Berriro ere polemika Donostia 2016 dela-eta, Pablo Berastegi zuzendari berriak euskaraz ez dakielako.
Proiektuko kideok aho batez hautatu dugu Pablo Berastegi, hautagai onena delako. Eta, ondoren etorri den polemika ez dugu harriduraz hartu, lehiaketako baldintzak onartu genituenean, hau gertatzea posible zelako.
Zergatik onartu zenituen baldintzak modu horretan?
Donostia 2016ko proiektuan bizi izan ditugun ika-miken ostean, eta batez ere, apirilean, azken zuzendari nagusi Itziar Noguerasek dimisioa eman ostean, lehenetsi genuen erakundeen arteko adostasuna bultzatzea, goberna ezina bilakatzen zebilelako proiektua. Hori horrela, Europatik zetozen gomendioak lehenetsi genituen eta, hizkuntzaren kontuan, zuzendari nagusi berriaren aukeraketan lehentasuna eman genion ingelesa jakiteari. Uste dut zuzendari nagusi ona daukagula, hautagairik onena, nahiz eta euskaraz jakin ez.
Euskara bigarren mailan geratu zen, hortaz?
Esandako moduan, erakunde publikoen arteko ika-mikak saihestearren hartu genuen erabakia.
Ze erakunde daude Donostia 2016 proiektuaren fundazioan?
Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako gobernua. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea da presidentea.
Zein da polemika honetan Gipuzkoako Diputazioaren iritzi ofiziala?
Jakina, nahiago genuke euskaraz hitz, bizi eta lan egiten duen zuzendari bat. Egia da, halere, arriskuaz hitz egin dugula luze Diputazioan. Azken aukeraketa hiru hautagairen artean egin zen eta hiruretatik inork ez zekien euskaraz. Pablo Berastegi izan da onena. Proiektuaren baloreak ondoen ordezkatzen dituena da.
Kordoba izango balitz Europako Kultura Hiriburu 2016an, onartuko lukete aukeratzea gaztelania ez dakien zuzendari nagusi bat?
Seguruen ez. Egia da hemen gauzak askoz ere zailago ditugula. Bestetik, lan asko egin da eta egiten ari gara euskararen normalizazioan, baina asko daukagu egiteko oraindik. Ordezkari politikoetatik hasi behar gara normalizazioa bultzatzen eta Donostia 2016ko zuzendari nagusiaren izendapen honek ez dio normalizazioari mesederik egiten.
Bilduk euskara bigarren mailan utzi du?
Inondik inora ez. Bilduk, arau batzuk adostu ditu beste erakunde eta beste alderdi batzuekin batera, eta arau horiek aintzat hartu eta errespetatu ditu azken erabakia hartzerakoan.
Zelako harremanak dituzue fundazioa osatzen duzuen erakundeon artean?
Harremanak onak, normalak dira, lan saioetan. Ez gara lagunak, baina lan egiteko gauza gara. Eta, alde horretatik ere hobetu egin dugu, ze hasieran okerrago edo zailagoak ziren. Egia da, halere, behin ateak irekitzen direnean, gauzak, sarritan, nahastu egiten direla. Politikaren jokoak dira.
Zigor Etxeburua Diputazioko Euskara zuzendariak zer dio?
Sarri hitz egin dut harekin eta ez dago gustura, normala den moduan. Arduratuta dago.
Pablo Berastegik berak esan du ahaleginak egingo dituela euskara ikasteko.
Aita euskalduna zuen. Arbizukoa da. Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ez zaizkio arrotz, nahiz eta gaztetatik Madrilera egon zuen.
Zergatik aukeratu duzue?
Proiektu garrantzitsu askoren buru izan delako, besteak beste: Madrileko Mataderoko koordinatzaile izan da, puntan utziz… Nazioarte mailako eskarmentua ere badauka eta une honetan Donostia 2016k behar duen zuzendaria hura da.
2016 hor bertan dago: ondo ailegatuko da Donostia, Gipuzkoa?
Ez daukat zalantzarik. Pablo Berastegik berak lanean diharduen taldearekin elkartzeko aukera izan zuen eta harriduraz hartu du zenbat ezkutuko lan egin den. Uste zuen proiektua ez zegoela horren garatua.
Zela igarriko dugu Debagoienean?
Lurralde osoak eta Euskal Herri osoak igarri beharko luke. Proiektu zaila da. Ez delako horren begien bistakoa, beste proiektu batzuekin alderatuta. Alde horretatik ez da horren ikusgarria. Ezberdina da. Proposamen eta egiteko modu berriak aurkeztuko ditu. Elkarren arteko bizikidetza bultzatuko du, bakea oinarri dituen balioak. Hori guztia zaila da nabarmen edo denon begien bistako egitea. Sarritan begietara so egiteko arazoak ditugu, baina, ixkanaka-pixkanaka, zirimiriak bezala, guztiok zipriztinduko gaitu.
Eskualde honetan antolatuko dira ekitaldiak?
Bai. Eta, esaterako, Bergarako Udalak pare bat proiektu aurkeztu dizkio Donostia 2016ri. Oraindik ez daude onartuak baina oso interesgarriak dira eta ekarpenak ondo etorriak dira. Barneratu behar ditugu herri bakoitzak izan ditzakeen proiektuak Donostia 2016ri begira.
Zinemaldia ere ate joka dugu. Aurten toki nabarmena izango du euskarazko produkzioak…
Bai, hala da. Historikoa izango da, ze lehen aldiz euskara ekoiztu, sortu eta emandako film bat lehiatuko da sail ofizialean Urrezko maskorraren bila: Loreak. Sail ofizialean, beste euskarazko film bat ere izango da, lehiaketatik kanpo: Lasa eta Zabala. Inoizko parte hartze edota protagonismo handiena izango dute euskarazko filmek aurtengo Zinemaldian. Alfonbra gorria baino askoz ere gehiago da. Zinemaren industriak Zinemaldian presentzia handiagoa izan dezan asko egin da lan azkenaldian.
Euskarazko zine produkzioa sustatu eta laguntzen du Diputazioak?
Bai, esaterako, aipatu ditudan Zinemaldiko bi film horiez gain, Asier eta biok ere bai.
Beste kontu bat: Chillida-leku. Irekiko da berriro ere?
Ez dut galdutzat ematen eta Donostia 2016rako aukera paregabea da. Guztion nahia izango litzateke hango ondare izugarria herritarrendako ikusgai jartzea, baina ez dugu ahaztu behar Chillida-leku familiarena dela. Gure ustez, erakundeon lehentasuna ez da ondare hori erostea. Baina prest gaude Chillida-leku irekitzeko edozein harreman egiteko.
Bergaran aurki irekiko dute Errege Seminarioko zientzia bildumaren zati bat erakutsiko duen museoa Errekalde jauregian. Zenbateko garrantzia dauka museo horrek eta non kokatzen da lurraldearen museoen mapan?
Berebiziko garrantzia dauka. Museo guztiak, batek besteekin elkarlanean jardun behar dute. Eta pozgarria da Bergarak, behingoz, erakutsi ahal izango duelako Errege Seminarioko zientzia bilduma hori, altxor hori.
Errege Seminarioa aipatu dugunez, azkenean akordioa lortu da UNED unibertsitateari kokapen berria emateko. Noizko ikusiko dugu UNED eraikin edo egoitza berrian, Arrizuriaga jauregian?
Irailaren 17an batuko da Bergarako UNED fundazioko patronatua Bergaran eta orduan zehaztuko da egutegia. Arrizuriagako proiektua egina eta gaurkotuta dago. Hortaz, erabakia hartu ostean erakunde guztien adostasunaz, bideratuta dago kontua. Oso pozgarria da Errege Seminarioa Bergarako Udalak berreskuratzea eta, bestetik, UNEDek ganorazko egoitza bat edukitzea. Agintaldia amaitu baino lehen Arrizuriagako lanak hastea espero dugu.
Tabakalera aurrera doa?
Bai, bai, bide onetik doa eta datorren urtean, udan, zabalduko da zati bat. Ekainetik aurrera, apurka-apurka irekiko da sortzaileendako ez ezik, publiko orkorrarendako ere.
Zer egongo da bertan?
Europan erreferente izango den sortzaileendako gune bilakatu behar dugu. Diziplina ezberdineko sortzaileendako. Eta erakusketak eta mediateka ere izango dira. Erakusketa ez ohikoak, bertan sortutako lanak erakutsiko dituelako.
Anoeta berritzeko lanak finantzatzen ez du lagunduko Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zergatik?
Anoetako kirol gune osoari ematen diogu garrantzia eta izotz jauregia konpontzeko lanetan dihardugu. Zaharkituta dauden eraikin asko daude eta horiei guztiei soluzio integrala eman nahi diegu, zentratu beharrean Realak erabiltzen duen estadioan.