Aretxabaleta eta Mondraren arteko partidua ez zen ona izan jokoari dagokionez. Fisikoki indartsu hasi zuten lehia bi taldeek, eta presio eta intentsitate askoko minutuak izan ziren aurrenekoak.
UDA izan zen aurreneko gola egin zuena, lehen zatiaren erdi aldera. Urtzi Lopezek buruz errematatu zuen sarera albotik egindako erdiraketa. Aretxabaletarrak aurretik jarri bai, baina ez zen denbora asko pasa Mondrak berdintzerako. Falta batetik egindako jokaldiarekin, Mikel Barberok jarri zuen berdinketa markagailuan. Atsedenaldia iristeko gutxi falta zela, baina, berriz ere aurretik jarri zen Aretxabaleta, eta berriz ere Urtzi Lopezen bitartez, Mondraren defentsak gaizki urrundutako baloi bat aprobetxatuz.
Bigarren zatian, bi taldeek egin zuten behera fisikoki, baina Aretxabaletak gehixeago eutsi zion, eta emaitza mantentzeaz harago, neurketa erabakita utzi zuen, hirugarren gola eginaz. Iban Espinosa izan zen azken 3 eta 1ekoa egin zuena, Bergara Hiria torneoko gaurko finalerako txartela ziurtatuz.