Loiolako santutegia, Arantzazukoa, Atiguako ermita… oso ezagunak dira bai bertan, baita kanpoan ere, eta bisita asko jasotzen dituzten parajeak. Izan ere, Gipuzkoako kultura ondare aberatsaren harribitxietako batzuk dira. Baina Gipuzkoan XVI. mendeko beste harribitxi batzuk ere badira bai Urola Erdian, bai Urola Garaian baita Debagoienean ere; Aretxabaletako Goroeta auzoko Santiago parrokia, esaterako.
Bertan elkartu dira gaur Ezkutuko Altxorrak egitarauaren berri emateko hiru mankomunitatetako ordezkariak, horien artean Mikel Serrano, Zumarragako alkatea; Iñaki Portilla, Azpeitiko turismo zinegotzia; eta Ana Bolinaga, Aretxabaletako alkatea; baita Aldundiko turismo zuzendari den Iker Ruiz de Egino; eta Basquetour, Turismoaren euskal agentziaren, zuzendari Arantza Madariaga ere.
Orain dela ia 17 urte jarri zuten abian Ignaziotar Lurraldea, hiru tenpluen ibilbidea egitasmoa hiru mankomunitateek elkarlanean eta orain ezkutuan dauden altxor txikiak jarri gura dituzte agerian eta balioan.
Hala bada, XVI. mendea eta Loiolako San Ignazio ardatz hartuta Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaiko 16 lekutara bisita gidatuak egingo dituzte zapatuan, urriaren 4an, hasi eta abenduaren 14a bitartean.
Debagoienean egingo duten lehenengo bisita domekan da, urriaren 5ean, Goroeta auzoko parrokiara (12:00). Ondoren etorriko dira Elgetako Jasokundeko Amaren elizara; Oñatiko unibertsitateko kaperara; Leintz Gatzagako Dorletako santutegira; eta Eskoriatzako Bolibar auzoko San Migel parrokiara, besteak beste. Bisita gidatuetarako aldez aurretik egin behar da erreserba mankomunitatera deituta (943 79 64 63), eta prezioa da 3 euro (haurrek, 12 urte arte debalde).
Udaberrian ez ezik, udazkenean ere paraje dotoreak ezagutu eta ezkutuan dauden altxor txikiak topa daitezkeela erakutsiko dute Ezkutuko Altxorrak egitarauarekin.