Filmeko taldeak urduri zeharkatu du Kursaaleko alfonbra gorria, egunero ez dira horrelako gauzak gertatzen, eta Kursaal kanpoan, jende gutxi batu den arren, taldeak irribarretsu egin ditu metro horiek. Barruan aldiz aretoa goraino betea zegoen, eta sarrera txiki baten ostean, hasi da 'Loreak'. Pelikula amaitu eta gero, ia 10 minutu iraun duen txalo zaparradak bete du Moneoren kubo handia. Nabari da, kritikariei eta kazetarioi moduan, jendeari ere gustatu zaiola filma.
Loreak baino gehiago
Loreak apaingarri gisa ikusten diren arren, esanahi asko izan ditzakete, jaiotzetan, ezkontzetan, hiletetan... testuinguruak baldintzatzen du loreon esanahia. Kasu honetan, hasierako loreek ez dute helburu jakin bat, eta hain zuzen ere horrek sortuko du filmeko lehen gatazka. "Berez, loreak ez dira ezer", dio Jon Garaño zuzendariak, "bakoitzak bere kezka, beldur edo desioak proiektatzen ditu lore sorta horietan". Filmean pertsonaia batzuk hunkitu egingo dira loreekin, baina beste batzuek mehatxutzat hartuko dituzte.
Aktoreen lana
Gizonak ere kontakizunaren parte diren arren, emakumeak dute film honetan protagonismoa, "ez dugu emakumeentzat soilik zuzentzen", argitu du Jose Mari Goenagak. Aktoreen lana ezin da borobilagoa izan.
"80 egunean egin genuenean asko entseatu genuen aktoreekin, eta orduan ikasi genuen —eta orain ere berdin egin dugu— aktoreekin lan egitean garrantzitsua dela gidoia hartu eta haien hizkerara eta doinura egokitzea. Oso ariketa polita iruditzen zaigu", azaldu du Garaño zuzendariak. Aktore bakoitzarekin lana desberdina izan dela diote zuzendariek, baina guztiekin hizketaldi luzeak izan dituzte, pertsonaia nola ulertu zehazteko, eta lan hori nabari egiten da. Protagonistak diren hiru emakumeen lana ñabarduraz betea dago eta saria lortzeko kinielatan, aurreneko postuan kokatu ditu hiru aktoreak.
Zuzendariek berezi zaindu duten argazkia are ederragoa izan dadin, Pascal Gaignek soinu banda izugarria sortu du. Une askotan, piano baten hotsa, nahikoa da filmaren atmosfera gorpuzteko.
'Loreak' urriaren 31n estreinatuko da zine komertzialetan, ordura arte, gogoan izan, loreak horixe baino ez direla, loreak.