Nola espezializatu zinen Interneten eta on line erreputazioan?
Orain lauzpabost urte, merkatu-nitxo garrantzitsu bat zegoela ikusi genuen; izan ere, gure inguruko enpresek marketin digitaleko formazio beharrak zituzten, ez zutelako gai hori ezagutzen. Batez ere, garapen eta komunikazio agentziekin lan egiteko orduan erabili behar zituzten irizpideekin pentsatzen hasi ginen gure burua espezializatzen eta formazio hori ematen.
Konturatzen gara on line erreputazio bat dugula?
Interneten dabilen jendeak badu horren berri, baina jende asko ez da arduratzen. Enpresen artean ardura handiagoa dago: Google-n norbaitek euren marka edo produkturen bat bilatzen duenean zer agertzen zaien jakin nahi izaten dute. Baina jende asko ez da arduratzen Google-k euretaz duen irudiaz.
Eta nola sortzen da erreputazio hori, nahita sortzen dugu?
Ez; kasu batzuetan, pentsatu gabe egiten ditugu gauzak, baina argitaratzen den guztia da garrantzitsua, Google-k indexatu egingo duelako. Beraz, kontu handia izan behar da publikoa den guztiarekin, bilaketa-emaitzetan agertu egingo delako; baina baita sare sozialetan esaten dugunarekin, behin zerbait Interneten argitaratzen dugunean ez dakigulako zer gertatuko den horrekin, beste inork konpartituko ote duen…
Azkenean, ospea pieza multzo batek osatzen dute; batzuk gureak dira, eta beste batzuk, gure gaineko iritzia ere eman dezaketen beste batzuenak.
Enpleguaz gain, beste ze arlotan da garrantzitsua gure erreputazioa edo izen ona zaintzea?
Enplegurako, ezinbestekoa da. Aukeraketa prozesuetan, Giza Baliabide departamentuek gero eta gehiago erabiltzen dute Google jendearen gaineko informazioa bilatzeko. Baina arlo pertsonalean ere eragina izan dezake, Interneten ematen dugun edozein iritzik –politika dela edo erlijioa dela, adibidez– asko markatuko gaituelako. Beraz, bi arloetan ibili behar dugu kontuz. Azkenean, zentzuz ibili behar da, bizitzako beste edozein arlotan bezala. Baina egia da tabernan egiten dugun lekuz kanpoko komentario batek, edo politikaren, erlijioaren, futbolaren edo beste edozeren gaineko komentario batek askoz eragin handiagoa hartzen duela hori bera Interneten egiten badugu.
Ze sare sozialetan egon behar da kontrata gaitzaten?
Profesionalendako sare sozial garrantzitsuena Linkedin da, nazioartean ere. Lehen pauso bat Linkedin profil on bat egitea da, profesional gisa eman nahi dugun irudiarekin. Batzuek lan-esperientziaren portafolioak izaten dituzte beste webgune baten, baina Linkedin-ek ere ematen du aukera hori; beraz, gure esperientziaren portafolio gisa ere erabil dezakegu Linkedin.
Bestalde, egiten dakiguna erakusteko, zertan aditu garen erakusteko bloga egin dezakegu, norbaitek mahai gainean gure curriculuma duenean, eta guri deitu edo ez pentsatzen dabilenean, Googlera jo eta gu bilatzen gaituenean guk sortutako eta gustuko izan ditzakeen edukiak aurki ditzan.
Kosta egiten zaigun beste zerbait bideo-curriculuma egitea da. Nik Ingeniaritzako ikasleei egitea gomendatzen diet. Hiru minutuko bideoan, poltsikoko telefonoarekin ere egin daitekeena, profesional gisa nortzuk garen azaldu dezakegu.
Ez dut esan nahi hori dena egin behar denik; aukerak dira. Kontrolatuko nuke Interneten nola agertzen garen, baina paranoiko bihurtu gabe.
Eta, azkenik, tresna horiekin irabazten duguna ez dezagun gero Facebooken edo Twitterren esandako zerbaitekin hondatu!
Euskadin, enpresek erabiltzen dute Internet jendea kontratatzeko?
Denetarik dago. Norbaiten gaineko informazioa Googlen bilatzea sekula bururatu ez zitzaiola esan izan didan Giza Baliabideetako jendearekin egin izan dut topo, bai. Baina, gero eta gehiago, jendeak besteen gaineko informazioa bilatzen du Interneten.
Eta bideo-curriculumek badute hemen arrakasta?
Asko kostatzen zaigu, lotsati samarrak gara, bai. Baina bideo-curriculumen oso adibide onak daude. Izan ere, nagi samarrak garenez, gure curriculuma irakurrarazi beharrean, hor dagoena bi minutuko bideoan erakusten badugu, eragina handiagoa izango da.
Ahazteko Eskubidearen legeaz ze iritzi duzu?
Norberaren datuak ahazteko eskubidearen izenean formulario bat sortzera behartu dute Google, eta aste gutxitan milaka eskaera egon da, baina ikusi egin beharko da Googlek –enpresa arduratsu izatearen irudia duenak– nola erreakzionatzen duen eta zenbat lotura kentzen dituen. Nire ustez, ez du samurtasunik ipiniko, bere negozioa loturak samurtzea eta eskaintzea delako.
Horrelako lege bat beharrezkoa iruditzen zait, batzuetan egiazkoak ez diren edukietatik jendea babesteko, baina zaila izango da praktikara eroatea.
Gure izen onari kalte egiten dioten edukiak beste norbaitek argitaratu dituela konturatzen garenean, zer egin dezakegu?
Gure gainean beste norbait zerbait argitaratzen edo esaten dabilela ikusten dugunean, gure gomendioa da harekin kontaktuan jarri eta, pribatuan, gure bertsioa edo iritzia ematea eta hark zuzenketa egin dezan itxoitea. Zaila da, askotan ez dakigulako nor den egilea. Argitaratu den webguneak edo komunikabideak norberaren edukiak ipintzeko aukera ematen badu –adibidez, egunkari bateko albiste bat baldin bada eta komentatzeko aukera ematen badu–, gure bertsioa eman dezakegu. Horiek dira bide zuzenenak eta onenak. Lege kontuetan sartzea edo Googleri loturak kentzeko eskatzea, aldiz, askoz konplikatuagoa da.
Facebook-en argitaratutako argazki bat baldin bada –oso kontu birala– eta lagun batek gu etiketatu bagaitu, etiketak ken ditzakegu edo gure edo seme-
alaben argazkiak saretik ken ditzan eskatu lagunari.
Orain dela urte batzuk, bazirudien guztiok eduki behar zutela bloga; gaur egun, sare sozialetan profila… Zein izan daiteke Interneteko hurrengo moda edo eginbeharra?
Ez dut uste Facebooken, Twitterren, Linkedinen… denetan profila izatea beharrezkoa denik. Norberak aukeratu behar du eta selektiboa izan. Lan egin nahi badu, Linkedinen egin dezake profila, eta hortik kontaktuak egin, bizi osoan egin izan den moduan; lana kontaktuen bidez lortzen da, eta Interneten ere gauza bera da. Linkedinen, ez badituzu kontaktuak egiten, oso ikusgarritasun txikia izango duzu.
Bestalde, bideo-curriculumak ez dira hain gauza berria, baina norbera bereizteko moduko gauza izan daitezke.
Blogei dagokienez, bazirudien denok izan behar genuela gure bloga. Horrela, blog-burbuila sortu da eta batzuek diote blogen aroa bukatu dela, baina oraindik asko daude eta arrakasta dute hainbatek. Nik bloga egitea gomendatzen badut ez da milaka irakurle edo jarraitzaile izateko, baizik eta, profesional gisa nolakoa naizen eta zer egin dudan ikusi nahi badu inork, ikusi ahal dezan, eta lan-elkarrizketa batera ailegatu orduko, egiten dakidanaren eta egin dudanaren berri izan dezan.