Landa turismo arduratsuaren alde, baita Debagoienean ere

Julen Iriondo 2014ko abe. 2a, 12:00

Eskoriatzako Gorosarri landetxea; sare berdeko Debagoieneko bi ostatuetako bat da.

Sei erkidegotako eragileek –Asturiaseko bik eta Andaluziako, Kataluniako, Baleareetako, Nafarroako eta Euskadiko, bakoitzeko, batek– martxan jarritako egitasmoa da Landa Turismo Arduratsuaren Sare Berdearena.

Landa inguruneetako turismoarekin lotutako enpresa ekimen "arduratsuen" bilgune izan nahi du sareak; ez bakarrik bilgune izan, baizik eta ekimen horiek –ostatu, jatetxe edo bestelako zerbitzu– ekonomia, gizarte eta ingurumen alorretan ardura hori izan badutenaren berme izango den zigilu edo ziurtagiri bat kudeatzeaz ere arduratuko da.

Proiektuan diharduten eragileen artean, Euskadiko ordezkaria da Mendinet. Mendinet osatzen dute Hazik –Jaurlaritzaren fundazioa– eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landa garapenerako elkarteek, Debagoieneko Deba-Garaia, tartean.

Deba-Garaia da, beraz, Landa Turismo Arduratsuaren Sare Berdearen gaia bailaran lantzen ari dena. Ekimena hasiera fasean izan da orain arte, eta bertara batu diren Debagoieneko bi enpresa ekimenak izan dira bi ostatu –deialdi mugatua egin zuten fase piloturako–, Oñatiko Goiko Benta eta Eskoriatzako Gorosarri. Lehen fasea amaituta, kide izateko baldintzak betetzeko moduan leudekeen gainerakoengana joko dute orain –hasiak dira–, proposamena egiteko. 

Ekimenaren bultzatzaileek nahi dute sare berdearen zigilua izatea landa turismo enpresentzako merkatuan euren "praktika onengatik" bereiziko dituen zerbait, eta bezeroentzako, hartzera doazen zerbitzu horren emailearen praktika onen berme. Baina landa turismo arduratsu horren onuradun enpresa ekimen hori kokatuta dagoen ingurunea eta komunitatea izango lirateke, zentzu zabalagoan: natura eta kultura ondarearen kontserbazioan laguntzen du, eta tokiko aktibitate ekonomikoa eta enplegua bultzatzen ditu, lan baldintzak hobetzen laguntzearekin batera. 

Hiru maila 

Europako Leader izendapena duten lekuetako –Debagoienean Leintz Gatzaga eta beste herrietako zenbait auzo; berrikustekotan dira, dena den– turismo alorreko enpresak izan daitezke sare berdeko kide. 30 inguru jasotzen dituen baldintza zerrendatik herena bete behar dute, gutxienez, sarera batu nahi dutenek. Baldintzak dira lau alorretakoak: enpresa kudeaketako praktika onak; ingurumen alorreko praktika onak; komunitatean, kulturan eta ondarean integratzeari dagozkion praktika onak; eta langileen lan eta gizarte baldintzei dagozkien praktika onak. Betekizun hauetan zenbat eta aurrerago joan, goragoko mailako ziurtagiria eduki ahal izango da –hiru maila dira denera–. 

Fase pilotua amaituta, dagoeneko lehen mailako ziurtagiria dutenak bigarren mailakora bidean jartzea eta ekimenera gainerako landa turismo enpresak ere erakartzea izango da hurrengo lana; Debagoienean 30-35 dira aukera luketenak: "Izan daiteke Arrikrutz, izan daitezke Arantzazuko jatetxeak... Kokapena kontuan hartzen da; Arrasate erdiguneko hotel batek ez du hona sarbiderik", dio gaia daraman Deba-Garaia landa garapenerako elkarteko Mari Carmen Iturbek. Oraingoz proposamena jaso duten guztiek begi onez ikusi omen dute aukera. 

Turismo alorreko merkatuari dagokionez, oraindik irizpide nagusia prezioa izan arren, aipatutako beste aspektuok begiratzen direla dio Iturbek: "Tendentzia bat eta bezero tipologia bat badago hori bilatzen duena". "Egin dezakegun eskaintza ez da masifikatua; da eskaintza oso berezia, mugatua. Bezeroak ere espezifikoak bilatzen dira, eta horrelako guneek laguntzen diote bezeroari leku hauek aurkitzen", gaineratzen du teknikariak. 

Interneten, sare berdearen helbidea da www.turismoruralresponsable.com.

----------

Bete beharreko baldintzak

-Enpresa, lan eta ingurumen arloetan indarrean dagoen araudia betetzea.

-Elbarrien integrazio sozialerako legea betetzea.

-Energiaren kontrolerako eta aurrezpenerako uneoroko neurrien aplikazioa: ura, argindarra...

-Hondakinak gaika bereiztea.

-Aktibitate turistikorako tokiko nekazaritza elikagaiak edo/eta ekologikoak erostea.

-Aukera berdintasuna bultzatzea eta errespetatzea.

-Instalazioak gutxitasunen bat duten pertsonentzako egokituta egotea.

*Oharra: baldintzok derrigorrez bete beharrekoak dira, Landa Turismo Arduratsuaren Sare Berdeko kide izateko. Beste hogei baldintzaren artean lau gehiago ere bete behar dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak