Moriartitarrek ez dute huts egin, eta azken asteotan sortutako ikusmirari ongi erantzun diote. Prentsak atzo izan zuen lehen pasea, eta gaur goizean, Kursaalak ere bere onespena eman dio Loreak filmari. Zuzendariek goizeko prentsaurrekoan azaldu dutenez, filmarekin hainbat generotara hurbildu gura izan dute, izan ere, dramarekin batera, suspensea ere gordetzen baitu filmak. Bereziki zaindu duten argazki eta musikak asko laguntzen du, eta protagonistak diren hiru emakumeen lana ezin da borobilagoa izan, dudarik gabe, filmak sariren bat eskuratu dezake.
Bigarren film honetan ere emakumeak dira filmaren ardatza, "ez dugu esfortzu berezirik egin behar izan. Naturaltasunez egin dugu", argitu dute bi zuzendariek prentsaurrekoan. Merezi du aipatzea Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño elkarrekin eginda zuten 80 egunean filmak ere bi emakume zituela protagonista.
Debagoienak presentzia handia dauka film honetan. Kamera atzean egon den Aitor Arregi ekoizle eta gidoilariaz gain, Mariasun Pagoagak eta Kepa Errasti aktoreek kameo txiki bana egiten dute. Filmeak merezi du, eta estreinaldia urriaren 31n izango den arren, gogoan izan, "loreak besterik ez dira".
Horrez gain, lehiaketara aurkezten den La voz en off ere ikusi dugu. Txile, Frantzia eta Kanadako ekoizpenaren zuzendaria Cristian Jimenez da, eta Sofiaren istorioa kontatzen du: Sofiak urtebete emango du mugikorrik, telebistarik, Internetik eta irakurketarik gabe, bizimodua aldatu nahian; bakeak, ordea, ez dio asko iraungo.
Istorioa ez da berria, eta nire ustez, gehiegi luzatzen da. Familiako sekretuek ez dute horrenbesterako ematen, eta mota honetako istorioek sariren bat jaso izan dutela jakin arren, niri luzeegia egin zait.
Euskal zinearen gaua
Hemen egindakoa saritu, goraipatu eta zabaltzeko gaua izan zen atzokoa. Urtero moduan Victoria Eugenia antzokia jendez bete zen, gertuko zinearen uztak emandakoa ikusteko. Itziar Atienza eta Karra Elejaldek aurkeztu zuten gala. Egindakoari errepasoa egin eta gero, etorkizunean ikusiko diren proiektuen aurrerapen bat ere ikusi zen.
Horren ostean, Pedro Olea zuzendari eta gidoilariak Zinemira saria jaso zuen. Saria Imanol Uribek eman zion, eta honek behin eta berriro azpimarratu zuen moduan, Olea "eredu" izan du beti.
Oleak sorpresa polita jaso zuen Concha Velascok, bideo baten bidez zoriondu zuenean. Ostean, hunkiturik, eskerrak eman, eta hemen egiten den zineaz harro dagoela goraipatu zuen.
Negociador filmaren umorea
Borja Cobeagak ez dauka erremediorik, komediante handia da eta egunerokoari etekina ateratzen maisua da. Bere umorea ezberdina da, batzuetan egoerak eragiten du barrea eta beste batzuetan bizitzak dituen egoera komikoak.
Negociador erraz ikusten den film horietako bat da. Bizkorra, arina... ETAk eta PSOEk izandako negoziazioetan oinarritzen den arren, komedia bat denez, ez da mamian gehiegi sartzen. Aipatzekoa Maria Cruickshanken lana, Oñatiko aktorearen papera txikia den arren, joko asko ematen du-eta.
Emanaldiaren ostean, Cobeagak 8 apellidos vascos filmaren bigarren zatiarekin lanean hasi dela aurreratu zuen, eta film berriak izenbururik ez duen arren, Katalunia eta Andaluzia artean egingo dutela azaldu zigun.
Non dago Pasolini?
Abel Ferrara miretsi beharreko zuzendari horietako bat da, baina kasu honetan ez du lan on bat egin. Pier Paolo Pasolini Italiako zinemagintza ulertzeko beharrekoa den zuzendaria bat izan zen, eta Ferrarak, omenaldi bat baino, karikatura desitxuratu bat egin dio.
Venezian ez zuen kritikaren onespena jaso, eta hemen ere, antzera gertatu da. Zuzendariaren figuran zentratu beharrean, filma txolinkerietan galtzen da, eta Pasoliniren homosexualitatea, komodin bezala erabiltzen du. Bere azken filmaren zati bat sartu izana ideia polita da, eta ongi dagoen film bat den arren, Pasolini bezalako mito batek zerbait gehiago merezi zuen.