Foru aurrekontu proiektua aurkeztu duzue duela egun batzuk. Ze harrera izan du Batzar Nagusietako gainerako alderdien artean?
Ikusi beharko dugu. Alderdi guztiekin batzartu gara. Gure asmoen berri eman diegu eta haienak jaso ditugu. Esan genezake gauzak bide onetik doazela. Ikusteko dago noraino helduko garen. Edozelan ere, bai PP, PSE-EE zein EAJri, zaila izan beharko litzaieke azaltzea zergatik ez duten babesten aurrekontu hau. Alor batzuetan batek zein bestek azentua jarriko du han edo hemen, bakoitzak daukagulako geure ikuspuntu politiko, ekonomiko edo soziala, baina kontuan izan behar dugu zein den gaur egungo egoera, zeintzuk diren diru sarrerak eta zeintzuk premiazko beharrak.
Zeren truke ari zarete negoziatzen?
Negoziazio baten eskaerak zilegi eta normalak dira. Baina nik uste dut alderdikerietan jausi barik, gipuzkoar guztion onerako diren aurrekontuak adostu beharko genituzkeela. Tentaziorik arriskutsuena litzateke, hauteskunde urtean gaudenez, foru gobernuari egurra emateko aurrekontuari oztopoak jartzea. Gipuzkoarron kalerako izango litzateke.
2014ko foru aurrekontuarekiko ia %5 hazi da 2015erako aurreikusten duzuen aurrekontua eta, Foru Aldundiak kudeatzeko 705 milioi euro izango ditu. Aurrekontua esaldi edo titular baten azaldu beharko bazenu, zela adieraziko zenuke?
Iazkoa baino aberatsago; konpromisoei eusten diena, ongizate politiketan bereziki, eta herritarrokin adostutako atala handitu duena.
Udalak Finantzatzeko Foru Funtsera bideratutako kopurua %3,58 haziko da. Gehiago izango dute udalek inbertsioetarako?
Edo bizi ahal izateko. Lurraldean badira udalerri batzuk oso egoera onean daudenak, industria edo fabrikak hobeto doazelako-eta. Baina beste batzuk ez daude horren ondo. Egoera latzean daude. Gutxienekoak betetzeko adina ez dutelako. Urte oparoetan azpiegitura asko egin ziren, baita herri txikietan ere. Urritasunean, ostera, zailtasun handiak izan dituzte azpiegitura horiei aurre egiteko. Diputazioaren nahia izan da horiei laguntzea eta aurten diru gehiago daukagu horretarako. Eskertuko dute udalek.
Gastu sozialak eroaten du 705 milioi euro horien ia erdia.
Geroago eta jende nagusi gehiago bizi gara Gipuzkoan eta premia soziala gero eta handiagoa da. Ez da nagusi edo zaharren arazoa, bakarrik, bestalde, lan barik dauden gazte askoren arazoa ere bada. Gipuzkoa aberats eta aurreratu bat bultzatu nahi badugu, hori ezin dugu elite batekin bakarrik egin, jendea bazterrean utzita. Hori saihesten ahaleginduko gara.
Mugikortasun eta bide azpiegituren departamentura ere diru dezente bideratzea proposatzen duzue. Aurrekontu osoaren %16. Zertarako, bereziki?
Deskargako autobidea azpiegitura lan handia da, baina, bestetik, ahalegin handia egin dugu, herritarrekin batera, lurraldean autobus zerbitzu hobea izan dezagun. %36ko inbertsio igoera proposatu dugu horretarako. Autoaren erabilpena murrizteko, estrategikoa da Foru Aldundiarendako mugikortasuna bultzatzeko neurriak hartzea. Hortik datoz autobus zerbitzua hobetzea edo bizikletaren erabilpena sustatzeko beste neurri batzuk: bidegorri sarea eta abar. Errepideetan gutxiago gastatu behar da, beharrezkoa den beste, baina gehiago gastatu behar da herritarren onurarako egitasmoetan. Jakina, errepideak ondo mantendu behar dira eta Deskarga egingo dugu, guretako estrategikoa delako, errepide horrek Euskal Herria zeharkatzen duen heinean.
Enpresa eraikitzaileekin arazoak izan dituzue. Garaiz amaituko dira obrak?
Obren esleipena prezio jakin baten egin zen. Eta, egia da arazoak izan direla, beste edozein obra publikotan bezala. Ezberdintasunak ditugu enpresekin baina konponduko dira.
Ze ezberdintasun?
Batzuk ohituta zeuden esleipena kopuru baten egin eta azkeneko prezioa, ostera, esleitutakoa baino %60 handiagoa izaten. Hori ez dugu onartuko. Ez da zilegi. Azpiegitura lan handietako arazo logikoak tarteko, %20 edo %25 hazten bada aurrekontua, onar dezakegu, baina betiere datuetan onartutako gehikuntza bada. Zintzo jokatu nahi dugu eta enpresei ere zintzotasunez jokatzeko eskatzen diegu. Tranpak egin barik.
Noiz amaituko dira lanak?
Datorren urtean. Apirilerako edo agintaldi honetarako ez bada, hilabete batzuk beranduago izango da. Hori ez da inportanteena niretako. Ez dugu protagonismo politikorik nahi horren inguruan.
Garraio zerbitzu berria noizko?
Hurrengo hilabeteetan. Uste dut eredugarria izan dela egin dugun prozesua. Izan ere, autobus erabiltzaile ohikoekin batzartu gara, haiekin izan gara eta haiek izan dira zerbitzua hobetzeko gakoak eman dizkizutenak. Haiek dakite benetan zer egin behar den zerbitzua hobetzeko: ze ordutegi, ze maiztasun, ze bide… Gure eginbeharra da premiak dituenari erantzutea.
Zela hartu duzue sozialistek garraio publikoaren erabilpena sustatzeko proposatu duten 25 euroko tarifa laua?
Uste dut sozialistak beti doazela atzetik. Ez da planteamendu serioa. Hauteskunde usainean egindakoa da. Guk aurretik esandakoaren haritik datoz; berandu, hortaz.
Bidegorriei dagokienean, Bergaratik Elorregirako tartea egiten diharduzue. Eskualdean, aurreikusi duzue besterik aurrekontuan?
Gure asmoa da Gipuzkoa osoa bidegorriz lotuta egotea. Ingurumenaren ikuspuntutik planteamendu egokia iruditzen zaigu eta gure lehentasuna da. Baina, bestetik, uste dugu bere garaian lurraldean izan zen astakeria bati erantzuteko modua ere badela mugikortasun aldetik azpiegitura jasangarriak eraikitzea. Ez dezagun ahaztu lehengo trena, lurraldean barrena zihoana, zela desagertu zen interes partikular batzuen mesedetan. Eta, gutxienez, lehengo trenbidearen azpiegitura aprobetxatu nahi dugu bidegorriak egiteko. Horretan dihardugu AHT baino abiadura handiagoan. Antzuola eta Bergara artekoa, esaterako, laster egingo dugu, Deskargako lanak amaitzearekin batera.
Hiri hondakinen gainean, Epeleko konpost planta ere atzerapenarekin doa. Aurtengo otsailean esan zuen Iñaki Errazkin ingurumen diputatuak zabalik izango zela aurtengo abenduan edo urtarrilean… Baina ez dira epeak beteko. Zergatik?
Atzerapen logikoak ditu horrek ere, edozein etxetan gertatzen diren bezalakoak, baina aurrera doaz lanak hor ere eta amaituko dira datorren urtean. Diru zatiak onartuta daude eta aurrera doa guztia.
Birziklatu edo berrerabili ezin daitezkeen hiri hondakinei tratamendu biologiko eta mekanikoa eman ostean, azken hondarra Zestoan kokatuko den biltegi batera eroatea proposatu duzue. Segurua izango da?
Erabat inertea izango da hara eroaten den hondakin hondarra. Ez die inolako kalterik eragingo zestoarrei. Gehiago esango dut: zestoarrendako onerako, mesederako, izango da. Hainbat sistema daude, baina hiri hondakinen tratamendu biologiko eta mekanikorako metodorik zorrotzena, onena eta frogatuena, alemana da. Horixe aukeratu dugu guk. Katalunian, Cerdanyolan egin zuten esperimentatu bat eta ez zaie erabat ondo atera. Gure eredua beste bat da. Munduko onena. Ez daukat inolako zalantzarik, teknikoek hala ziurtatu digutelako, metodo erabat segurua izango dela. Erabat segurua ez dena da errauste plantan oinarritutako sistema. Lehen proposatzen zena. Ekonomikoki ez zuen etorkizunik. Bizkaikoak ez daukan moduan. Zabalgarbi porrot handia izango da eta hori agertuko da egunen baten. Gaur ez bada, bihar edo etzi, baina ez da bideragarria. Bestetik, osasunaren aldetik ere, errauste plantak ez dauka inolako bermerik. Eta okerrena: errauste plantak uzten ditu errauts toxikoak, ez dira inerteak eta nonbaiten gorde behar dira. Aurreko foru gobernuak ez zuen esaten non gordeko zituen. Guk planteatzen dugu azken ondar horiek, tratatu ostean inerteak izango direnak, Osinbeltzen gordetzea. Zestoa herriarendako ona izango da.
Zestoan kokatu edo ez, datorren agintaldian zestoarrek erabakitzea proposatzen duzue.
Datorren agintaldian ez, gaurtik hasita. Prozesu luzea izango da. Informazioa, parte hartzea, ikuspuntu ezberdinak kontrastatzea… Hori egin ostean, herritarrek erabakiko dute. Ni ez naiz ordurako egongo Foru Aldundian, baina Xabier Olano EH Bilduko hautagaia egongo da. Ziur naiz.
Zestoarrek ezetz esaten badute?
Proiektua ona da eta zestoarrendako ez ezik gipuzkoar guztiondako izango da ona. Ezetza nagusituko balitz topatuko genuke beste toki egoki bat. Arduraz jokatu behar dugu guztiok. Bai Foru Aldundiak, Zestoako Udalak, zestoarrek… Erraza da beldurra sortzea. Baina ez dugu inposatu nahi. Ez diogu beldurrik herriari galdetzeari. Beste alderdi batzuek ezin dezakete gauza bera esan. Baina berriro diot: galdetzeko, lehenbizi, informatu egin behar da ondo. Nahi dugu, esaterako, 30 bat zestoar erreferentziazko joan daitezela Alemaniara ikustera zela funtzionatzen duen horrelako planta batek. Informazioa, formazioa, hausnarketa eta galdeketa. Hori egin nahi dugu Zestoan.
Ekonomiari eta turismoari lotutako datuak onak dira Gipuzkoan, Euskal Autonomia Erkidegoko beste lurraldeetan baino hobeak. Ekonomian, egoera ez da ona, baina datuak hobera egin dute eta kontsumoak gora egin du. Zer egiten du Diputazioak hori hala izan dadin?
Datuek erakusten dute hobera goazela, baina gurea bakarrik ez da meritua. Orain, datuak kontrakoak balira, batzuek gure kontra erabiliko lituzkete. Gipuzkoan industria ehun propio, sendo eta nortasunekoa daukagu. Erreminta makina, esaterako, oso indartsua da. Lurraldeak ere baditu enpresaburu ausartak; langile ondo prestatu eta kualifikatuak… Enpresa txiki, ertain eta hiruzpalau handi duakzagu. Egitura ona daukagu halako krisi bati aurre egiteko. Eta, zorionez, poliki-poliki hobetzen goaz, baina ez goaz ondo erabat. Ez gaitezen engainatu.
Gure eskualdera etorrita, Candyren itxierak gogor jo du Bergaran. Zerbait egiten ari zarete Diputazioan honen gainean?
Candyren eredua ez da guk bultzatzen edo nahi duguna. Mayc izan da bergararrondako beti. Bergarar batzuek sortua. Baina multinazional bati saldua izan zen. Eta, halako krisi egoera baten aurrean, etorri da gizon bat Madriletik, auto baten, eta esan du fabrika itxi egiten dela. Horren aurrean inork ezin dezake ezer egin. Ez daukagu ahalmenik. Berriro diot: ez da gure eredua.
Herri bereko Lazpiur da kontrapuntua?
Bai. Bertako enpresaburuek sortua, herrian errotua, herritarrekin egina, langileekin harreman normalak dituena… Eta gauzak txarto joango balitzaie ez lirateke egun batetik bestera Txinara joango. Bertako enpresak bultzatu nahi ditugu: bertako enpresaburuekin, bertako langileekin eta bertako erakundeen babesarekin.
Berriro ere kargurako ez zarela aurkeztuko iragarri zenuen duela aste batzuk. Lehengo lanera, kazetaritzara, itzuliko zara?
Bai, eta oso pozik eta egindakoagatik harro, gainera. Jende asko eta oso ona ezagutu dut. Beste ikuskera bat eman dit karguak. Eta, bestetik, jakinda Xabier Olano oso diputatu nagusi ona izango dela, lasai noa. Ekonomia kontuetan jantzita dago, Diputazioa oso ondo ezagutzen du eta, administrazioa, hortaz, bertatik bertara ezagutzen du.