Euskararen erabilera sustatzea izango da udal euskaltegien aurtengo "benetako erronka"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko ira. 9a, 12:38

Arrasateko, Bergarako, Oñatiko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udal euskaltegiek ikasturte berria aurkeztu zuten atzo. Euskararen ezagutza handitzea garrantzitsua bada ere, euren aurtengo erronka nagusia izango da erabileran eragitea. Eskaintza akademikoa aurreko urteetako berbera izango da eta matrikulatzeko aukera egongo da iraileko azken astera arte. 

Bailarako udal euskaltegiek aurtengo ikasturtearen aurkezpena egin zuten atzo Bergarako Irizar jauregian. Aurtengo kanpainako leloa, eskaintza akademikoa eta euskara ikasteko emango dituzten erraztasunak azaldu zituzten atzoko prentsaurrekoan. Gainera, azken bi ikasturteetako datuen berri ere eman zuten. 

Kanpainaren leloa meteorologiarekin alderatuz

Euskaraz blai da aurten aukeratu duten leloa:  Mezua islatzeko, meteorologiaren gaia aukeratu dugu, gurean hain ohikoa dena, euria hizkuntza bezain beharrezkotzat hartuz. Izan ere, euririk gabe, urik gabe, ez dago bizitzarik eta euskararik gabe euskaldunik ere ez. Horren harira dator aukeratu dugun mezua: euskaraz blai", adierazi zuen Arrasateko Udal euskaltegiko zuzendari Elena San Martinek. 

Azken urteetako matrikulazioen garapenarekin pozik

Era berean, azken bi ikasturteetako datuen berri ematerakoan nabarmendu zuten talde kopuruan eta eskola orduetan gora egin dutela, iaz duela bi urte baino ikasle gutxiago izan arren: "Azken urteetako gure garapena ona izan da; ea aurten beste horrenbeste gertatzen den", esan zuen Oñatiko Udal euskaltegiko zuzendari Roberto Altunak. 

Eskaintza akademikoa, bestalde, iazko berbera izango da. Hau da, euskalduntze eta alfabetatze maila guztiak, auto-ikaskuntza ikastaroak eta bestelako ikastaro berezi batzuk eskainiko dituzte eta bertako euskalkia zein hitanoa ikasteko aukera ere emango dute. 

Erabilera bultzatzea da aurtengo erronka nagusia

Hala ere, aurtengo erronka nagusia izango da ikasleek euskara ikasteaz aparte, erabiltzea. Hau da, euskararen erabilera bultzatu gura dute bereziki: "Ezagutzaren eta erabileraren artean jauzi handia dago, ezagutza handiagoa da erabilera baino. Jauzi hori leuntze aldera, 2014-2015 ikasturtean gure benetako erronka izango da ahalegin berezia egitea erabilera bultzatzeko", azaldu zuen Leintz Udal euskaltegiko zuzendari Karmele Agirregabiriak. 

Diru falta ez dadila oztopo izan

Azkenik, udal euskaltegiek erraztasunak emango dituzte aurten ere euskara ikasteko. Euren filosofia da dirua ez dadila sekula arazo izan euskara ikasteko: "Udalok hainbat neurri hartu ditugu gizarteko kolektibo kaltetuenei diru-laguntza bereziak eman edo ordaintzeko zailtasunak dituztenei erraztasunak emateko". 

Udal euskaltegi bakoitzean epeak ezberdinak dira baina klaseak urrian hasiko direnez, iraileko azken astean aukera egongo da oraindik izena emateko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak