Ezkutuan dagoen gertuko ondarea ezagutzeko eguna

Imanol Beloki 2014ko aza. 17a, 16:36

Zapatuan Munduko Ondarearen Nazioarteko Eguna ospatzen zela aprobetxatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Ondarea bertatik bertara egitasmoa antolatu zuen. Ekimen berri honekin, gure herrietako eraikin garrantzitsuenek gordetzen dituzten altxorrak ezagutzeko aukera izan zuten gipuzkoar askok.

Gurean Oñati eta Bergara izan ziren herri aukeratuak eta bietan, altxor horiek ezagutzeko asmoarekin herrikidez osatutako taldetxo politak eratu ziren.

500 urte dokumentutan

Normalean itxita egoten diren ateak zabaldu, eta Sancti Spiritus unibertsitatearen paretek gordetzen dituzten dokumentuak ezagutu zituzten zapatu goizean. Artxiboko teknikari den Ramon Martinen eskutik, hogei bat herritarrek Gipuzkoako protokoloen artxibo historikoan murgildu ziren. Egurrezko ate batzuen atzean, XVI. mendetik hona mimoz gorde dituzten dokumentuak ezagutzeko aukera izan zuten, "notarioek batutako dokumentuak dira", zihoen Martin teknikariak.

Historian askotan gertatzen den bezala, dokumentuek salerosketa edo izen aldaketa soil batzuk baino gehiago gordetzen dute, "garaiko gizartea ulertzeko tresnak dira". Oñatin gordetzen diren eskuizkribu gehienak gaztelaniaz dauden arren, euskarak noiz edo noiz, presentzia txikia dauka.

3.000 pieza baino gehiago

Bergaran arratsaldean batu ziren Errege Seminarioak gordetzen dituen altxorrak ikusteko. "Ikastolako umea naiz, eta beti jakin dugu eraikin honek altxor bat gordetzen zuela", aipatu zuen bisitari batek. Plazako atea zeharkatu bezain laster, seminarioak bere baitan hartzen dituen 3.000 piezak agerian geratu ziren. "Museo nazional baten pareko ondarea dago hemen", azaldu zuen Rosa Errazkin teknikariak. XVIII. mendeko tresneria, anatomiako maketak, animaliak... zerrenda ia amaigabea da, eta bisitariak aho zabalik geratu ziren.

Seminarioa ezagutu eta gero, museoaren behin behieneko egoitza izango den Errekalde jauregian jarraitu zuen bisitak. Eraberritze prozesuan dagoen eraikin honetan, museoa nolakoa izango den ikusi zuten bisitariek. Zapatuko bisitara joan ez direnak lasai egon daitezela, museoak ekainean zabalduko baititu bere ateak.

Garenaren erretratua

Zapatukoa bisita bat baino gehiago izan zen, oraina eta etorkizuna ulertzeko, iragana ezagutzea beharrezkoa da-eta. Ondarea zaindu, errespetatu eta gordetzeaz gainera, hura ezagutzea beharrezko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak