"Baserri inguruan beti ibili izan naiz; baina, egia esan, ganadu artean, oso gutxi". Eta Askazubin ere txerriak ohikoak ez, nola, kopuru horietan ez: "Etxerako jartzen zirenak!". Ba hara non, behinola erabaki zuen txerri-ustiategia jartzea baserrian: "Nahiz eta niretzat mundu erabat ezezaguna izan". Baserriko lurrei probetxua ateratzearren hartu zuen erabakia: "Eta zerbait berria ikusi guran edo ikasi guran".
Txerrizaleok elkarteko kide bilakatu, eta euskal labeldun txerrikitarako –2013an sartu zuten txerrikia labelean– animaliak hazten dituzten 30 inguru abeltzainetako bat da Lizaur, Debagoienean bakarra: "Aske hazitako txerriak dira". Aterpearen ondoan hesitutako beste gune txiki bat dute, jatekoarekin eta edatekoarekin, eta inguruan zelaia, zabal: "Gorputz apur bat hartu arte txabola inguruan edukitzen ditugu, eta hirugarren edo laugarren astetik aurrera zelaira zabaltzen ditugu [bi hilabete izaten dituzte baserrira iristerako]; eta lau bat hilabetez euren kasa ibiltzen dira, trankil-trankil, bai txabolan edo bai zelaian".
Elikadura da labeldun txerriok bereizten dituen beste gauzetako bat: "Jaten dute zelaiko belarra, arboletatik erortzen den zer edo zer, eta pentsu naturala", dio. Eta kanpoan ibiltzeak eta elikadurak egiten ei dute diferentzia gero haragiaren kalitatean.
Merkaturatzea elkarteak egiten du: "Baserritarrok arduratzen gara bakarrik txerriak hazteaz. Elkarteak hor laguntza handia ematen du". Eta, horrela, Lizaurrek dio eguneko ordu pare bateko lana baino ez duela eskatzen txerri-ustiategiak: "Ondo ote dauden ikusi; gaixoren bat baldin badago, tratatu... Kontrol apur bat eraman behar da, baina ondo edukiz gero prestatuta eta ondo eramanez gero...". "Honekin hasi aurretik argi nuen ez zidala denbora larregi kendu behar", dio, duela urte eta erdi hasitako bidea "erabat positibo" jotzeaz batera: "Mordo bat ikasi dut".