Lan Kantera-k La Union taldearen aurka neurtu behar izan zituen indarrak finalean. Azken horrek ezustekoa eman zuen. Izan ere, ez da inoiz final bat jokatzera iritsi. La Kanterako taldekideak 4 eta 1 gailendu ziren. Hala, eurendako izan ziren irabazlearen garaikurra, bildotsa, urdaiazpikoa eta gazta. Bigarrenek urdaiazpikoa, gazta eta oroigarria eraman zituzten etxera. Bestalde, Iker Sanchezi eman zioten txapelketako jokalari onenaren saria (La Kantera taldeko kidea).
"Jende asko"
Aurreikusi bezala, 02:30ean jokatu zuten finala eta jende asko egon zen norgehiagoka ikusten. "Beste urte batzuekin alderatuta, beteta egon zen Zaldibar", adierazi du Ander Arizaleta antolatzaileak. Izan ere, iaz goizeko bostak aldera jokatu zuten finala, askorentzat berandu. "Joan zen urtean taldekideak eta mozkor batzuk besterik ez ziren egon finala ikusten. Zapatu honetan, baina, jende dezente egon zen eta giro polita". Finalean ez ezik, egunean zehar ere jende asko batu zen Zaldibarko harmailetan parte-hartzaileak animatzeko.
Taldeetako kideak gustura gelditu ziren txapelketarekin Arizaletak esandakoaren arabera. Guztira hamahiru taldek eman zuten izena Zaldibarko 24 ordukoan jokatzeko.
Bestalde, Arizaletak nabarmendu du "oso pozik" geratu direla antolatzaileak jendeak erakutsi duen jarrerarekin. "Iaz iskanbila pixka bat izan zen epaileekin, baina aurten errespetatu egin da euren lana. Beraz, alde horretatik ere oso pozik gaude", azaldu du antolatzaileak.