Tabakoa frutagatik aldatu dute eskola politeknikoan

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Tabako-kerik gabeko Euskadi programaren barruan, eguerdian, Arrasateko eskola politeknikoan tabakoa frutagatik aldatzen izan dira herriko osasun zentroko erizainak. Helburua izan da gazteak kontzientziatzea tabakorik gabeko bizimoduak zein abantaila dituen, eta erretzeari uzteko eskaintzen dituzten laguntzen berri ere eman diete. Ondorengo egunotan, Arrasate eta Bergarako beste hainbat eskoletan izango dira tabako-kerik gabeko udalerriak lortzeko helburuarekin.

Osakidetzarekin eta Debagoieneko udalekin elkarlanean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Tabako-kerik gabeko Euskadi programaren barruan, eskualde mailako programa bat bultzatzen ari da Eusko Jaurlaritza. Helburua da tabako-kerik gabeko udalerriak lortzea eta programaren barruan, gainera, tabakoa uzteko aukera ere eskaintzen zaie populazioko talde guztiei.

Gaur eguerdian, esaterako, programa horren barruan, Arrasateko eskola politeknikoan herriko osasun zentroko bi erizain izan dira tabakoa frutagatik aldatzen, eta gazteak ohitura osasuntsuei buruz kontzientziatzen. Koesimetria probak ere egin dituzte erretzaile gazte batzuek, euren monoxido karbonoa neurtzeko. Hala ere, nerabeengan eragitea zailagoa izaten omen da helduengan eragitea baino.  “Jende helduak jakingura handiagoa izaten du, gazteek ihes egiten ziguten pixka bat. Azkenean bat animatu ostean, koesimetria bat egin edo zigarrotxoren bat aldatu digute frutagatik, baina zailagoa da eurengana iristea”, azaldu du Arrasateko osasun zentroko erizain Mila Perezek.

Gazteak kontzientziatu nahian

Ikastetxeak zutabe garrantzitsu dira kontzientziazio lana egiteko, , erretzeko ohituraren xede-populazioa den hori biltzen dutelako; izan ere, 2013ko EAEko Osasun Inkestako datuen arabera, erretzaileen %63, 15 eta 19 urte bitartean hasten da erretzen, eta %12,7, berriz, 10 eta 14 urte bitartean.

Badira urte batzuk Eusko Jaurlaritza “Kerik gabeko gelak” izeneko programarekin lanean ari dela. Programa horrekin, aurrea hartu nahi izan diote DBHko lehen zikloko ikasleen arteko tabakismoari, ahalik eta gehienatzeratzearren adin txikikoek tabakoarekin duten lehen kontaktua.

Informazio bisitak ikastetxeetan

Ondorengo egunetan, tabako-kerik gabeko udalerriak lortzeko helburuarekin, informazioa emateko bisitak egingo dituzte Arrasateko eta Bergarako hainbat ikastetxetara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.