San Milixan Gatzagan: azoka baino gehiago

Ubane Madera 2014ko aza. 14a, 15:03

Domekan  da hitzordua. San Milixan zaindariaren egunetik (azaroaren 12) gertuen dagoen domekan, alegia. Eta egun horren bueltan bat egingo dute 15 artisauk, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik etorritakoek. Bitxiak, oihalak, narruarekin landutakoak… eskainiko dituzte Gatzagako pilotalekuan, 10:00etatik 14:30ak bitartean. Autobusak egongo dira egun guztian zehar Eskoriatzatik.

Horien artean izango da gertukorik. Adibidez, Angiozartik bertaratuko da larrugintzan-narrugintzan jarduten duen E-Mendi. Eta Leintz Gatzagako bertako ordezkaritza ere izango da, zilarrarekin landutako bitxiak egiten dituen Iker Zilart-en bitartez.

Apustu handia

Arnas-bidetxo bat. Hori gura diete eskaini artisauei Gatzagako San Milixan azokan udalerriko plaza egun batez euren lanen erakustoki eta saltoki bilakatuz. "22. edizioa da aurtengoa; ez da erraza. Esango nuke Gatzagan beti egin dela azoka horren aldeko apustua. Ez bakarrik udalerriari begira, baita artisauei eurei begira ere. Egiten ari garen hau bultzada bat da artisau profesionalendako. Herri txikia gara, eta hala ere, azoka duina egiten ahalegintzen gara, non, besteak beste, dieta ordaintzen zaien… ", esplikatu du Iñaki Agirreurreta Kultura zinegotziak.

Konplizeak behar

Iker Zilart-ek, adibidez, argi eta garbi salatu du artisauen egoera "penagarria" dela. Eta Agirreurretak azpimarratutako babesaren beharrarekin bat egin du: "Eskulangintza tradizionala galtzen dabil. Ez bakarrik gurea (artisauena), baita nekazariena ere. Jende gehiago animatu beharko litzateke halako azoketan ibiltzen eta bertan kontsumitzen. Neure kasuan, adibidez, 13 bat urtez artisautzan ibili ostean, azoketan ibiltzeari laga egin nion ilusioa galdu nuelako, eta artisautzan jarduteko ilusio handia behar da, ordu asko, lotura handia… eskatzen dituelako ogibide horrek. Horregatik behar dira artisautza baloratu eta babesten dituzten konplizeak, bertako produktuak erosiko dituztenak, bertatik bertara egindakoa baloratzen dutenak", esplikatu du.

Zailtasunak zailtasun, San Milixan azokan egoteari baietz esan dio . "Lehen aldia da. Poz handiarekin parte hartuko dut", aitortu du. Eta erakutsi ditu bertan salgai jarriko dituen bitxiak, zilarrez egindakoak. "Intsektuak dira nire bereizgarri", kontatu du tertziopelo gainean jarritako armiarmak, tximeletak… seinalatuz. Haien ondoan ditu, baita ere, bitxi "ohikoagoak": belarritakoak, lepokoak… Urtetan bere kabuz ikasitako zein bestelako artisauek erakutsitako teknikekin  edo jakintzekin landutakoak.

"Munduko talorik onena"  

Baina jakina, artisauendako Gatzaga plaza garrantzitsua bada, udalerriarendako ere aparteko garrantzia du San Milixanek. "Pentsa, herri erdi dago inplikatuta azokan", esan du Agirreurretak. Eta Sorginak elkarteko emakumeak jarri ditu adibide moduan, eurek prestatzen dituzte-eta artisauendako Toki Eder elkartean "babak sakramentuekin", adibidez.

Baina, baita ere, Sorginek egingo dutelako Gatzagako azokak dituen hiru elementu erakargarrienetako bat: "Munduko talorik onena (…) Arto-irina Goierri aldetik ekartzen dugu. Ez dago horrelako talorik bailara osoan", dio Agirreurretak.

Bestalde, Dorleta Txirrindulari Elkarteak ere parte hartuko du azokan, urtero moduan. Eta azokaren bestelako eskaintzen artean berria izango da Ander Arana Esteban gazte gatzagarrak 2-3 urtetan egindako marrazkiekin kultura etxean jarriko duen erakusketa Tinta txinaz egindako mendi eta itsasoan oinarritutako paisaien gaineko marrazkiak dira.

Eskola txikiaren alde

Eta erabat berria eta berezia izango den beste postu bat ere izango da aurten San Milixan azokan: Leintz Gatzagan gauzatu gura duten eskola txikiaren proiektuaren gainekoa. Gurel gurasoen elkarteak eta Udalak bideratuta, azokan esplikatuko dute zela datorren ikasturtean gura duten Gatzagan Eskola Txikia izan, Angiozarren antzera. Besteak beste, proiektu horren alde sinadurak batuko dituzte, gero Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean euren eskaerarekin batera aurkezteko. Iragarri dute, baita ere, azaroaren 22an herri argazkia atera gura dutela. .

"Etor daitezela"

Hala horrekin guztiarekin, Kultura zinegotziak aprobetxatu du tartea bisitariak erakartzeko gatzaren udalerrira, San Milixan azoka baliatuz: "Bigarren (elementu erakargarriena), artisauak dira; kalitatezkoak dira dudarik gabe. Eta hirugarren elementua da gatza; Gatz Museoa; gatzagarrak… Adibidez, gatzarekin xaboia prestatzeko hiru tailer egingo dira 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Doan eta euskaraz. Eta gero, egindako xaboi pusketak eraman ahalko dira etxera (…). Etor daitezela bisitariak. Ez dago  halakorik bailaran. Eguna pasatzeko elementu mordoa eskaintzen ditugu. Dena uztartu daiteke: azoka, talo batzuk, mendia…  inguruak oso polit daudesasoi honetan", gonbidatu ditu Agirreurretak.

Autobusa doan

Eta hori guztia nahikoa ez bada, erraztasunak ere ematen dizkiete bisitariei Gatzagara joateko: autobus zerbitzua, maiztasunez eta doan. 10:00etan irtengo da Eskoriatzatik; bi lekutan geratuko da: Akeita parean eta gasolindegi parean. 15-20 minuturo egingo du joan-etorria. "Autobusez etortzea komeni da, Gatzagan ez dago-eta autoendako leku larregi", bukatu du Agirreurretak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak