Asier Elorza: "1.500 familiatik gora dira gurekin parte hartzen dabiltzanak Montepuezen"

Irati Goitia 2014ko urr. 24a, 12:26

Asier Elorza arrasatearra Mundukideko kooperantea da. Azken urteotan Mozanbiken izan da. Orain, Brasilera joan da Movimiento Sin Tierra-rekin elkarlanean duten proiektu batera lanera.

Mundukidek Montepuezen duen proiektua koordinatzen izan zara azken urteotan. Zein izan da zure zeregina, zehazki?
Mozambikeko barruti aberatsago edo garatuagoetatik nekaraziak ekartzen genituen gure barrutira. Eurekin nekazaritza asistentziarako talde bat eratzen genuen, gure distrituko nekazariei aholkuak eta formakuntza eman ziezaioten. Guk dena koordinatzen genuen eta beharrezko laguntza eskaini. Hein batean, ortuetako produkzioa handitzeko edo produkzioan sartzeko aukera ematen diogu jendeari. Horrela, euren errenta handitzeko aukera dute.

Nola egiten du hobera euren bizitza estiloak?
Orain dela hiru urte Mozambikeko Gobernuak esan zuen nekazari familia bat urtean 150 eurorekin bizi zela. Gure proiektuan daude familia nekazari onenek 2.000 euro irabazten dituzte urtean eta hasiberriek 400 edo 500 euro inguru. Horrek ahalbidetzen die etxeetan txapa jartzea edo motorra erostea. Gainontzekoek hori ikusten dutenean, interesa adierazten dute. 

Hasieran zaila izaten al da jendea proiektuetara erakartzea?
Mundukidek paternalismoa ez du bere baloreen artean. Guk eskaintzen duguna zerbaiten truke eskaintzen dugu, eta gehienetan ordaindu egin behar izaten dute. Askotan ez daude horretara ohituta. Paternalismo  baten baitan izan dira, Gobernutik zein GKEetatik eskaini izan zaie hori. Beraz, hasieran  kosta egiten da, baina poliki-poliki lortzen da. Beraien bizitza kalitatea hobetzen dela ikusten dutenean... Orain, dinamika ona dugu. 1.500 familiatik gora dira gurekin parte hartzen dutenak. 200 hektarea ortu izango dira.

Noiz arte egon beharko duzue Mozambiken kooperanteok?
Ez dago datarik. Mundukidek ez ditu bi edo hiru urteko proiektuak garatzen. Marrupakoan 15 urte daramatzagu eta badago zeregina. Gauzak ikasteko denbora asko behar da. Nik neuk beste sei urte egingo nituzke, posible bada.  

Zerk motibatzen zaitu kooperante izatera?
Beste kultura batzuk ezagutzeko edo beste jende batzuekin erlazionatzeko helburuak. Jende horri laguntza eskaini badiezaiokezu askoz hobe. Esango nuke altruismo berekoia dela. Bestalde, asko ikasten da beste gizarte eredu batzuetatik.

Orain Brasilera zoaz...
Bai, Sergipeko proiektura. Han Movimiento Sin Tierrarekin jarduten dugu elkarlanean. Hiru urte daramatzagu Brasilgo iparraldean (Sergipen) eta proiektuak ez du hartu nahi genuen abiadura. Hori indartzen saiatuko gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak