Hitz eta pitz, euskararen alde berbetan

Duela hamasei urte piztu zen mintzapraktiken ekimena Arrasaten, baina gaur egun ia bailara osora hedatu da. Horrela, Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Oñatin ia 50 talde elkartzen ditu astero egitasmoak. Gaurkoan Aretxabaletako eta Arrasateko hiru talde elkartu ditugu, egitasmoa gertutik ezagutzeko.

Kafe baten aitzakian, hainbat debagoiendar astero-astero biltzen dira mahai baten bueltan. Bakoitzak baditu bere zaletasunak, badu bere lanbidea (edo ez) eta badu bere bizitza, baina ordubetez, helburu bakarra partekatzen dute guztiek: euskaraz hitz egitea.

Duela hamasei urte piztu zen mintzapraktiken ekimena Arrasaten, baina gaur egun ia bailara osora hedatu da. Horrela, Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Oñatin ia 50 talde elkartzen ditu astero egitasmoak. Batzuek kafetegietan jartzen dituzte mingainak dantzan; beste batzuek, berriz, pintxo-poteetan edota pasieran, baina badira mendizaletasuna zein gurasotasuna euskaraz bizitzeko geratzen direnak ere. Kontua hitz egitea da, lotsa galtzea.

Euskararanzko bidea

Helmugara begira jarrita, guztiek bilatzen dute euskaraz mintzatu eta ahal beste ikastea. Bidean, saioetako hartu emanetan, erlazio berriak sortzen dira, eta inguruan euskaraz hitz egiteko inor ez izatetik, pixkanaka sare bat osatuz joaten da.

Saioetan, baina, mota guztietako hiztunak nahasten dira. Badira euskaraz jakin arren aspaldi alde batera utzi eta berreskuratu nahi dutenak, baita ikasten hasi berri direnak ere. Bidelariak ditugu horiek. Baina talde guztietan bada, gutxienez, euskaraz bizi den norbait, bidelariei bidea egiten laguntzen dien bidelaguna. Dena den, ez da hierarkiarik, ezta bete beharreko ardurarik ere, mintzapraktika saioak lagun arteko tertuliak baitira. Giro informalean, bidelari zein bidelagunei euskaraz aritzeko konpromisoa soilik eskatzen zaie saioetan, astean ordubetez.

Horietako batean elkartu dira Aretxabaletako eta Arrasateko hiru talde. Salbuespena egin dute gaurkoan, berez talde askoz ere txikiagoetan bildu ohi baitira, bizpahiru kidekoetan, baina badira seikoak eta zazpikoak ere.

Mari Tere Elortzak oraindik ez du bere buruan segurtasun handirik, baina argi du "kosta arren saiatzea" dela garrantzitsuena. Bidelagunek, ordea, ingurua aipatzen dute faktore nagusi gisa. Izan ere, euskaraz jakin arren, erabiltzen ez dutenek pixkanaka ohitura galdu egiten dutela azaldu du Olatz Pagaldaik. Aretxabaletarrak dioenez, "inguruan euskaraz bizi den inor ez dutenek tabernetan edo dendetan aurki ditzakete praktikatzeko aukerak, baina horiek ez dira benetako elkarrizketak". Eta horixe da mintzapraktika saioetan eskaintzen dutena: edozein gairi buruz euskaraz aritzeko aukera. Eguneroko gorabeherez, herriko kontuez edota pil-pilean dauden gaiez aritzen dira, giro informalean. Gainera, saioek aurrera egin ahala, mintzalagunak lagun ere bilakatzen dira, taldeak zaletasun eta adin-tarteen arabera osatzen baitira.

Miren Arregi bidelagunak saioetara gerturatzen diren guztiei gomendatzen die pixkanaka taldetik kanpo ere euskaraz egiten hastea, euren praktika eremua zabaltzeko. "Lehen  hitza euskaraz egitea besterik ez dago, eta harrituta geratzen dira euskaraz zenbat jendek egiten dien ikusita", dio Arregik.

Beldurrak eta lotsak

Gero eta hobeto moldatzen dira orain euskaraz, baina gogoan dituzte euskara ikasten edo berreskuratzen hasi zirenekoak. Mari Carmen Arconadarentzat ulermena izan da betidanik oztopo nagusia, "ulertu ezean ez dago erantzuterik eta komunikazioa moztu egiten da", esan du. Batez ere, euskaldun zaharrekin izaten dituzte zailtasunak.

Mintzapraktika egitasmoak iazko ikasturtean egindako ikerketaren arabera, saioetan parte hartzen dutenen %67k beldurra eta konfiantza falta ditu oztopo euskaraz egiterakoan, eta %54ari, berriz, lotsa ematen dio "euskara perfektua" ez izateak.

Horrez gain, eta orokorra ez den arren, zenbait jendek euskaldun berriekiko duen jarrera ere aipatu dute zailtasun gisa. Izan ere, inoiz begirada txarrak edo gutxiespenak bizi izan dituztela aitortu dute. Horrek, nola ez, euren buruarengan duten konfiantza zapuztu besterik ez du egiten, eta "beldurrak eta lotsa areagotu" egiten dira.

Olatz zerbaitek azaldu duenez, euskaldun zahar asko "ez dira ohartzen zorte handia dutela euskaraz ondo jakiteagatik, eta ez dute baloratzen egiten dugun ahalegina". Edonola ere, horiek kasu puntualak direla azpimarratu dute guztiek, eta normalean, jendea laguntzeko prest izaten dela, jasotako erantzuna "ona" izan dela.

Arconadak esperientzia asko izan ditu, lanean euskaraz aritu beharra izaten baitu, eta haren esanetan, "jendeak eskertu egiten du gure ahalegina, batzuetan hanka sartu arren". Gaineratu du ez dagoela zertan lotsatu, "zerbait nola esan ez badakit, isildu ordez, galdetu egiten dut" kontatu du. Beatriz Asenjok, berriz, hiztegia eta gramatikaren teoria ondo dakitela dio, baina arazoa praktikan jartzerakoan iristen dela. "Askotan isilik geratu izan naiz, hitz egokiaren bila", dio, "baina, azken finean, euskaldun zaharrek ere erabiltzen dituzte erdarakadak. Nork erabiltzen du esne-gaina hitza? Jende guztiak nata deitzen dio!".

Ekintza osagarriak

Asteroko mintzapraktika saioez gain, beste ekintza batzuk ere antolatzen dituzte, hilean behin. Horrela, afari, mendi irteera, ikastaro, tailer, hitzaldi eta bestelako ekintza kulturalak egiten dituzte hiztunen arteko harreman sarea zabaltzeko. Horien antolaketa lanetan ekimena bultzatzen duten elkarte eta erakundeak aritzen dira. Aretxabaletan, Loramendi Elkarteak egiten du lan hori, Arrasaten AED Elkarteak, Bergaran Jardun Elkarteak, eta Eskoriatzan eta Oñatin, berriz, Udalek eta Kultur etxeek hartzen dute ekimenaren ardura.

Parte hartzea

Euskaraz bizi ahal izateko, inguru egokiaz gain, ohitura aldaketaren beharra ikusten dute mintzalagunek, eta horretarako, ezinbestekoa da jendearen inplikazioa. Bidelari zein bidelagunak bat datoz, eta zalantzarik gabe gomendatuko liokete esperientzia hau bizitzea euren egoeran dagoen edonori. Izan ere, bidelari izateko oinarrizko euskara maila besterik ez da behar, eta euskaraz bizi den edonor izan liteke bidelagun. Beharrezkoa den bakarra gogoa izatea da.

Bakoitzak bere aldetik, kafearen usainean, jolas artean edo mendi gailurretan, bidea eginez edo aurrera pausoak ematen lagunduz, ezin uka mintzalagun guztiek bultzada ematen diotela euskarari, saio bakoitzean eta saialera bakoitzean. Izan ere, Lazkao Txikik berak zioen moduan, euskararen alde egiteko, lehenengo hitz egin beharra dago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.