'San Ferminetan, Lesakan' liburua aurkeztu du John Anduezak

Goizean aurkeztu du liburua Donostiako Udal Liburutegian. Nobela alaia, animatua dela azaldu du, umorea eskaintzen duena eta irakurterraza. 'Larunbatean Bukowskin' nobela arrakastatsuaren ondoren –laugarren edizioa kaleratzear dago–, Donostiako Bilintx institutura itzuli da John Andueza liburu honekin; oraingoan, DBHko 4. mailako abenturak kontatzen ditu.

Euskal Herriko hainbat ikastetxetan ikasleekin Larunbatean Bukowskin nobelari buruz aurrez aurre izandako tertulien ostean animatu da, hain justu, San Ferminetan, Lesakan idaztera, bigarren zatia gustura irakurriko luketela transmititu diotelako.

Oraingoan, gainera, pauso bat aurrerago joan nahi izan du, eta irakurleekin harremanetan jartzeko bide zuzena proposatu du, Whatsapp bidez (688 820 861).

'San Ferminetan, Lesakan' liburuaren azala.

Sinopsia

Donostiako Bilintx institutura itzuli da John Andueza San Ferminetan, Lesakan lanarekin; oraingoan, DBHko 4. mailako abenturak kontatzen ditu. Danel eta Ximon lagunak dira protagonistak, baita Ximonen andregai Amaia, eta gelako tribu guztietako ikasleak ere: apatxeak, komantxeak, txerokiak, txeieneak, moikanoak eta baita payuk despistaturen bat ere. Ikasketa-amaierako bidaia egiteko asmoa dute, eta horretarako dirua lortzeko hainbat ekintza antolatuko dituzte. Baina ezusteko batek planak guztiz aldaraziko dizkie.

Zergatik nerabeentzat?

Nerabeak euskal kulturaren esparru gehienetan erdi abandonatuta daudela dio John Anduezak eta eurekin konektatzen saiatzeko prest dagoela gaineratu du: "Badakit gazteentzako idatzitako literaturak ez duela aparteko prestigio literariorik ematen, baina ez zait inporta. Ni prest nago eurekin konektatzen saiatzeko. Sekulako erronka polita iruditzen zait".

13 urtetik gorakoei zuzendutako liburua da. 13,50 eurotan egongo da salgai; e-pub-a, 8,80 eurotan.

John Andueza Arrasaten bizi izan da txikitatik eta Elgetan du bizitokia egun.

Erlazionatuak

John Anduezarekin elkarrizketa Arrasate Irratian

Arrasate

Anduezaren gazte-tribua

Arrasate Elgeta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.