Anduezaren gazte-tribua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko api. 11a, 15:23

John Andueza, 'San Ferminetan Lesakan' liburu berria eskuetan duela
2012an kaleratu zuen 'Larunbatean Bukowskin' gazteentzako nobela arrakastatsuaren ondoren –laugarren edizioa argitaratzeko bidean dago–, Donostiako Bilintx institutura itzuli da John Andueza 'San Ferminetan Lesakan' lanarekin. Eguaztenean aurkeztu zuen Donostiako Udal Liburutegian. 13 urtetik gorakoendako da, 160 orrialde ditu eta paperezko liburua, 13.50 eurotan dago salgai; e-pub-a, berriz, 9 eurotan.

Nobela alaia, animatua, umorea eskaintzen duena eta irakurterraza dela dio egileak eta aurrekoaren bidetik badoa ere, ez dela jarraipena. "Espiritu berdinarekin egindako liburua da, umore klabetik doa eta ikastetxe berean dago kokatuta; baina oraingoan, ikasketa-amaierako bidaia egiteko asmoa duten DBH. 4. mailako ikasleak dira protagonistak. Bidaiarako dirua lortzeko hainbat ekintza antolatuko dituzte, baina ezustekoak ere izango dituzte tartean" dio John Anduezak.

Gazteekin konektuta

Hiztegia aldamenean izan barik, samur irakurtzeko eta ondo pasatzeko tresna eman gura izan die Arrasateko idazleak berriz ere gazteei: "Askotan irakasleek zailtasunak izaten dituzte gaztetxoei euskal literatura gomendatzeko, sarritan idazleok gauza astunak idazten ditugulako. Liburu honekin ez dut uste protestarik egingo dutenik. Iruditzen zait, musika arloan ezik, orokorrean, euskal kulturan erdi abandonatuta daudela gazteak eta haurrak izateari uzten diotenean, murriztu egiten zaiela eskaintza. Badakit gazteentzako idatzitako literaturak ez duela aparteko prestigiorik, baina erronka polita iruditzen zait eurekin konektatzen saiatzea" azaldu du idazleak.

Badirudi dagoeneko harrapatu dituela Anduezak gazteak:  "Azkenaldian, zazpi ikastetxetan izan naiz gaztetxoekin buruz-buruko tertulia literarioak egiten eta eurek esan zidaten, Larunbatean Bukowskin asko gustatu zitzaiela eta bigarrena ere gustura irakurriko zutela. Solasaldi guztietan jaso dut feed-back ona baina bitxiena, Portugaleleteko ikastetxean eman zidaten sorpresa izan zen. Hutsik zegoen antzeztoki batetan sartu ninduten eta bat-batean oholtzako oihala zabaldu eta 30 bat ikaslek, bakoitzak liburuko pertsonaia bat aukeratuta, sinopsiaren bospasei minututako moldaketa bat antzeztu zuten, niretako propio. Oso aberatsak izan dira gazteekin izan ditudan hartu-emanak" gaineratu du idazleak.

Gazteen eskaria aintzat hartuta, eta Elkar argitaletxetik ere bigarrenerako proposamena jasota, Gabonetan hasi zen istorioa marrazten. Etxean dituen bi nerabeei erakutsi zien lehenengo eta horiek, irakurtzen gozatu zutela ikusita bi hilabete inguruan bidali zuten inprentara.

Irakurleekin tribua osatuz

Hasierako asmoa bakarra idaztea bazen ere, bilduma bilakatzeko aukera ikusten du orain, Anduezak eta gazteekin batera osatzeko modukoa gainera: "Harremanetan jarraitu gura dut eurekin, orain artekoen iritziak jaso gura nituzke eta hurrengoetarako proposamenak jaso ere bai: pertsonaia berrien izen edo gaitzizenak edo beste hainbat kontu edo ideia luatzera gonbidatu gura ditut. Guztion artean, sekulako tribua osa genezake, elkarrekin jolastuta. Irakurle hutsa izan beharrean, proiektu guzti honen parte sentitzea gurako nuke gazteak. Horretarako honako Whatsapp zenbakia jarri dugu eskura: 688 820 861. Horrez gainera, www.Bukowski-tribua.com ataria ere sortu dugu" esan du, Anduezak.

Mondraren historiaz idazten

Azkenaldian zinema eta telebistatik lanenatik aldenduta, idazle moduan gustura dabilela dio Elgetan bizi den arrasatearrak: "Lehenengo lanak ateak zabaldu zizkidan Elkar argitaletxean, eta dagoeneko hiru eleberri ditut kalean. Orain, berriz, Mondra futbol taldearen mendeurrenaren liburua borobiltzen nabil, zuzendaritzako hainbat kiderekin eta nire bikotekide  Marianekin batera. Argazki zaharren aukeraketan murgilduta gaude orain. Hilabete gutxiren epean kaleratzeko asmoa dugu liburua".

Erlazionatuak

John Anduezarekin elkarrizketa Arrasate Irratian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014 api 14 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak