Martin Garitano diputatu nagusia: "Deskargan ez dugu bidesaririk jarriko"

Eneko Azkarate 2014ko mai. 30a, 08:43

Egunotan Debagoienean birritan izan da Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia: Arrasaten eta Bergaran. Enplegua sustatzeko plan bat aurkezten eta herritarrekin herriko gorabeheren gainean berbetan. Goienan ere izan da. Gipuzkoa izan du aztergai, baita Diputazioaren jarduna eta azken hauteskundeak ere.

Pasa zaizu ikurriñaren omenaldiko ekitaldiko sustoa?
Egia esan, nik ez nuen sustorik izan. Ingurukoek bai, ordea. Eta susto mediatikoa izan zen, gainera, hedabidez josita zegoelako. Gero, jakin dut jende askori gertatzen zaizkiola halakoak; jakina, gutxiri Donostiako Gipuzkoako plazan eta jendez eta hedabidez inguratuta… Ekitaldiaren aurretik ere aitortu nien gertukoei ez nengoela oso santu, urduri nengoela. Jeneralean kafea hartzen dut goizetan eta egun horretan ezki-ura hartu nuen. Aitortu behar dut, hiru urte abiadura honetan jardunez eta ia 51 urterekin, halako fakturak ordaindu behar izaten direla.

Eguneroko ohiturak aldatu dituzu?
Azterketa sakona egin ostean, medikuek gomendatu ddate lasaiago hartzeko. Baina zaila da diputatu nagusi naizen aldetik.

Diskurtso hunkigarria ei zeneukan prestatuta ikurrinaren omenaldi egunerako. Penaz geratu zara ezin irakurri izanagatik?
Espainiako gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria daukagu eguna joan eta eguna etorri egiten dugunari helegiteak jartzen. Eta, kasu honetan, behartu gintuen Diputazioko eraikinaren balkoi nagusian Espainiako bandera jartzen. Hori zeharo mingarria da guretako eta horren aurrean erabaki genuen ikurrina jartzea Gipuzkoako plazan eta gipuzkoar guztiak deitzea omenaldi batera. Errespetutik abiatutako ekitaldi bat zen. Munduko ikur guztiak errespetatzen ditugu eta errespetu bera eskatzen dugu guretako. Urkixok nahi duena egin dezake bere bulegoan, baina baita geuk ere. Ikurrinak, gainera, kate luzea, historia luzea du eta jende askok eman du bizia edo sufritu du hura defenditzeagatik. Hori da esan nahi nuenaren izpiritua.

Arrasaten enplegua sustatzeko aurten gauzatuko den proiektua aurkeztu duzue gaur. Zer da?
Agintaldi hasieratik hainbat proiektu sustatzen dihardugu eskualdez eskualde eta, bestetik, Arrasate krisiagatik bereziki kaltetua izan da. Hortaz, Udalarekin eta Jaurlaritzarekin batera hainbat ekimenetan parte hartzen ari gara, diruz laguntzen. Orain, langabeei laguntzeko, goi titulatuei laguntzeko edota lan azoka bat bultzatzeko laguntza eman dugu. Arrasateko Udalaren ekimena da, lurraldeko beste udalerri batzuek ere egiten diharduten modukoa. Esfortzu handia egiten ari dira udalerriak horren txarto pasatzen ari direnei laguntzeko.

Gipuzkoako enpresek bizi duten egoera larriari aurre egiten laguntzeko ezer gutxi egitea leporatu dizue oposizioak.
Oposizioaren papera omen da, ni ados ez egon arren. Baina, oro har, Diputaziora heldu ginen lehen egunetik ez dugu bakerik izan. Ez da egia krisitik ateratzeko ez dugula ezer egiten. Beste batzuek ere egingo zuten, baina guk ere bai. Proiektu asko bultzatzen ari gara. Hauteskundeetako emaitzak ikusita, badirudi herritarrak ez datozela bat oposizioak dioenarekin.

Fagorren krisian zer egin du Foru Aldundiak?
Industria ez da Diputazioaren eskumena, baina Fagorren arazoa ezagutzen genuen eta krisiak eztanda egin eta hurrengo goizean batzartu ginen taldeko arduradunekin. Beste erakunde batzuekin ere egon ginen, langileekin… Debagoieneko Garapen agentziaren esku dirua jarri dugu…

Ze aurreikuspen egiten duzue Foru Aldunditik aurtengorako krisiari dagokionean?
Prudentzia behar da. Iazko datuak baino okerragoak ez dira. Aldaketarako daturik bada, onerako da, txikia izan arren. Ez gaitezen engainatu, halere: krisiak luze joko du. Aurreko egoerara itzultzea zaila izango da. Finantza erakundeen arloa eta langileen egoera eta baldintzak, biak, hartu behar dira kontuan. Atzera egin dute langileen baldintzak. Langileek borroka egin beharko dute eta erakundeen inplikazio handia beharko da. Tamalez, baina, ez du ematen beste batzuek hori onartzeko gertu daudenik.

Adegiri buruz diharduzu?
Interes ezberdinei erantzuten diegu eta uste dut batzuen gosea aseezina dela eta krisi garaian batzuek aprobetxatu nahi izaten dutela etorkizunerako joko arauak eta lan baldintzak aldatzeko. Hori ez da zilegi, nire ustez. Normala da krisi garaian atzera egitea, baina aurrera egin behar da gauzak hobetzen direnean.

Bestalde, Herritarrekin herrira egitasmoaren barruan, Bergaran izan zara herritarrekin batera. Zer moduz egitasmo hau beste herri batzuetan?
Oso ondo. Diputazioarendako lan tresna egokia da. Hala ulertzen ditugu jardunaldi edo batzar hauek. Alkateekin-eta izaten gara, herriko proiektuen berri badaukagu, baina herritarren kezkak bertatik bertara ezagutu nahi ditugu. Errealitatea hobeto ezagutzeko. Egun osoa ematen dugu herrietako eragileekin.

Zerk kezkatzen ditu herritarrak?
Inbertsiorik ezak. Dirurik ezak hainbat proiektu aurrera ateratzeko. Proiektu interesgarri asko daude, baina horiendako finantzazioa topatzea ez da erraza. Laguntza eske datoz udaletatik, baina gure eskumena ez delako edo une honetan dirurik ez dugulako, ezin diegu erantzun. Txanponaren alde iluna da hori, baina bestelakoa da zelako herri ekintzaile eta dinamikoak dauzkagun, adin guztietako jendez osatua, gainera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 28 milioi euro erabiliko ditu pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egiteko. Zer egingo duzue?
Espainiako gobernuak bultzatzen dituen gizarte politikak erabat atzerakoiak dira eta ez ditugu aintzat hartzen. Hori gainditzeko eta saihesteko dirua jartzeko prest daude. Foru Aldundiaren aurrekontuaren erdia gizarte politiketara bideratzen dugu. Beharrezkoa da diru hori bideratzea.

Ahultasun egoeran zeuden 14.080 pertsona babestu zituen foru administrazioak iaz. Ze profileko jendea da hori?
Errealitatean marjinatuak dira, baina gu moduko jendea da behar gorrian dagoena. Profila aldatu egin da azkeneko urteotan. Estereotipoak hautsi. Guztiok daukagu oso gertu laguntza horren premian dagoen norbait. Zorionez, lotsa galtzen ari da jendea eta, gaur egun, premia daukanak, eskatu egiten du laguntza. Eskubide bat da, ez da limosna. Horrek normalizatu egiten du gizarte politika.

Gizarte Zerbitzuen Legea adostu nahian zabiltzate euskal erakundeek. Akordiorik lortuko duzue?
Foru Aldundiaren borondatea horixe da eta, horretarako, proposamen zehatza egin dugu. Proposatzen dugu, batetik, aurrera egitea eta, bestetik, Espainiako gobernuak agindutakoa ez betetzea. Gizarte Zerbitzuen Euskal Legea aurrerakoia egitea nahi dugu.

Pozik hauteskundeetako emaitzekin?
Bai, oso pozik. Uste dut ondo pasatu dugula errebalida. Ika-mika artifizialak sortu dira urte hauetan, baina hauteskundeek erakutsi dute Gipuzkoan nagusi garela.

Alderdi abertzaleak indartuta atera dira?
Bai eta hori positiboa da, baldin eta abertzaletasun hori aktibatzen bada.

PPk eta PSOEk behera egin dute nabarmen…
Bai, zigortuak izan dira, besteak beste, krisiaren kudeaketa okerra egitearren. Merkel-en txotxongilo moduan agertu dira eta hori igarri du jendeak.

Zela baloratzen duzu Podemos-ek lortutako emaitza?
Badago haserre bat herritarren artean eta horrek isla izan du. Beste gauza bat da haserre hori sustraituko den, mamituko den edo egun bateko kontua den. Denborak esango du. Europan eskumako muturrekoak indartu diren moduan, Espainian eta hemen ezkerrerantz egin du botoak. Sistema honen kontrako erantzuna da.

Europa beharrezkoa da?
Bai. Europarrak gara beste askok baino lehenago. Beste kontu bat da ze Europa eraikitzen ari garen. Merkel-ena edo Hollande-rena ez dugu nahi. Azken honek ere erakutsi du Europako Banku Zentraleko bukanero koadrila horren mendean dagoela. Merkatuak ez dira estralurtarrak. 30 bukanero dira: herritarrekin zer egin erabakitzen dutenak; euren nahieran hartutako erabakiak hartzen dituztenak.

Rubalcaba eta Lopez badoaz…
Hemendik badoala esan du Lopezek. Ikusi behar nora.

Deskargako obrak bide onetik doaz?
Bai eta epeen barruan amaitzea espero dugu, datorren urteko apirilerako zabalik izango da. Bi zati dira, bata Bidegiren eskumenekoa eta bestea Diputazioarena. Bidegirena, goikoa, azarorako amaituko dute.

Horrekin lotuta, lan istripua gertatu zen maiatzaren 16an Deskargako lanetan, nahiz eta zauriturik ez egon. Zer gertatu zen?
Zorionez ez zen zauriturik egon, baina bi kamioik aurrez aurre talka egin zuten. Larriena da hedabideen bidez enteratu zela Diputazioa. Horregatik, ikerketa irekitzea eskatu dugu. Sindikatuei baimen guztiak eman dizkiegu bertaratu daitezen eta ikuskatu dezaten ingurua. Gure eskuetan dagoena egin dugu.

Bidesaririk jarriko duzue?
Ez. Foru araurik ez dago bidesarien gainean. Ez dugu adostasunik lortu Batzar Nagusietan. Gainera, kontua ez da Deskargan bidesaria jartzea, lurralde osorako plana egitea baizik. Ez delako bidezkoa debagoiendarrek bakarrik ordaintzea era honetako azpiegiturak erabiltzearren. Bidesarien politika serioagoa da. Erabiltzaile guztiek ordaindu behar dituzte errepideak, baita lurraldea zeharkatzen duten kanpotarrek ere. Errepideak egiteaz gain berriztu behar direlako.

Hurrengo agintaldirako geratuko da bidesarien gaineko adostasuna?
Bai, arazoa hor daukagu gipuzkoarrok. Ez genuen gai honekin borroka politikorik egin nahi, baina… 150 milioi euro behar dira urtero errepideen mantenurako. Hurrengo datozenendako lana izango da, ze foru aurrekontuetatik bideratzea ezinezkoa da.

Zu zeu ez zara egongo?
Goizegi da horri erantzuteko, urtebete geratzen zaigu amaitzeko; asko da. Luze eta nekagarria da lan hau, kazetari lana samurragoa da.

Orain arte egindakoarekin gustura?
Oso gustura. Gehienbat, oso lan talde ona daukadalako. Horrenbeste urte legez kanpo-eta egon ostean, erakundeetan sartzean, lehen urtea joaten da kokatzen; bigarrena, proiektuak txukun garatzen hasten eta aurten ari gara ikusten errealitatean hainbat proiektu. Geratzen zaiguna politagoa izango da.

Egiteko geratzen zaizuenen artean, ze nabarmenduko zenuke?
Nahiko nuke zerga erreforma gauzatzea, hobetzea, finkatzea. Horrekin, bermatzeko diru sarrerak. Eta, baita ere, gizarte politikak blindatzea. Beste alde batetik, aitzindari izatea Europan hiri hondakinen kudeaketan. Horretan, urte batzuk barru, harro egongo gara gipuzkoarrok eta horrenbeste astakeria esaten ari direnak lotsatu egingo dira.

Diputazioaren datuen aranera, Gipuzkoak %11 murriztu ditu zabortegira bidalitako hondakinak aurtengo lehen lau hilabeteetan. Pozik?
Bai, eta Debagoienean %27,2 da murriztu dena. Pozgarria eta erakusgarria da. Bide hori jorra daitekeela erakusten du.

Balkoietan horrenbeste zabor poltsa ikusi arren?
Bai, baina azkeneko hauteskundeetako emaitzetan ez da hori islatu. Bestetik, 170.000 tona hiri hondakin sortzen ari gara eta, horretarako, argi eta garbi, ez dago errauste plantaren beharrik. Hura abian balego, edo erabat defizitarioa izango litzateke edo, bestela, hondakinak beste nonbaitetik ekarri beharko genituzke gurean erretzeko. Ez dauka zentzurik. Astakeria da. Eztabaida parametro logikoetatik kanpo dago. Europak dio soluzio egokiena ez dela hondakinak erretzea.

Non kokatuko da inerteak tratatzeko zabortegia?
Batzar Nagusietan eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan erabakiko da. Aurki jakingo dugu. Baina fokua ez dugu jarri behar kokapen tokian. Dena dela, ez da zabortegia izango, bildulekua baizik.

Turismoari dagokionez, errekorrak gainditzen dihardu Gipuzkoak. Zergatik dela uste duzu?
Esan behar dut Diputaziora heldu ginenean entzun genuela turismoa desagertu egingo zela. Eta alderantziz gertatu da. Zergatik? faktore askorengatik. Batetik, Gipuzkoak oso eskaintza ona daukalako; ostalaritza ona daukagulako; sustapenean asmatu dugulako… Donostiako Zinemaldiaren edo Musika Hamabostaldiaren aldeko apustua egin dugu eta arrakastatsua izan da. Baina ez da gure meritua bakarrik. Gipuzkoa herrialde erakargarria da, berezko dohainak dauzka.

Donostia 2016. Zer gertatzen ari da?
Zalapartari asko dago inguruan, baina taldeak lanean jarraitzen du eta ondo, gainera. Egia da talde ezberdinak izan direla eta Odon Elortzaren proiektua izan zela hasieran eta haren lan taldeko batzuk joan zirela. Baina batzuek interesa daukate errealitatearen aurka eginda ere, dena txarto doala esateko. Gure borondatea da 2016 inflexio puntua izatea lurralde osoarendako.

Lurraldeak zertan igarriko du Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburua dela?
Gure kezketako bat da. Gure planteamendua da Donostia ez ezik, lurraldea eta Euskal Herri osoa kokatzea munduko mapan.

Azken kontu bat, Eibar lehen mailara. Sinestezina?
Lortu dute gauza bat: Gipuzkoan oso ezaguna den hedabide baten Garitano bati buruz ondo berba egitea. Sekulako lorpena izan da, egia esan. Nahikoak dira eibartarra euren burua zoriontzeko, baina zoriontzekoa eta txalotzekoa da lortu dutena.

Foru Aldundiak lagunduko dio Eibar KEri hapital handitzean?
Lehen mailan telebistako taldeei ematen zaien diruarekin arazoa desagertzeko bidean dagoela uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak