Herri arteko bidegorrietako kontagailuen 2013ko datuak aztertu eta hainbat datu esanguratsu kaleratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrez gain, erabiltzaileen artean egindako inkestaren berri ere eman du. Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek, Mugikortasuneko zuzendari Unai Erroitzeneak eta Mugikortasun Departamentuko teknikari Edorta Berguak ezagutarazi dituzte datuak, eta Aldundiak bizikletaren erabilera sustatzeko martxan jarritako Bizikletaren Estrategiaren berri ere eman dute.
Gipuzkoako Bizikleta Bideen Foru Sareko 17 bidetan egin dute azterketa. Izan ere, zenbait bide berritan oraindik ez dago kontagailurik eta, beraz, kontaketatik kanpo geratu dira. Debagoienari dagokionez, Soraluze-Bergara (4 km.), Eskoriatza-Aretxabaleta (3,5 km.) eta Antzuola-Bergara (1,5 km.) tarteak hartu dituzte kontutan.
Emandako datuen arabera, aztertutako 17 bidetan, 2012an baino txirrindulari gehiago ibili ziren 2013an.
Debagoieneko datuak:
- Eskoriatza-Aretxabaleta tartean, 186.879 bidaia egin ziren 2013an; %81 oinez, eta %19 bizikletaz.
- Soraluze-Bergaran, 182.405 joan-etorri egin ziren; %68 oinez, eta %32 bizikletaz.
- Antzuola-Bergaran, 46.098 bidaia egin ziren; %83 oinez, eta %17 bizikletaz.
Datu orokor esanguratsuenak:
- 3.211.000 joan-etorri izan ziren; batez beste, 8.823 bidaia, eguneko.
- Horietatik 2.323.000 oinez izan ziren (%72); eta 889.000, bizikletan (%28).
- Kontagailu sistema ezarri zenetik, 2008tik, oinezkoen erabilera %60 igo da; eta txirrindularien kasuan, %208.
- Datu orokorretan ikus daiteke 2013an bidegorrien erabilera apur bat jaitsi dela, %1,6 hain zuzen, baina datu hori ulertzeko kontuan hartu behar da 2013. urtea oso euritsua izan zela, 2012an baino% 41 euritsuagoa, egindako azterketaren arabera.
- Hala ere, foru ordezkarien hitzetan, azpimarratzekoa da, euriari aurre eginez, Gipuzkoako bidegorrietan aurreko urtean baino %5,5 txirrindulari gehiago izan direla; egunero, batez beste, 2.440 bidaia egin dira. 2012an bidaien %26 izan zen bizikletaz eta 2013an %28.
- Bizikleta bideak lan egunetan erabiltzen dira gehien, joan-etorri guztien %71.
- Udaberrian eta udan pilatzen dira urteko bidaien %57.
Erabiltzaileen iritziak
Kontagailuen datu hutsez gain, erabiltzaileei egindako inkesten bidez ere beste hainbat datu batu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak:
- Erabiltzaileak, txirrindulariak nahiz oinezkoak, oso pozik daude bidegorriekin: 7,5 eta 7,7 balorazioa eman diete, hurrenez hurren.
- Txirrindulariek ondoen baloratutako bizikleta bideak Zizurkil-Asteasukoa eta Eskoriatza-Aretxabaletakoa dira (8,1), eta oinezkoen aldetik ere azken hori da ondoen baloratutakoa (8,2).
- Txirrindularien %83 gizonezkoa da, eta batez besteko adina 42 urtekoa.
- Txirrindularien artean bidegorriak, nagusiki, aisialdirako eta kirola egiteko erabiltzen dira, baina, hala ere, bidaia guztien %29 derrigorrezko mugikortasunarekin (lana, erosketak, bisitak edo bestelako gestioak) lotuta daude.
- Egindako azterketaren arabera, emakumezko txirrindularien artean, eta batez ere bidegorria existitu aurretik bizikleta erabiltzen ez zutenen artean, bizikletak garraiobide gisa jokatzen duen papera nabarmen handiagoa da (bidaien %43 derrigorrezkoak dira emakumezkoen artean eta % 53 txirrindulari "berrien” artean).
- Oinezkoen artean %53 gizonezkoak dira eta batez besteko adina 56 urtekoa da.
- Oinezkoen artean, bidegorriak aisialdirako, paseorako eta kirola egiteko erabiltzen dira bidaia guztien %96etan.
Aldundiaren esanetan, "Foru Bizikleta Bideen Sareko erabiltzaile kopuru handiak eta haien iritziek adierazten dute sareak herriarteko mugikortasun iraunkorrean duen funtzio garrantzitsua"; hala ere, horretan lanean jarraitu nahi du Aldundiak eta, horretarako, Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia egiteko prozesua jarri du martxan.
Helburua: bizikleta mugikortasun tresna bihurtzea
Aldundiaren Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuaren erronka nagusietako bat da bizikleta mugikortasun tresna garrantzitsu bihurtzea: "Bizikletaren erabilera areagotu egin da azken urteetan, baina Europako beste lekuetako portzentajeetatik oso urruti gaude oraindik, izan ere, hainbat lekutan mugikortasunaren %20 bizikletaz egiten da; hemen, %2,4".
Horretan aurrera egiteko Bizikletaren Estrategia egiteko prozesua jarri du martxan Aldundiak, hau da, 2014tik 2022ra bizikletaren erabilera areagotzeko plana.
Plana egiteko lehenik eta behin aurre diagnostikoa egiteari ekin dio Aldundiak, eta horretarako bi arlotan ari da lanean: batetik, Aldundian eta gainerako administrazioetan arlo horretan zertan ari diren aztertzen ari da; eta bestetik, ikerketa soziologikoa ere egiten ari da, Gipuzkoan zenbat txirrindulari dauden jakiteko eta, batez ere, txirrindularien eta txirrindulari ez direnen ezaugarriak, iritziak eta jarrerak ezagutzeko, estrategia ongi bideratu ahal izateko.
Tailerrak, eskualdeetan
Aurre diagnostiko hori oinarri hartuta, eskualde mailako tailerrak antolatuko dira, eskualde bakoitzeko eragile nagusiekin: udalekin, mankomunitateekin, profesionalekin, elkarteekin... Eta tailer horietan, bizikleta ikuspegi askotatik aztertuko da: mugikortasun iraunkorra, bizikleta eta garraio publikoa, osasuna, hezkuntza, turismoa eta… Aurre diagnostikoa aberastu eta ildo nagusiak zehaztuko dira, modu horretan.
Horrekin guztiarekin, lan ildo eta programa zehatzak egingo dira, administrazioen arteko koordinazioa bultzatuz. Horrez gain, 2015erako kudeaketa plana egingo da, Aldundiak zehazki zer egingo duen jasotzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren erronka nagusietako bat da bizikletaren erabilera sustatzea, eta espero du Bizikletaren Estrategiak emaitzak ematea, epe motzean.