Munduko unibertsitate ospetsuenetako bat da proiektuko bazkide, , Stanford-ekoa, eta Applek aplikazioa erosi nahi izan zuen, abian jarri eta sei egunera. Fernando Macho Arrasaten izan da egunotan, Mankomunitatean, nazioartekotzearen gaineko eskola bat ematen.
MedWhat-en sortzaileetako bat zara, teknologia berriak eta medikuntza edo osasuna uztartu dituen aplikazioa eta webgunea. Zer da?
Teknologia berriak oinarri hartuta, osasuna eta medikuntza aintzat hartuko dituen adimen artifizialeko lehen plataforma eraiki nahi izan dugu. Gure webgunea edo aplikazioa erabilita, ahalbidetzen diogu edozein pertsonari, besteak beste doan delako, osasunaren eta medikuntzaren gaineko edozein zalantza argitzea. Horretarako, erabiltzen dugu web semantiko erreala, adimen artifiziala eta bio-informatika, osasunaren eta medikuntzaren alorrean. Alor horiek guztiek bat egin izanak egiten du berritzaile eta interesgarri gure proposamena.
Ohiko erabiltzaile batek ze etekin aterako dio erremintari?
Eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, erabiltzaileen kezkei erantzuteko gertu dagoen mediku birtual bat da gure erreminta. Edozein pertsonak, modu libre eta doakoan, edozein galderari erantzuna aurki diezaioke, eta galdera izan daiteke nahi beste konplikatua. Erremintak erantzuna emango dio, berehala. Erantzun zehatza, zientifikoki bermatuta. Osasun edo medikuntza alorreko munduko datu baserik onenak erabiltzen ditugu horretarako. Ingelesez askoz ere erantzun gehiago ematen ditugu, oraingoz. Logikoa da, munduan ingelesa delako nagusi eta, bestetik, medikuntza edo osasun alorreko datu baserik onenak ingelesez daudelako.
Interneteko edozein bilatzailek ez du egiten hori?
Makro-bilatzaileetan horrelako bilaketa bat egiten badugu, hainbat lotura edo webgune aurkituko ditugu. Egoerarik onenean, edo bilatzen dugun erantzun egokiena ematen digun webgune horrekin topo egitea lortu badugu, berriro klikatu beharko dugu. Gure kasuan, zuzenean ematen dugu erantzun zehatza, behin eta berriro klikatzen ibili beharrean.
Mediku birtual moduko bat dela diozu, baina zelan hartu dute medikuek erreminta hau?
Gure produktuak ez du medikua ordezkatzen. Adibide bat: gaur egun bi milioi bilaketa egiten dira sarean, edozein gailu erabilita eta edozein gairen gainean. Eta galderen edo bilaketen %70 baino gehiago osasunarekin edo medikuntzarekin zerikusia dute. Argi dago, hortaz, jakingura edo behar bat badagoela. Kezka, jakingura edo behar horiei erantzuten diegu. Hau esanda, uste dugu erreminta erabilgarri eta lagungarria dela, erabiltzaile arruntarendako ez ezik, medikuntzaren edo osasunaren alorreko profesionalendako ere. Hutsezinezkoagoak izaten laguntzen diegu.
Zergatik izan duzue horrelako arrakasta?
Gaiak berak sortzen duelako jakingura eta, inportanteena, asmatu dugulako uztartzen teknologia ezberdinak. Bestetik, esan dudan moduan, erabiltzailearen jakingurak edo premiak asebetetzen ditugulako, bilatzaile arrunten kontrara. Galderei ez dizkiegu hogei lotura eskaintzen, baizik eta erantzun zehatz eta zuzenak. Gainera, hizkuntza naturalean egiten dugu hori. Hartzaileen eta emaileen artean harreman zuzen, egoki eta praktikoa lortzen dugu, eskaera handi bati behar den moduan erantzunda. Gainera, medikuntza alorreko profesionalei lagungarria zaie, haien jakinduria edo diagnostikoetan zehatzago izaten lagunduta. Ez da logikoa erreminta honen aurka posizionatzea. Guk ez dugu esaten MedWhat erabiliz medikuarengana jo beharrik ez dagoenik. Alderantziz, diogu osasun arazoren bat daukagunean, medikuarengana joan beharra dagoela. Baina, bestalde, osasun zerbitzuak kudeatzen dituztenendako aurrezpena ekar dezake erremintak. Horretan lagun dezake.
Euskal enpresa bat da zuena, baina bokazio globala duena. Eta enpresa handi eta boteretsu hainbatek erakutsi du erremintarekiko interesa. Zela lortu duzue?
Berezkoa dugu nazioartekotzea eta berrikuntza teknologikoa, eta mundua edo merkatu globala hartu dugu aintzat gure produktua merkaturatzean. Ez dago muga geografikorik. Bi lagun gara sortzaileak, Arturo de Besa eta ni neu. Eta nire bazkideak Ameriketako Estatu Batuetan egiten du lan. Hortaz, gure asmoa, hasieratik, izan da Silicon Valley eta, zehatzago, Stanford-eko unibertsitatea izatea jomuga. Eta, bistan denez, estrategia ondo atera zaigu; izan ere, gure proiektuarekiko interesa agertzeaz gain, eta unibertsitateko ateak irekitzeaz gain, lortu dugu erreminta handik irtetea eta unibertsitateko eskolak, liburutegiak eta ospitaleak gure aplikazioa erabiltzea. Horrek sinergia aberasgarriak sortu ditu. Eta duela gutxi unibertsitateak eskatu digu bazkide izatea MedWhat-en. Sekulakoa da hori.
MedWhat aplikazio eta webgunearen salmentatik handia egiteko bidean zaudete?
Bueno, egia esan, oso pozik gaude ikusita noraino heldu garen eta aurreikuspenak zeintzuk diren. Sekula ez nukeen pentsatuko Stanford-eko unibertsitateko bazkide izango nintzenik. Ez dezagun ahaztu, datu bat ematearren, 58 Nobel saridun pasa direla handik. Eta bestetik, aipatu nahi dut aplikazioa Appleren IOS sisteman egin genuela lehenbizi eta publikatu eta sei egunera erosteko eskaria egin zigula Applek. Zuk badakizu zer den hori? Baina ez genuen eskaintza onartu! Eta ez zen izan bilbotarrak garelako… Horrek sekulako bultzada eman zigun. Microsoft eta Orange ere atzean ditugu. Azken hau, esaterako, gure bezero eta inbertitzaile da.
Zein da zuen negozio eredua?
Erabiltzaileari ez diogu kobratzen eta publizitaterik ez dugu egiten. Gure bezeroa da lana erraztuko diogun eta modu efizienteagoan lan egiten lagunduko diogun hori: osasun zerbitzu publikoak, medikuntza aseguru pribatuak… Azken hauei, esaterako, bezero izan ditzakeen horien gaineko informazio zehatza emango diogu. Era horretara, tarifak murriztu ahalko ditu errentagarritasuna galdu barik. Osasun zerbitzuei ere lagungarri zaie baliabideak egokiago erabiltzeko. Esaterako, anbulatorio edo osasun zerbitzuren bat non kokatu hobeto erabakitzeko baliagarria izango zaie. Azken finean, bezeroa, herritarra, edo haren premiak, kezkak, hobeto ezagutzen lagunduko diegu.
Ekintzailea zara, baina ze alorretatik zatoz?
Komunikazioaren mundutik. Informazio Zientzietan lizentziaduna naiz. Nire enpresa-abentura enegarrena da hau, baina honekin lortu dut XXI. mendean egotea, abangoardian, aurre-aurrean. Kontsumo kolaboratzailea bizi dugu eta osasun politikek gure diru publikoen zati handi bat eroaten dute. Osakidetzak, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %34.
Zein da produktu hau merkaturatzean izan duzuen arazorik handiena?
Ez dugu lortu heltzea, ustez, kasu handiagoa egin beharko liguketen horiengana, hainbat erakunderengana. Agian, aurreratuegi, azkarregi, goazelako. Bestetik, lortu dugu medikuntzaren eta teknologia berrien jakintzaren erdigunean kokatzea eta gure proiektuko parte izan daitezen konbentzitu ditugu. Berriro diot: sekulakoa da hori. Horretan, nik baino meritu handiagoa izan du nire bazkideak, Arturo de Besak. Stanford-ek lortzen ditu urtean 1.000 milioi dolarretik gora, ikasle ohien dohaintzekin. Eta, esate baterako, Joko Olinpiarretan parte hartuko balu, seigarren edo zazpigarren potentzia izango litzateke. Eta nire bazkide De Besak lortu du konbentzitzea munduko mediku eta doktore onenak gurekin debalde kolabora dezaten.
Zenbat zarete enpresan?
Gaur egun hamabi lagun gaude, mundu osokoak. Talentu txikien daukana ni naiz.
Nazioartekotzearen gaineko eskolak ematen aritu zara Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak antolatutako ikastaro baten. Zer moduz?
Egia esan, nazioartekotzearen gainean jardun dut, eta eskarmentua badaukat, 23 urte daroatzat-eta horretan. Esan genezake ekintzaile berrerorlea naizela, obsesiboa ez izan arren. Hauxe da nire bosgarren ekintzaile-esperientzia. Berrikuntza teknologikoa eta informazio teknologiak uztartzen ditu esperientzia honek. Hortaz, nazioartekotzea eta berritasun teknologikoa izan ditut berbetagai ikastaroan. Oso ondo prestatuta dagoen eta talentu handia daukan jendea izan dut aurrean, ikasleen artean.