Lanera egin beharreko joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea. Hori sustatu gura dute Gipuzkoako Aldundiak eta Arrasate, Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalek, gaur Arrasateko Kulturaten egindako agerraldian azaldu dutenez. Ekimen aitzindaria da eta martxan jartzearen arrazoi nagusiak azaldu ditu Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek: “Gure gizartean geroz eta kezka handiagoa sortzen du ibilgailu motordunen erabilera masiboak, izan ere, horrek kalte asko eragiten ditu ingurumenean eta langileen osasunean eta segurtasunean: istripu asko, bihotzeko eta arnas aparatuko gaixotasun geroz eta gehiago, estresa, kutsadura atmosferiko eta akustiko handia, aldaketa klimatikoaren bizkortzea, lur publikoaren okupazio maila altua, gastu publiko ikaragarria, eta abar”.
Oraingoz 22 enpresa
Kanpaina urriaren 1ean jarriko da martxan eta dagoeneko eskualdeko 22 enpresek interesa agertu dute parte hartzeko. Gaur bertan 12 enpresetako ordezkariekin egin dute bilera eta sustatzaileen asmoa da ahalik eta enpresa gehienetara zabaltzea: "Aprobetxatu nahiko eguna gaurko eguna eskualdeko enpresei ekimen honetan parte hartzeko eta kanpaina hau zabaltzen laguntzeko euren langileen aurrean", adierazi du Aldundiko Mugikortasun eta Garraio zuzendari Unai Erroitzeneak.
Hiru helburu
Hiru helburu nagusi izango ditu kanpainak. Hasteko, hiri eta herrietako mugikortasunean dauden arazoen berri eman gura diete herritarrei, eta zehazkiago, lantokietara joan-etorriek sortzen dituzten arazoen gainean informatu. Beste helburu bat da lantokietara joateko autoen eta motorren aurrean dauden aukera errealen berri ematea. Horrek oinez edo bizikletaz joateko dauden azpiegiturak eta baliabideak ezagutaraztea eskatzen du, eta era horretan jendeak joan-etorriak bizikletaz egitearen inguruan izan ditzakeen kezkak eta beldurrak uxatzea lortuko litzateke. Eta azkenik, hirugarren helburua da bizikletaren erabilerak dakartzan onurak pertsonalki probatzeko aukera ematea.
Ekimen aitzindaria
Esandako moduan, esperientzia aitzindaria izango da: "Esperientzia pilotu moduan hartu behar dugu eta gero ondorioak aterako ditugu. Asmoa izango litzateke, ahal den heinean, esperientzia zabaltzen joatea", azaldu du Erroitzeneak. Sustapen proiektuaren aurrekontua 30.000 eurokoa izango da. Kontzientziazio lana garrantzitsua bada ere, bultzatzaileek argi dute erabiltzaileei eta enpresei azpiegitura egokiak eskaintzea ezinbestekoa dela eta horretarako laguntza lerro bat prestatu dute. Laguntza lerro hori enpresek bizikletendako aparkalekuak jartzeko erabiliko litzateke.