Gipuzkoan gehien birziklatzen duen bigarren eskualdea da Debagoiena

Eneko Azkarate 2014ko aza. 12a, 14:15

Debagoiena da lurraldean gehien birziklatzen duen bigarren eskualdea. %55,1eko birziklatze tasa dauka. Gipuzkoaren batez bestekoaren gainetik, nabarmen. Izan ere, Foru Aldundiak emandako datuen arabera, aurtengo sei lehen hilekoan, %42ko tasa lortu da lurraldean. "Urtea %45ekoarekin bukatzea da aurreikuspena" diote Diputaziotik. 2007an %21,7koa zen lurraldeko birziklatze tasa. 2011n, oraingo agintaldi hasieran, %31,7koa. Debagoienean, 2013ko datuekin alderatuta, ia 15 puntu egin du gora birziklatze tasak eta gehien hazi den eskualdea da, alde horreratik.

Gipuzkoako mankomunitate guztiek emandako datuen arabera, gure lurraldeak %42ko birziklatze tasa lortu zuen aurtengo lehen sei hilekoan. Beraz, 2013ko datuarekin alderatuta, lau puntu egin du gora Gipuzkoak. Gaur egungo joerarekin jarraituz gero, urte bukaeran %45 inguru birziklatzera iritsiko da Gipuzkoa; hau da, 2009an birziklatutakoaren bikoitza.

Sasietako Mankomunitatea lehenengo

Mankomunitateka aztertuz gero, Sasieta, Debagoiena, Tolosaldea eta Urola Kosta Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik daude; Urola Erdiak, San Markok, Txingudik eta Debabarrenak, aldiz, batez bestekoaren azpitik birziklatzen dute. Gutxien birziklatzen duena, Debabarrena, zazpi puntu dago lurralde osoko batez bestekoaren azpitik.

"Nabarmentzekoa da, batez ere, Sasietak, Debagoienak eta Tolosaldeak iaztik hona izandako bilakaera, hamar puntutik gora hobetu dute-eta 2013ko birziklapen tasa" diote Foru Aldunditik.

Datuok eta azken hilabeteetan "hainbat herritan egindako hobekuntzak kontuan hartuta", 2014. urtean %45 inguruko birziklapen tasa izatea aurreikusi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

"2016rako, %60koa helburu"

Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak oso balorazio ona egin du emaitzez: "Duela bost urteko emaitzak bikoizten ari gara, eta gora egiten jarraitzeko oinarria dugu. 2016rako %60ko birziklatze tasa dugu helburu, eta bide honetatik jarraituz gero, lortu egingo dugu. Sasieta eta Debagoiena, adibidez, oso gertu daude helburu horretatik, eta Tolosaldeak ere aurrerapauso handia eman du eta are handiagoa emango du, ziur asko, datozen hilabeteetan, Tolosan abian jarritako sistema berriarekin. Bide onetik goaz.  Garbi izan dezagun, ordea, horretarako, hondakinak gaika biltzeko neurri eraginkorrak hartu behar direla Gipuzkoa osoko udalerri eta mankomunitateetan".

Urrats "ausartak"

Horregatik, Errazkinek urrats ausartak emateko deia egin die gutxien birziklatzen duten mankomunitateei. "Europako Batasunak dio Birziklapenaren Gizartea eraiki eta birziklagarria den guztia birziklatu behar dugula. Gipuzkoako instituzio eta alderdi politiko guztiok bat omen gatoz helburu horretan. Koherenteak izan gaitezen denok, beraz, eta neurriak har ditzagun birziklagarria den oro birziklatzeko. Ez soilik Europak eskatzen duelako, baita logikoena eta arduratsuena delako ere. Oraindik ere %40tik behera dauden mankomunitateek ausartago jokatu behar dute Batzar Nagusiek onartutako helburua lor dezagun".

"Gako nagusia gaikako bilketa"

Hondakinen kudeaketa egokiaren "gako nagusia gaikako bilketa" dela nabarmendu du Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak: "Hondakinen kudeaketa egoki batek gaikako bilketa eraginkorra izan behar du oinarri, eta azpiegitura sareak bilketa eraginkor horri erantzun behar dio. Horretan ari gara, hain zuzen ere, Gipuzkoan. Ondo ari gara eta emaitzak begien bistakoak dira: duela bost bat urte pentsaezina zen Europak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek beraiek jarritako birziklapen helburuetara iristea".

Iñaki Errazkinek eskerrak eman dizkie gipuzkoarrei "emaitza bikain" hauengatik –"haiek dira birziklapenaren eta hondakinen kudeaketa iraunkorraren benetako protagonistak"- eta bide honetatik jarraitzeko deia egin die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak