Antzuola da Bergara Hiria torneoko lehen finalista, etxekoei irabazita

Julen Iriondo 2014ko abu. 30a, 11:27

1 eta 2 irabazi zion Antzuolak Bergarari egubakoitz arratsaldean Agorrosinen jokatutako lehen finalerdian. 0 eta 2 aurreratu ziren antzuolarrak lehen zatian, eta bigarrenaren erdi aldera jokalari bat gutxiagorekin gelditu arren, garaipena eskuratu zuten.

Antzuolako entrenatzaile Jon Muruamendiaraz gustura zen neurketa bukaeran, batez ere, taldeak defentsiboki egindako lanarekin: "Orain arte landutako gauzak zelaira eraman ditugu". Baloi gabe egindako lanarekin, beraz, pozik antzuolarrak.

Zelai erdiaren jabe izanda, erasoan ere bi gol egitea lortu zuten, dena den, Muruamendiarazen mutilek, lehen zatiaren erdi aldera: Ander Aranak egin zuen lehena eta, urrutitik egindako jaurtiketa batekin, Jokin Gorostolak bigarrena.

Bergarak, berriz, ezer gutxi egin zuen erasoan lehen zatian. Bigarrenean, zerbait gehiago, baina, batez ere, baloiaren jabetzan igarri zen aldaketa atsedenaldiaren ostean. Bergararrek lehen zatitik bigarrenera talde osoa aldatuta eta antzuolarrak bat gutxiagorekin bigarren zati erditik aurrera –bigarren txartela erakutsita Markel Lete kanporatu zuen epaileak–, baloia mahoneroena izan zen, eta Eñautek egin zuen etxekoen gola.

Berdinketarik ezin lortu, hala ere, partiduko azken minutuetan, eta Antzuolak jokatuko du domekan (18:00) Bergara Hiria torneoko finala. Aurkaria beste finalerditik aterako da: Mondrak eta Aretxabaletak neurtuko dituzte gaur indarrak, 18:00etan hasita, Agorrosinen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak