Euskaraz akats ortografiko barik eta gainera lexiko egokia erabiliz idazten laguntzeko tresna jarri berri du sarean UZEIk. Euskarazko lehen lexiko zuzentzailea da Hobelex eta termino egokia, Euskaltzaindiaren arauak eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordean erabakitakoen arabera iradoki eta zuzenketa egiten du. Datu basea etengabe eguneratuko du IZEIk.
PCetarako Word testu-editorean eta Office aplikazio sortetan erabil daiteke oraingoz bakarrik eta ordenagailura jaitsi behar den paketea kargatu eta instalatu behar da.
Gainerako testu-zuzentzaileen moduan, testua idatzi ahala zuzentzen du Hobelexek eta baita, behar den kasuetan, hobespen lexikoak iradoki. Testuaren zuzentasun ortografikoaz gain, hala, egokitasun lexikoa ere bermatzea da helburua. Adibidez, desarme, Japon ala deklaratu bezalako berbak ortografikoki zuzenak badira ere, armagabetze, Japonia eta adierazi hobesten dira arauetan eta egokitzapen horiek dira Hobelexek proposatzen dituenak.
Microsoft-en Word eta Office sortetan erabil daiteke soilik baina, UZEItik adierazi dutenez, aplikazio eta sistema gehiagotara zabaltzeko asmoa dute etorkizunean eta horretan dihardutela lanean.