldu du, gainera, EAEn urtero gripeak jota hiltzen direnak 20 pertsona baino gutxiago izaten direla, eta hori kopuru txikia dela, txertaketari esker.