Beharra dutenendako babarrunak, dilistak, garbantzuak, olioa, galletak, esnea, kakaoa, barazkiak, edo kontserbako frutak, arrainak eta lekaleak batu gura dituzte Gipuzkoako Elikagaien Bankukoek. Hain zuzen, elikagaien bilketa nagusia egingo dute hurrengo astean, azaroaren 28 eta 29an. Jose Antonio Agirrebeñak, Bergarako Elikagaien Bankuko boluntarioak, zehaztu du, baina, umeendako produktuak behar dituztela: "Familiek gero eta eskaera handiagoa egiten digute umeendako, eta arlo horretan nahiko gaizki gabiltza. Beraz, beharko genituzke janari-poteak, esnea, pixoihalak...". Bestalde, aurrez prestatutako jakiak ere eskatu dituzte. Izan ere, gero eta jende gehiagok ditu argindarra ordaintzeko arazoak, eta hori laguntza handia izango litzateke familientzako.
Bilketa puntuak
Jakiak batzeko hainbat puntu jarriko dituzte. Debagoienean 32, zehaztu du Agirrebeñak. Eroski, BM, Super Amara, Lidl eta Dia supermerkatuetan egongo dira bilketa puntu horiek. "Normalean, supermerkatu guztietan sarreran egongo dira. Kartel handi batzuekin oso ondo identifikatutako kaxa batzuk izango dira. Gure boluntario batzuk ere egongo dira txaleko horiekin. Beraiek emango dizuete poltsa bat eta bertan sartu beharko da eman nahi duzuen laguntza", azaldu du Agirrebeñak.
120.000 kilo
Aurten bigarrenez egingo dute bilketa nagusia. Iaz esperotakoa baino gehiago batu zuten. Bergaran, 120.000 kilo. "Espero dugu iazkora iristea. Gehiago izaten bada hobe, baina joan den urtekoaz pozik geldituko ginateke", esan du Agirrebeñak. Bilketa nagusirako boluntarioak behar dituztela ere esan du eta herritarrei egiten die dei.
Bergarako bankuak 2011ko apirilean egin zuen lehenengo banaketa eta 282 pertsona lagundu zituen; egun, 4.000 pertsonek jasotzen dituzte jakiak Bergarako biltegitik. Hainbat instituzio edo erakundetatik errekuperazio zantzuak ikusten dituztela dioten arren, eurek ez dutela horrelakorik nabaritzen.