Zirauna taldeko Imanol Estevez gasteiztarra nagusitu da Antzuolan

Mirari Altube Arrese 2014ko uzt. 13a, 12:38
Irabazlea, Antzuolako helmugan.

Bergarako Pentekoste saria ere Estevezek irabazi zuen. Gaur, hirugarren egin du Gipuzkoa taldeko Eneko Lizarralde bergararrak. [ARGAZKIAK]

Irteera puntuan 165 txirrindulari izan dira eta 130 kilometroren ostean Estevez (Gasteiz, 1993) nagusitu da. Bikain dabil Zirauna Sport taldeko gaztea izan ere laugarren garaipena du martxotik hona: Obanosen (Nafarroa), martxoan; Natxituan (Bizkaia), maiatzean; Bergaran, ekainean; eta gaur Antzuolan.

Lasterketa azkarra izan da gaurkoa; garailearen bataz besteko abiadura 44,45 kilometro ordukoa izan da. Deskargako igoera ez da erabakiorra izan, bai ordea, Asentziokoa. Angiozarretik igo dute Asentzio txirrindulariek eta bi taldetan banatuta hamar bat laguneko aukeraketa egin du igoerak. Amaieran bi taldetxoek bat egin dute eta hamarreko multzoa batera iritsi da Antzuolara. Sprintean irabazi du lasterketa Estevezek.

"Taldeak lan bikaina egin du", esan du amaieran. "Irabazteko asmoz etorri gara eta Asentzioko igoera mendiko saria eraman duen Craig Wallace taldekidearen babespean egin dut. Gero, Lizarte taldea jarri da buruan, eta hor ere nahiko ondo etorri naiz. Azken metroetan dena eman dut, eta lehena sartu naiz helmuga aurreko bihurgunean". Estevezen denbora izan da 02:55:28.

Bigarren Baque taldeko Carlos Anton Jimenez izan da, eta hirugarren Gipuzkoa taldeko Eneko Lizarralde bergararra. "Penarekin nago. Irabaztea zen gaurko helburua eta hirugarren egin dut. Akaso astebete barru beste modu batean baloratuko dugu gaur egindakoa, baina momentuan...". Estevezi buruz galdetuta argi hitz egin du bergararrak: "Denboraldi oso ona egiten ari da, eta argi geneukan zaindu beharreko gizonetako bat zela. Azkenean, bera garaile".

122 txirrindularik amaitu dute lasterketa. Antolatzaileek aurreikusitakoa baino 15 minutu lehenago iritsi dira helmugara.

Sari banaketa

Imanol Estevezek (Zirauna) jaso du lasterketako garailearen saria. Mendiko saria, berriz, Craig Wallace taldekideak; 19 urteko eskoziarra. Talde onenaren saria Lizarte taldearendako izan da, eta Lehendakari saria Sabiñanigoko Jose Arcas txirrindulariarendako (Lizarte taldea).

Antolatzaileak gustura agertu dira lasterketak emandakoarekin. Eguraldia lagun izan dute, jende ugari ikusi dute bide bazterretan eta lasterketan ez da aparteko ezusterik gertatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak