Ebolak geldiarazi duen ikasle debagoiendarren egitasmoa

Julen Iriondo 2014ko aza. 5a, 14:01

Mondragon Unibertsitatearen LEINN graduko ikasle diren Jon de Andresek, Jon Aranak eta Mamadou Touladio Diallok aurreratuta zuten Gineako Errepublikako hiriburuan, Konakryn, Safia Ecole izeneko ikastetxean hezkuntza eredu berria ezartzea helburu duen proiektua.

Ekintzailetasuna, lidergoa eta talde-lana –beste balio batzuen artean– sustatu nahi dituzte hezkuntza eredu berria ezarrita, baina ebolak eragotzi du egiteko horrekin MUko hiru ikasleak –bi arrasatearrak eta hirugarrena Oñatin bizi den ginearra– herrialdera egitekoak ziren bidaia. Ginea da gaixotasunak eragin handiena izan duen Afrikako herrialdeetako bat, Sierra Leonarekin eta Liberiarekin batera; 5.000 hildako inguru eragin ditu birusak, hiru herrialdeotakoak batuta.

Herrialdearekiko interesa

Mamadou Touladio Diallok sorrarazi zien De Andresi eta Aranari Gineari buruzko kuriositatea. LEINN graduko proiektua egin behar, eta iruditu zitzaien herrialde hartan koka zezaketela, taldekideetako bat bertakoa izanda, gainera; hezkuntza alorrean gauzak egin zitezkeela pentsatu zuten, eta Safia Ecole-era jo. Begi onez ikusi zuten han ikasle debagoiendarren asmoa.

Jon Aranak dio, Ginean, unibertsitate ikasketak bukatzen dituzten ikasleek ez dutela "ezer sortzeko kulturarik. Egiten dutena izan ohi da curriculumak bota enpresetan, eta itxaron ea hartzen dituzten. Lanik ez dagoenean, ez dituzte hartzen [langabezia tasa handia dute]. Beraz, zer egin behar da? Ba, lana sortu. Eta nola sortzen da lana? Ba, proiektuak edo aktibitate ekonomikoa sortuz, aurrena bizirik irauteko emango dizutenak, ondoren hazten ahalegintzeko. Eta hori nahi genien irakatsi: nola sortzen den proiektu bat, nola eraman lidergoa, nola kudeatu pertsonak, denbora, baliabideak...".

Egin zuten unibertsitateko tituludun langabeentzako hilabeteko programa, eta ikasle ginearrek ondo hartu ei zuten: "Esan ziguten pozik jarraituko zuketela". Iazko uztailean izan zen hori, eta berriz ere Gineara joan eta zerbait epe luzeagorakoa –Lehen Hezkuntzatik aplikatzekoa, txikitatik barnera zitzaten lehen aipatutako balioak– martxan jartzeko asmoz itzuli ziren Euskal Herrira, Afrikako hura "aukera handiak" eskaintzen dituen herrialdea dela ikusita. 

"Nekazaritzan badira baliabideak, baina garaturik ez dagoenez... Mangoa edo beste fruta batzuk ditugu, adibidez; baina dena galtzen da, zuku bilakatu beharrean, esaterako. Beste prozesu batzuk egin ahal izango lirateke; aldiz, inportatu egiten dira, nahiz eta lehengaia kantitate handietan izan herrialdean", dio Mamadou Touladio Diallok; are adibide deigarriagoa jartzen du Jon Aranak: "Ni harritu ninduena izan zen artoa zutela eta krispetak [palomitak] inportatu egiten zituztela", zioen, batetik besterako eraldaketa hain gauza sinplea izan arren.

Zentzu horretan iruditzen zitzaien, bertako lehengai aberastasuna ikusita, herrialdean bertan aktibitatea sortzeko aukera bazela; bestalde, beste lan-ildo bat ere ireki zuten, Euskal Herriko enpresei Ginearekiko interesa sorrarazten ahaleginduz: "Hango egonaldian ikusi genuen aukera handiak zeudela, eta bazeudela gauza asko han egin zitezkeenak, hemengo enpresek egiten dituztenak. Adibidez, ikusi genuen potentzialtasun handia dutela energia berriztagarriek. Eguzki asko dago han, eta ia ez dago eguzki panelik. Handik itzultzean pentsatu genuen topaketa bat sortzea, Afrorum izenekoa: kontua izan zen enpresa euskaldunak eta enpresari afrikarrak batzea, elkarren arteko lankidetza bat bultzatzeko", dio Aranak. 

"Nazioartekotze soziala da guk proposatzen dugun eredua. Agian hemen baditugu baliabide batzuk han ez dituztenak; beraz, gauza batzuk eraman behar dira hemendik hara. Baina kontua ez da hemendik hara joatea dirua irabaztera hango egoeraz arduratu gabe. Negozio edo sistema inklusibo bat sortzea da kontua, zuk irabaziak sortzeko, baina aldi berean han enplegua sortzeko, jendea formatzeko eta bertako ehun ekonomikoa garatzeko"; urtarrilean egin zuten topaketa, eta hamabost euskal enpresa eta beste hainbeste enpresaburu ginear batu zituzten; proiektu batzuk bideratzen hasita zeudela diote LEINNeko ikasleek, baina ebolak hori ere geldiarazi duela.

Hazkundea gelditu du Ebolak

Oro har, herrialdeko ekonomia hazten ari zen garaian iritsi da gaixotasuna, eta hazkunde hori geratzea ekarri du: muga guztiak itxi dituzte, hegaldi ia guztiak bertan behera utzi, kanpora ezer ezin dute saldu, eta ezta kanpotik ekarri ere. Beste herrialde batzuekin izan ohi dituzten merkataritza harremanak, edo ekonomikoak, etenda daude, eta horrek eragin zuzena du landa ingurunean ere, Mamadou Touladio Diallok dioenez; ohi baino gutxiago ekoizten ei da, eta bertako bizilagunen diru-sarrerak beherantz doaz.

MUko ikasle ginearra eta bi kide arrasatearrak aurten ziren herrialdera itzultzekoak, aipatutako hezkuntza ekimena martxan jartzera. Oraingoz, baina, geldiarazi egin dute proiektua, nahiz eta baduten hari berrekiteko asmoa: "Motibatuta jarraitzen dut, nahiz eta itxaron egin behar. Gogoa daukat nire ekarpentxoa egiteko han, ikasi dudana aprobetxatuz", dio Mamadou Touladio Diallok.

----------

Gineako Errepublika, birusaren jatorri

Aspaldian hitzetik hortzera dabilen ebola izurriteak Gineako Errepublikan izan du sorburua. Oihan ingurune batean agertu zen lehen kasua, Konakry hiriburutik 1.000 kilometro ingurura, martxoan. Handik zabaldu zen Sierra Leonara eta Liberiara, eta Gineako beste zonalde batzuetara, neurri txikiago batean. Eta zabaldu zen, Mamadou Touladio Dialloren arabera, herrialdeko arduradun politikoen kudeaketa txarragatik; ginearrak argi du egin ez duten zer zen egin beharrekoa: "Gaixotutako jendea osatu arte ez zedila bidaiarik egon zonalde hartara, eta hango jendeak ere ez zezala irten". Bere herrian ere bi hildako egon direla dio MUko ikasleak, baina, hartu beharreko neurriak hartuta, bere ingurukoak lasai daudela.

----------

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak