Debagoieneko proiektuak finantzatzeko ere ari dira eskaerak iristen Fiarera

Julen Iriondo 2014ko mai. 9a, 13:46

Fiare Banku Etikoa ari da poliki-poliki Debagoienean zabaltzen. Arrasaten aurkezpena egin zuten atzo, eta bertan esan zuten, adibidez, Oñatin eta Eskoriatzan bi proiektu interesgarri finantzatzeko elkarrizketetan ari direla. Gure bailaran 52 bazkide ditu gaur egun Fiare Banku Etikoak.

44 pertsona eta 8 elkarte eta erakunde ditu bazkide Debagoienean Fiare Banku Etikoak. Oñatikoa Bergarakoa daude, adibidez, Gipuzkoan Fiareko bazkide diren bederatzi udalen artean, eta laguntzaile da Aretxabaletakoa. Denera, berriz, 500 dira gaur egun Fiarek Gipuzkoan dituen bazkideak, eta asmoa da urtea amaitu aurretik 200 gehiago izatea.

Espainia osoan soilik hiru bulego eta zortzi langile edukita, dituen 500 boluntarioei esker aurrera egiten duen proiektuko kideak gustura daude bailaran edukitzen ari den bilakaerarekin, kontuan izanda iaz hasi zela gurean eratzen. Tokiko taldeak sortu dira Aretxabaletan, Oñatin eta Arrasaten, eta beste herrietara ere zabaldu nahi dute.

Arrasaten eguaztenetan bi orduz zerbitzua ematen duen Jose Luis Iñarra kaleko lokalari, gainera, Aretxabaletako Errekabarrengoa gehitu zaio, eguenetan ordubetez egongo dena. Horrez gain, finantzazio eskariak ere ari dira iristen.

Proiektuak finantzatzea erabakitzerakoan begiratzen dutena izaten da bideragarriak ote diren eta ea bat egiten duten, gizarte eraldaketa helburu, Fiarek dituen balio etiko eta sozialekin. Gipuzkoan, 2.600.000 euro ditu Fiarek bezeroen aurrezkietan. Maileguetan emanda, ostera, 400.000 euro. Alde handia batetik bestera, beraz, eta diru kopuru polit bat beharra luketenei mailegatzeko moduan.

Bilbon sortu zen Fiare 2005 urtean, eta gaur egun 5.000 bazkide, 5 milioi euroko kapital soziala eta 42 milioi euro ditu gordailutan. Bazkide egiteko 300 euroko ekarpena egin behar dute pertsona fisikoek, 600 eurokoa irabazi asmo gabeko pertsona juridikoek eta 1.800 eurokoa gainontzeko entitateek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak