Arrasatearrek gazte eta senior mailako partiduak irabazteko esperantza dute txapelketan aurrera egiteko. Bergararrek ordea, aukera guztiak galdu dituzte, kadete eta gazte mailetako partiduak irabazteko aukera gutxi dituztelako, eta joanekoan lau eta sei tanto bakarrik egiteko gai izan zirelako.
Arrasate-Astigarraga
Arrasatearrek galdu egin zituzten kadete eta gazte mailetako partiduak: 9-22 eta 17-22, hurrenez hurren. Kadeteen partidua parekatua egon zen bederatzigarren tantoraino. Handik aurrera, 22.era zuzenean joan zen Astigarragako bikotea. Azpimarragarria da, Astigarragako aurrelariaren lana. Tanto ederrak egin zituen.
Gazte mailakoa parekatuagoa izan zen, eta arrasatearrek irabazteko aukerak izan zituzten. Etxekoek infantil mailako jokalari batekin jokatu behar izan zuten –Egiak ez zuen jokatu–, eta horrek desorekatu zuen apur bat arrasatearren bikotea.
Garaipen bakarra, senior mailan lortu zuten. Bolinagak eta Zuazuak 22-16 irabazi zuten. Partiduak hiru zati nabarmen izan zituen: etxekoak 11-1 aurreratu ziren; azkoitiarrak 14-13 hurbildu ziren; eta arrasatearrek 22-16 irabazi zuten. Azpimarragarria da Ibai Bolinagak jokatutako partidua.
Kanporaketako itzulerako partiduak Astigarragan jokatu dituzte, eta aurrera egiteko aukera bakarra, gazte eta senior mailako partiduak irabazi eta tanto gehiago egitea da.
Bergara-Azkoitia
Bergarako pilotariak egubakoitzean jokatu zuten Herri Artekoaren bigarren kanporaketa, Azkoitiaren kontra neurtu zituzten indarrak.
Kadete eta gazte mailetako partiduak aise galdu zituzten: 4-22 kadetetan eta 6-22 gaztetan. "Maila horietan irabazteko aukerarik ez daukagu. Ezta itzulerako partiduak ere. Gainera, tanto askoko aldea atera digute eta ia ezinezkoa da emaitzei buelta ematea", esan digu Reyes Azkoitiak.
Lehen bi partiduak alde nabarmenarekin galdu ostean, hirugarrena, senior mailakoa irabazteko gai izan ziren. 22-5 menderatu zuten Azkoitiako bikotea.
Itzulerako partiduak aste bukaeran jokatuko dituzte.