Oñatiko Abesbatzaren eta Bergarako Orfeoiaren proiektu barrokoa, prest

Aitziber Aranburuzabala 2014ko eka. 27a, 09:33

Proiektu sinfonikoak egiteko ahots asko behar direla-eta elkartu ziren iaz Bergarako Orfeoia eta Oñatiko Abesbatza Mozarten 'Requiem' meza egiteko. Izandako arrakastaren ostean, aurten berriro elkartu eta emanaldiak esnaiko dituzte Oñatin eta Bergaran. Domekan, Oñatiko San Migel parrokian (19:00). Eta datorren zapatuan, uztailaren 5ean, Bergarako San Pedro parrokian (19:00).

Esperientzia aberasgarria izan zen iazkoa abesbatza biendako eta zaleek ere harrera oso ona egin zieten Oñatin eta Bergarako kontzertuetan.

Requiem bukatu berritan hasi ziren hurrengoaz berbetan eta opor ostean egin zuten proposamen ofiziala. Irailean lotu zituzten, bada, datak; eta urtarrilean hasi ziren lanean, nor bere aldetik. Aste Santu ostean elkarrekin entseatzen hasi ziren; bakarlarien arloa landu zuten gero eta azkeneko entseguetan orkestrarekin batu ziren.

120 lagun taularen gainean

Taularen gaineko zuzendaria Aitor Biain da, baina Loli Ordoki zuzendaria ere badago; hark zuzentzen du Abesbatza, eta Orfeoia, berriz, Biainek. Urteetako harreman estua dute eta gustura egiten dute elkarrekin lan. Amateurrek egindako proiektua bada ere, partaideen inplikazioarengatik bereziki, oraingoan ere, profesionalek besteko mailako emanaldia egingo dutela diote biek ala biek.

Abesbatza bien artean 82 laguneko korua osatu dute; horien artean dira bost bakarlariak: Nere Ibarra (sopranoa); Oihana Diaz eta Ainara Uribesalgo (altua); Gorka Aranburu (tenorea) eta Karlos Etxaniz (baxua). Iazko bakarlariak aukeratu ditu Bianek; aurten bat gehiago bada ere.

Abeslariei laguntzen izango da 26 lagunek osatutako ganbara orkestra. Bergarako eta Arrasateko musikariez gainera, Gipuzkoako eta Arabako beste orkestra batzuetako kideek osatutakoa. Harizko tresnak dira aurten nagusi (biolak, txeloak eta kontrabaxua, besteak beste); baina badaude haizezkoak (oboea eta tronpetak) eta baita organoa ere. Iazko proiektuan parte hartutakoak dira gehienak, baina badaude berriak ere.

Bigarren erronka, zailagoa

Artean moduan, musikan ere barrokoa kargatuagoa da: "Aurrekoaren iraupen antzerakoa badu ere (75 minuturen bueltan), musika gehiago abestuko dugu oraingoan. Barrokoan tempo azkarragoak daude, musika konplikatuagoa da, eta, horrez gainera, Bachena alemanez da. Beraz, aurtengoa prestatzeko zailtasun handiagoak izan ditugun arren,  iazko esperientzia oso lagungarria izan da. Denbora laburragoan lan gehiago eta hobea egitea lortu dugu", dio Biainek.

7.000 euroko aurrekontua

Sarreretako diruaz gainera, Oñatiko eta Bergarako udalen laguntzarekin egingo diete gastuei aurre. Aipatzekoa da Bergaran jasotakoaren erdia San Pedro parrokiara bideratuko dutela.

Iaz obra klasikoa eta aurten barrokoaren aldeko apostua

Musika barrokoan musika asko dagoenez programa ona aukeratzea oso zaila eta garrantzitsua dela dio Aitor Biain zuzendariak. Aspalditik zuen Vivaldi kantatzeko gogoa. Obra asko ditu, lau urtaroez gainera. Korurako, esaterako, asko ditu Vivaldik; Biainen esanetan, ondo idatzitakoak eta kantatzeko errazak. Gloria eta Credo aukeratu zituzten; Vivaldiren arrakastatsuenak. Koru askok aukeratu izan dituztenak.

Barrokoan, ikur nagusietako bat Bach dela dio Biainek. Asko idatzi zuen, baina konposatzaile moduan konplikatua zen eta kutxan gordeta egon zen haren musika, XIX. mendean modan jarri zen arte. Kantata pila bat ditu, idatzi zuen lehenengotakoa da aukeratutakoa. Bost mugimendu dituen obra da: sinfonia, koruak, bakarlariak... Zentzu horretan, bada, kontraste handiko obra dela gaineratu du proiektuaren zuzendariak.

Kantu zerrenda borobiltzeko, Ave Maria (Charles-François Gounod) kantatuko dute. Erromantikoa da, XIX. mendekoa, baina Bachen figuran oinarritutakoa. Orkestra eta korurako bertsio bat egin zuen; pieza oso ezaguna da, bakarlarien eta abesbatzen emanaldietarako sarritan aukeratutakoa.

Laburbilduz, Biainen esanetan, dinamikoa izango da kontzertua; eta publikoari abesti asko entzun dituela irudikatuko zaio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak