Xabier Bengoetxea da enpesako presidentea eta abiatze prozesuaz dihardu elkarrizketa honetan. Oraingoz, Eskoriatzako eta Arrasateko Garagartza auzoko lantokiekin hasi dira eta Bergarako Geyserrekoari ere eusten diote.
Duela urtebete elkarrizketatu zintugun. Une zailak bizi zenituzten orduan Fagor Etxetresnen itxierarekin. Zelakoa izan da azken urte hau?
Orduan oso bestelakoa zen egoera. Aurrekonkurtso legean sartuta geunden Fagor Etxetresnetan. Urtebete igaro da eta konkurtsoan eman dugu urte osoa, ia-ia. Lan handia izan dugu prozesu osoan. Administratzaileekin lanean batez ere.
Ordaindu plataforman batzen diren kaltetuekin harremanik izan duzue?
Hainbat batzar-eta izan ditut. Urte osoan batzar asko izan ditut Fagor Etxetresnetako hainbat talde edo langilerekin, bazkideekin… Baita Ordaindu edota Eskuratukoekin…
Galagarza Electrodomesticos da CNA taldeak Fagor Etxetresnen ondasunak erosi ostean sortu den enpresa berriaren izena.
CNAren matrizea izango da Galagarza Etxetresnak. Baina autonomia osoa izango du enpresa berriak, kontuan izanda erosi dituen Fagorren aktiboak. Nor bere aldetik jarraituko du, nahiz eta jabe bakarra izan.
Zu zeu zara enpresa berriaren presidentea. Noiztik?
Urriaren 1ean ekin nion ofizialki.
Eskoriatzako lantokia abian dago. Garagartzakoa noiz hasiko da?
Joan den eguena ezkero dihardu lanean Eskoriatzakoak, hau da, produzitzen; izan ere, lehenagotik ziharduen probatan. Bestetik, oraingo eguenean hasi da Garagartzakoa. Zerbait atzeratu da, azken orduko gorabehera batzuk izan ditugulako hornitzaileekin-eta. Bi lantokiak kontuan izanda, 155 bat langile ari gara lehen fase honetan. Horretaz gain, Geyserrek ere lanean jarraitzen du, ez du urte honetan etenik izan, eta han beste 124 langile ari dira.
Zer ekoiztuko duzue?
Eskoriatzan, lehen egiten zen bera: etxetresna txikiak. Berez, halere, eltzeak egiten ziren bertako plantan eta horixe egingo dugu orain ere. Garagartzan, ostera, egosketako produktuak: labeak eta plakak.
San Andresen hasiak zineten lanean.
Oraingoz, bulego zentralak ditugu han, baina aurreikusten dugu Garagartzan kokatzea horiek. Hango bulegoak txukundu eta egokitu egin behar dira, urtebetean geldirik egon ostean. Eta, bitartean, San Andresen izango dira, hiruzpalau hilabetez, giza baliabideetako, finantzetako eta komertzialeko arloak.
Bergarako Geyser aipatu duzu eta %50 izan da hura Fagorrena. Aurrerantzean?
Fagorren zatia, enpresaren erdia, Galagarza Etxetresna enpresa berriak hartu du eta bestea, orain arte bezala, Vaillantena da. Halere, gure asmoa da martxoan enpresa osoa eskuratzea, Vaillanti bere zatia erosita. Gas berogailuak egiten segituko dugu bertan.
Bergarako Geyserren produkzioa hazi egingo da?
Posible baldin bada, bai. Merkatuak aginduko du.
Catak lehengo Fagor Etxetresnen ondasunak erosi zituenean aurreikuspen batzuk egin ziren eta epe baten barruan 750 langile izatera helduko zinetela adierazi zen uztailean. Epeak beteko dituzue?
Hasi berriak gara eta, aurreikuspenen arabera, lehen urtean 700 langiletik gora izatera heltzea da asmoa. Hortaz, datorren urteko azaroan kopuru horretara heldu nahiko genuke. Estimazioak dira, baina, azkenean, merkatuak jartzen zaitu dagokizun tokian. Goizegi da aurreikuspenak beteko ditugun jakiteko.
Fagor Etxetresnetan bideragarri edo errentagarrienak ziren negozioei helduko diezue?
Bai; Garagartzan, esaterako, egosketako produktuak eta garbigailuak egiten genituen. Oraingoz, egosketarekin hasi gara. Ikusteko dago garbigailuak egingo ditugun edo ez. Errentagarriak badira, egingo ditugu.
Gaur eta hemen garbigailuak egitea errentagarria da?
Zati bat, espero dut, baietz. Goi gamakoak egiten baditugu posible izango dela iruditzen zait, baina aztertzen dihardugu. Une honetan gure lehentasuna da egosketa produktuak eta eltzeak egitea.
Komertzializatuko dituzuen produktu guztiak Debagoienean ekoiztutakoak izango dira?
Ez. Beste toki batzuetan egindakoak ere salduko ditugu, lehen egiten genuen moduan. Garbiketa edo hotzeko hainbat produktu kanpotik eginda ekarri eta komertzializatzen genituen. Orain ere hala izango da. Kopuruari dagokionez, lehen baino gehiago izango dira kanpoan egindakoak. Gure katalogoa osoa izango da.
Ze marka salduko dituzue?
Fagor eta Edesa.
Cataren produkturik?
Oraingoz, ez.
Edesa aipatu duzu. Zer gertatuko da Basauriko plantarekin?
Ikusteko dago. Han egiten ziren termoak egin egingo ditugu. Ikusteko dago zenbat egingo ditugun eta non egingo ditugun. Hori ez dugu erabaki oraindik. Ez dakigu Basaurin egingo ditugun edo beste nonbaiten.
Bergarako Geyserren?
Aukerak hauek dira: Basaurin egiten ez baditugu, Eskoriatzan, Garagartzan edo Bergaran egingo ditugu. Ez dago beste aukerarik. Basauriko eraikina likidaziora aterako da aurki eta ez dakigu jabetza zeinena izango den.
Zein da zuen interesa?
Ahalik eta termo gehien egitea eta ahalik eta errentagarritasun handiena lortzea. Berdin digu non produzitzen diren. Gure negozioarendako ahalik eta zifra handienak lortzea da helburua. Egiten dugunak jasangarria izan behar du eta negozioarendako lagungarria. Horrek sortzen ditu lanpostuak. Han edo hemen dela? Garrantzitsua da, baina inportanteagoa da produktu ona, salgarria eta errentagarria egitea.
Bilboko ogasunari interesatuko zaio Basaurin egiten segitzea.
Bai, hori ulergarria da, baina guk beste hainbat faktore izan behar ditugu kontuan, eta, betiere, negozioa da inportanteena.
Urtebetean Fagorrek ez du ezer produzitu. Ze eragin izan du horrek merkatuan?
Produzitu ez dugunez, geunden tokietatik atera egin gara. Ondorioz, Fagorren produktuak ez dira saldu eta zeukan merkatua beste batek hartu du. Hortaz, lehengo merkatu kuota berreskuratzea da helburua. Gure komertzialek merkatura atera behar dute. Hori da gure aurreneko lana. Espainia da gure merkatu handiena eta %12 eta %15 arteko merkatu kuota geneukan lehen Fagorrekin. Hori berreskuratzen saiatzea da erronka. Baina ez daukagu epe jakin bat hori lortzeko.
Fagorren eta Edesaren lehiakide nagusiak zeintzuk dira?
Lehengo berdinak. Espainian, handiena, Bosh-Siemens. Lehen geneukan erreferentzialtasuna berreskuratzea da helburua.
Non kokatuta zegoen Fagor, ze esparrutan?
Prezioaren aldetik, erdi eta goi gaman. Merkatuan nabaritasun eta ospe handia zeukan. Edesa apur bat azpitik zegoen prezioaren aldetik. Aurrerantzean, posizionamendua berdina izango da.
Zerbitzu teknikorik izango duzue?
Bai. Kooperatiba bat sortu dute lehen Fagorrendako lanean zihardutenek. 30 bat lagunek. Sare Teknika dauka izena eta haiekin kontratua sinatu dugu haiek guri zerbitzua eskaintzeko. Bezeroarendako, alde horretatik, gauzak ez dira asko aldatuko.
Zenbat langile zituen Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibak, itxi aurretik?
2.000 inguru zituen itxi zenean.
Aurrerantzean 700 bat langile izango ditu. Hortik lehiakortasuna?
Zati baten bai. Asmoa da produktu gutxiago ekoiztea hemen eta gehiago komertzializatzea. Errentagarritasun horren bila.
Fagorren eta Edesaren katalogoa prest daukazue?
Bai, datorren urtera begirako produktuak salgai ditugu dagoeneko eta komertzialak horrekin dabiltza lanean.
Zenbateraino zen garrantzitsua berrikuntza Fagor Etxetresnetan eta zenbateraino izango da aurrerantzean?
Beti da garrantzitsua sektore honetan. Eta jarraituko du izaten. Inbertsio handia eskatzen du, baina beharrezkoa da; izan ere, inbertitu ezean, lasterketa teknologikoa gal zenezake.
Berrikuntzari dagokionez, zenbateraino da garrantzitsua enpresa berria Debagoienean kokatuta egotea eta Mondragon Taldea gertuan egotea?
Galagarza Etxetresnak enpresa berriak berrikuntza departamentu propioa beharko du. Baina teknologia zentroak baditu inguruan eta hori ere inportantea da.
Lehengo hornitzaileak izango dituzue?
Bai, orokorrean, bai. Erantzun ona izan genuen lehen. Era askotakoak geneuzkan, eta mundu osokoak; batzuk hemengoak bertakoak, Usurbilen edo Arrasaten; beste batzuk, Txinan edo Polonian. Fagor Taldekoak ere bageneuzkan. Fagor Etxetresnak erori zenean, hornitzaile batzuek eutsi zioten; beste batzuek, tamalez, ez. Egosketako negoziokoak berreskuratu ditugu eta hori albiste ona da guretako eta haiendako.
Bezeroak non dauzkazue?
Fagor Etxetresnen ondasunak eskuratzean, haien hainbat filial ere lortu ditugu: Marokon, Dubain, Txinan, Ameriketako Estatu Batuetan… Haien bidez salduko dugu munduan zehar. Baina zatirik handiena Euskal Herriko eta Espainiako merkatuan salduko dugu.
Gaur egun kontratatzen diharduzuen langileak ze profiletakoak dira?
Postu bakoitzak berea dauka eta denetik kontratatzen dihardugu. Lehen Fagor Etxetresnetan zeudenak kontratatzen badihardugu, han egiten zituzten lanetan. Baina langile berriak ere hartu ditugu.
Fagor Etxetresnetako lan-bazkideengana jo duzue lehenbizi?
Lan barik geratu ziren lan-bazkideen eta gainerako langileen lan-poltsak baditugu eta handik bagabiltza kontratatzen. Oso ezezko gutxi jaso ditugu. Lehengo Fagor Etxetresnetan ziharduten langileen hamarretik bederatzik baietza eman dute proiektu berrirako.
Soldata bertsuak izango dituzte langileek enpresa berrian?
Gipuzkoako lan hitzarmena izan da gure erreferentzia. 2011ko taulak gaur eguneratu ditugu eta horiekin ari gara lanean.
Lan eskaera asko jaso dituzue?
Bai. Eta egunetik egunera jende gehiagok ematen du izena.
Fagor Taldeko gainerako kooperatibekin ze harreman dituzue?
Onak. Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatiba elkarteko errektore kontseiluko presidentea izan nintzela kontuan izanda, bereziki. Kasu batzuetan, hornitzaile ere badira enpresa horiek.
Garbigailuak egiten dituen beste enpresa bat erori da Debagoienean: Bergarako Candy. Zaila da garbigailuak hemen ekoiztea?
Hala dirudi. Zenbait produktutan errentagarritasuna lortzea zaila da. Ondo ezagutzen dudan enpresa da Candy. Bost urte aritu nintzen giza baliabideetako arduradun, 2005etik 2010era. Egungo erabakiaren zehaztasunik ez daukat, halere. Okerrena da Fagorri gertatu zitzaiona gertatu zaiola Candyri ere eta, kasu honetan, 150 lagun lan barik geratuko direla.
Eraginik izango du zuenean Bergarako Candy itxi izanak?
Ez dut uste. Azkenean, hemengo produkzioa geldituko den arren, beste toki batzuetan egingo dituztelako garbigailuak eta saltzen berdin-berdin jarraituko dutelako. Gure lehiakide izaten jarraituko dute. Kanpotik ekarri eta hemengo merkatuan komertzializatuko dituzte garbigailuak.
Zelako harremana daukazue Catarekin?
Talde bereko enpresa izango gara. Besterik ez. Catak ez ditu gure produktuak salduko. Orain, litekeena da Catak egiten dituen sukaldeko tximiniak, guk egiten ez ditugunez, saltzea geuk. Oraingoz ez, baina etorkizunean, akaso, bai. Enpresa bezala, nork bere bizitza izango du.
Ikusi dugu hasi zaretela publizitatea egiten pilotarien elastikoetan.
Bai, Fagor berriro ere merkatuan dagoela islatu nahi dugu. Gure merkatuan ezinbestekoa da agerikotasuna eta nabarmentzea. Enpresa txikia da gurea eta baliabide handirik ez daukagu, baina beharrezkoa da publizitatean inbertitzea.