Zestoara bideratuko diren hondakin inerteen tratamenduari dagokionez, tratamendu mekaniko-biologikoa emateko planta bat eraikitzea eta horrek utziko dituen hondakin "inertizatuen" biltegia sortzea proposatuko du Diputazioak.
Oxigenoa, gasa eta likidoa kendu
Modu horretan, tratamendu mekaniko-biologikoaren plantan material batzuk berreskuratu egingo dira, gero konposta egiteko edo birziklatzeko; beste batzuk, berriz, "inertizatu" egingo dira. Hau da, azken horiei, duten oxigenoa, gasa eta likidoa kendu egingo zaizkie, kutsadurarik eta usainik sor ez ditzaten. Hori guztia egingo dute, Alemanian duten arautegian oinarrituta.
Urtean 170.000 tona tratatzeko gaitasuna izango du planta mekaniko-biologikoak. Osinbeltzeko biltegiak, berriz, 15 urtean gordeko ditu hondakin inerteak, baina epe hori luzatzeko aukerarekin. Kopuruari dagokionez, Diputazioak kalkulatu du urtean 70.000 tona hondakin inerte hartzeko gaitasuna izango duela.
Bi arrazoirengatik aukeratu du Gipuzkoako Diputazioak Osinbeltz: bata da Gipuzkoan erabiltzen ez den harrobirik handiena dela; eta bigarrena da hura betetzen joateaz batera, gunea ingurumen ikuspuntutik berreskuratzeko proiektua abiarazi gura duela.
Konpost plantak martxan
Bestalde, Osinbeltzeko biltegia martxan jartzeaz batera, Gipuzkoako zabortegiak ixteko (Zarauzkoa, Azpeitikoa eta Beasaingoa) eta konpost-planta berriak zabaltzeko asmoa du Diputazioak: Azpeitian (Lapatx, martxan dagoena); Bergaran (Epele, obretan dagoena) eta Zubietan, hain justu ere.