'Castell'-en zutabe debagoiendarrak

Julen Iriondo 2014ko api. 11a, 11:00
Euren castell bat.
Pertsonekin egindako egitura bereziok ikusteko aukera izango da bihar –zapatua– Bergaran eta domekan Arrasaten (ikus Herriak sailean). Kataluniatik etorriko dira propio, hango kulturako adierazpen deigarrietako bat dena guri erakustera.

Badira, ordea, debagoiendarrak castell-en berri ondo dakitenak. Bat baino gehiago dira Katalunian bizi izaten egon eta colla –giza gazteluak egiten dituzten taldeei deitzen zaie horrela– bateko kide izandakoak edo gaur egun ere direnak. Horixe da Itziar Larrañaga oñatiarraren kasua.

2010ean joan zen Itziar Bartzelonara, ikasketa kontuengatik. Eta ordurako Castellers de Sants izeneko colla-n baziharduen beste oñatiar batek gonbidatuta, 2011ko irailean hasi zen hura ere: "Euskal Herrian euskal dantzetan ibiltzea bezala da", dio. Aukera ona ikusi zuen hango jendartean barneratzeko –katalana hobetzen ere lagundu diola dio–, eta animatu egin zen: "Jarraitzeko asmoa daukat, oso gustuko dut". 

Eta gustura ibiltzea garrantzitsua, ze dedikazio apur bat eskatzen duen jarduera da-eta casteller-ena: astean bost orduko entsegu finkoak izaten dituzte, eta horietatik aparte posizio edo teknika zehatzak ikasteko saioak ere bai aukeran. Eta ikuskizunak, normalean, martxoan hasi eta azarora bitartean, domekero, hilean behin izan ezik.

"Castell-ek duten gauza ona da fisikoki zaren modukoa izanda beti dagoela zuretzako aproposa den leku bat", dio. Hari oinarrian egotea egokitzen zaio, pisu guztia eusten den lekuan: "Inportantea da ondo kokatzea, eta baita burua ere. Oso-oso zanpatuta egoten gara, eta batzuetan kosta egiten da arnasa hartzea. Lasai egonda, ez da sekula oxigenorik falta izaten, baina urduri jarriz gero..."; hark inoiz ez duela arazorik izan dio. 

Gora igotzen dutenetakoa izateko irrikarik ez du: "Ez dut uste oso oreka onekoa izango nintzatekeenik"; ezaugarri fisiko egokiak izan behar direla dio, igotzen direnak "oso onak" izaten direla, eta txikitatik hasitakoak, normalean. Euren taldeak egiten duen gaztelu handiena? Bederatzi pisukoa: "Colla onenek hamarrekoak egiten dituzte".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak